Musika

Aitaren etxean, 502 presoarekin

St. Vincent musikariak 70eko hamarkadako glam doinuak ekarri ditu bere seigarren diskora: 'Daddy's Home'. Hamar urte kartzelan igaro ondoren, etxean da Annie Clarken aita.

Annie Clark - St. Vincent, 2017an, Kaliforniako Los Angelesen. JUSTIN HIGUCHI.
Gorka Arrese.
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun

Lehen diskoa argitaratu eta berehala, David Bowie eta Kate Bush musikarien talentuarekin alderatu zuten St. Vincent-en (Annie Clark, Tulsa, AEB, 1982) jarduteko modua, 2007an. David Byrnerekin batera plazaratu zuen Love This Giant, 2012an. Hurrengo argitalpena, St. Vincent izenekoa, 2014ko diskorik onena izan zen New Musical Express aldizkariarentzat eta The Guardian egunkariarentzat, eta onenetan bigarrena Time astekariarentzat. Goia jo zuen 2017an Masseduction lanarekin eta Grammy sariekin. Munduko gitarra jotzaile berezienen artean dago gaur egun. Zer gehiago espero behar zen harengandik? Aurten, otsailaren 25ean kalean ipinitako posterren bidez, iragarri zuen Daddy's Home diskoa argitaratuko zuela maiatzean. Eta hemen da.

Pay Your Way in Pain (Oinazez ordaindu zure bidea) kantuarekin abiatzen da hamalau abestiz osatutako albuma. Bleachers eta Fun taldeetako Jack Antonoff musikariarekin batera idatzi du pieza hori Annie Clarkek. Hiru minutukoa da, eta zenbaitek Bowieren Fame abestiaren oihartzunak entzun uste izan dituzte; beste batzuek, Princeren formak.

Antonoffek beste lau abesti gehiagoren konposizioan parte hartu du: The Laughing Man, Down, At the Holiday Party eta diskoari izena ematen dion Daddy's Home kantuan ere bai.

Aitarekin entzundakoak

Zein ote da St. Vincenten asmoa? Horixe pentsatu zuten musikazaleek, diskoa plazara agertu aurrez. Agian, hasteko, bere aitari etxean ongietorria egitea. Izan ere, 2019ko amaieran irten zen presondegitik, hamar urtez gatibu igaro ondoren. Milioi askoko jarduerak manipulatzeko sare batean parte hartzeagatik zigortu zuten. Hala uste dute batzuek, kontu pertsonal horrek bultzatu duela Annie Clark bere soinua eta estetika berritzera.

Honela dio Daddy's Home abestiak: «Autografoak sinatzen ditut bisita gelan, azkeneko aldiz zure zain. 502 presoa. Aitaren etxea. Estatuko jantzi berdea daramazu oraindik. Eta nik behera begiratzen dut, nire zapata italiar dotoreetara. Aitaren etxea, aitaren etxea». Eta, amaieran, kantatzen du: «Errugabe jaiotzen gara denok, baina santu batzuk izorratu egiten dira. Arraioa! Nora ihes egin dezakezu gaiztagina zeure baitan dagoenean?».

Gaur egungo bizimoduaren eta sistemaren kontrako kexa antzematen da diskoan barrena, portaera sozial orokorraren inguruko atsekabea. Sare sozialetako lintxamendu publikoak zilegi ote diren galdegiten du. St. Vincent inkonformista da berez, ez da isiltzen bidegabekeria baten aurrean dagoela uste duenean, eta bere zalantzak eta kezkak azaltzen dira hitzetan. Sentipenak eta ondoeza musika bihurtzen ditu, soinu pozoitsuz eta aldi berean ederrez. Estrabagantea izaten badaki doinuetan, baina sotiltasun berezikoa da beti. Ugaria formetan, erritmoetan, instrumentazioan, ahots moldeetan.

Aditu batzuek idatzi dute umetan aitak etxean ipintzen zion musikaren arrastoak ere sumatzen ahal direla han eta hemen: Stevie Wonder, Sly & The Family Stone, Steely Dan, Pink Floyd, Chords, Groove edo Funkadelic; eta aise igartzen zaizkiola eraginak: rhythm and blues, funk psikodelikoa, soft rock, glam... 70etako lehen bost urteetako New Yorkera bidaia bat egitea proposatuko balu bezala. St. Vincent ez da ezkutatzen eta ez da lotsatzen garai haietako musika erak kopiatzeko, moldatzeko eta garatzeko orduan.

Ekoizpenaz Annie Clark bera eta Jack Antonoff arduratu dira. Laura Siskek egin ditu grabaketak, Greenwich Village Electric Lady Studios etxean; nahasketak, Cian Riordanek; masterizazioa, Chris Gehringerrek, eta musikarien artean dira, Antonoffez eta Riordanez gainera, Evan Smith, Sam KS, Greg Leisz, Daniel Hart, Michael Leonhard, Lynne Fiddmont eta Kenya Hathaway.

Vintage erako bideoak

Oso ikusiak izan dira diskoarekin batera sareetan zabaldu diren lehen bi bideoak.

The Melting of the Sun abestiarena marrazki biziz egindako klip bat da, vintage itxurakoa, Bill Benzek zuzendua, eta omenaldia egiten die Joni Mitchell, Tori Amos eta Nina Simone musikariei, kantuaren hitzetan aipatuak.

Pay Your Way in Pain klipean dantzan ageri da, ilehoriz, alkandora arrosaz eta janzki berdez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.