Musika

Lagun artean kantuan

Radio Batuta Interneteko kateak Joao Gilbertoren 38 pieza ezagutarazi ditu hura jaio zela 90 urte bete diren honetan, haren ibilbidearen hasieran grabatu eta inoiz argitaratu gabekoak.

Astrud eta Joao Gilberto, 1960ko hamarkadaren hasieran. BERRIA.
mikel lizarralde
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Musikaren historiara izen larriz igaro diren horietako bat da Joao Gilberto abeslari, gitarrista eta konpositore brasildarra (Juazeiro, 1931-Rio de Janeiro, 2019). Ez alferrik, Antonio Carlos Jobim, Vinicius de Moraes eta beste hainbat musikari gazterekin batera, XX. mendearen bigarren erdia ezaugarritu zuen estiloetako bat sortu eta hezurmamitu zuen 1950eko hamarkadan: bossa nova. Beti gitarra lagun, Gilbertok jakin izan zuen estilo berri bat ezaugarritzen, eta herri kantu bilakatu diren hamaika abesti utzi zituen grabatuak, hala berak idatzitakoak nola besteengandik jasotakoak, batik bat haren lagun handi Jobimek idatzitakoak: Chega de Saudade, Desafinado, Insensatez, The Girl from Ipanema... Baina oihartzuna izan aurretik ere kantuak grabatu zituen Gilbertok, eta haietako 38k argia ikusi dute orain, musikaria jaio zela 90 urte diren honetan, Radio Batuta Interneteko katearen bitartez.

Radio Batutak hiru grabazio bildu ditu: 1959ko irailaren 10ean Jobimekin batera Carlos Coqueijo lagunaren etxean egindakoa bat; 1960ko azaroaren 18an Coqueijorenean hark bakarrik egindakoa bigarrena, eta 1960ko urriaren 29an Bahian Vinicius de Moraesekin eta Coqueijorekin berarekin izandako solasaldi batean grabatutakoa hirugarrena, guztiak ere lagun artean egindakoak eta karreteko zinta zaharretara eramandakoak; beraz, soinu kalitateari eta ñabardurari baino gehiago, momentuaren bakantasunari erreparatu behar zaio grabazioez gozatzeko. Izan ere, garai gozoan zegoen orduan Gilberto — 1959an atera zuen Chega de Saudade lehen disko arrakastatsua—, eta, hiru saio informal haietan, ordurako grabatutako kantuak, gerora diskora eramango zituenak eta ofizialki inoiz grabatuko ez zituenak interpretatu zituen. Azken horien artean daude, besteak beste, Jobimen eta De Moraesen Sem Você, Jose Menezesen eta Luiz Bittencourten Comigo é assim, eta Carlos Lyraren eta Ronaldo Boscoliren O bem do amor, eta baita Gilbertoren orduko emazteak, Astrudek, abestutako ingelesezko bi estandar ere: Let's Fall In Love eta Cheek to Cheek.

Baina, beste ezeren gainetik, grabazioek Gilberto bere eremurik gertukoenean erakusten dute: kantuak eteten ditu, hizketan hasten da lagunekin, pieza batzuk ahapetik abesten ditu... 1978an Coqueijo hil zenean, haren alargunak jaso zituen grabazioak, eta lehendabizi zintatik kasetera pasatu zituen, eta gero, kasetetik cd-ra. Orain, berriz, eta Edinha Diniz ikerlariaren bitartez, Radio Batutaren esku utzi ditu grabazioak. Baldintza bakar batekin: ez daitezen komertzializatuak izan. Ondorioz, Radio Batutaten webgunean dago material hori guztia, eta kantu bakoitzaren grabazioari buruzko oharrak ere jarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.