Oinordetza baten kantuak

David Bowie, Bob Dylan, Neil Young, The Cure eta beste batzuen kantuak jaso, eta taldearen moldeetara ekarrita eman ditu The Cowboy Junkiesek 'Songs of The Recollection' bilduman.

2025ean 40 urte beteko ditu The Cowboy Junkies taldeak. BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Musikari baino lehenago, musikazale izan ziren Margo eta Michael Timmins neba-arrebak, eta The Cowboy Junkies euren proiektuaren bitartez behin baino gehiagotan aitortu izan dute beste artista batzuen oinordetza. Whites Off Earth Now!!! (1986) taldearen lehen diskoa bera adierazpen bat zen alde horretatik: Robert Johnson, John Lee Hooker, Lighting Hopkins eta beste blues musikari batzuen moldaketekin batera, Bruce Springsteenen State Trooper-ena biltzen zuen. Eta The Trinity Session laudatuan, (1988) Hank Williams (I'm So Lonely I Could Cry) eta Lou Reed / The Velvet Underground (Sweet Jane) eraman zituzten euren eremura. Orain, berriz, taldea 40 urte betetzeko bidean sartuta dagoela, disko oso bat eskaini diete euren bizitzako kantu izan direnei.

«Ez ginen hazi sukaldeko mahaiaren inguruan musika jotzen eta harmonizatzen, baizik eta disko jogailuaren bueltan, lagunen diskoak entzuten eta memorizatzen. Eta gure adimena eta mundua zabaltzen zen entzuten genuenari esker». Margo eta Michael Timminsek ere helburu hori izan dute beti; beraien entzuleak hunkitzea musikaren bidez, haien munduak zabaltzea kantuari esker; eta zio horrekin grabatu dute bilduma ere, nahiz eta, kasu honetan, beraiek beste artista batzuen kantuen transmisore izan.

Aukeratutako artista eta kantuen zerrendak ez du zalantzarako tarterik uzten. Bi salbu, kantu guztiak The Cowboy Junkies sortu aurretik konposatu eta argitaratutakoak dira, eta haietako gehienak folk eta rock tradizioan egonkortutako musikari oso ezagunenak dira. Neil Young bitan azaltzen da, Don't Let It Bring You Down klasikoarekin eta Love in Mind ilunarekin, eta, haren ondoan, Gram Parsons (Ooh Las Vegas), David Bowie (Five Years), The Rolling Stones (No Expectations) eta Gordon Lightfood (The Way I Feel) azaltzen dira. Taldea sortu aurretikoa da The Cureren Seventeen Seconds ere, agian The Cowboy Junkiesen musika esparrutik urrutien dagoen kantua, nahiz eta Timmins neba-arrebek Youngen eskolako gitarra elektriko geldoekin jantzi duten.

Bi kantu besterik ez dira 1990eko hamarkadatik gaur egunera bitartekoak. Bata, I've Made Up My Mind to Give Myself to You, Bob Dylanek Rough and Rowdy Ways (2020) azken diskoan eman zuena, eta bestea, Marathon, Vic Chesnuttek bere buruaz beste egin baino bi urte lehenago grabatutakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.