Musika

Merezi duten kantuak

Robert Forsterrek bizpahiru kantu besterik ez du idazten urtean. Merezi duten abestiak. Eta, zakuan sortatxo bat daukanean, disko batean biltzen ditu. 'Inferno' du azken bilduma.

Robert Forsterrek bakarka grabatutako zazpigarren diskoa da Inferno. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Bederatzi kantu nituen, haietan seinesten nuen bederatzi kantu, eta Brisbaneko [Australia] nire etxetik kanpo atera nahi nituen». Esan eta egin. Robert Forsterrek(1957) Berlinera egin zuen joan den urteko udan Inferno bere bakarkako ibilbideko zazpigarren diskoa grabatzeko. «2015ean idatzi nuen Inferno (Brisbane in Summer) abestia, eta 2018ko udan, diskoa Berlinen grabatu genuenean, hamarkadetan izandako udarik beroenean eta klima aldaketaren gaia guztion ahotan zegoela, pentsatu nuen diskoarentzako izenburu egokia zela».

Inferno da lau urtean grabatu duen lehenengo diskoa; 11 azkenekotako bigarrena. Forsterrek berak abestiak egiteko duen erritmoaren neurria ematen dute datuek. «Urtean benetan merezi duten bizpahiru kantu egiteko erritmoa ezartzen diot neure buruari. Alde horretatik ez dut presiorik. Hamar edo hamabi kantu on ditudala uste dudanean, estudioan sartu, eta grabatu egiten ditut».

Gainera, azkeneko urteetan beste lan batzuetan ere aritu da. Alde batetik, musika kritika landu du hainbat komunikabiderentzat, eta, bestetik, Grant & I: Inside and outside The Go-Betweens liburua idatzi eta argitaratu du, The Go-Betweens taldeko parte zela, Grant McLennan kide eta lagunarekin (1958-2006) izan zuen harremanaren gainekoa. Inolako nostalgiarik gabe: «Badakit hau pixka bat arraroa izan daitekeela zenbaitentzat, baina gaur egungo ikuspegitik idatzi ditut memoria horiek. Inoiz ez dut pentsatu nolabaiteko nostalgia keinurik zegoenik The Go-Betweensi eta Granti buruz idaztean».

The Go-Betweensek bi garaitan egin zuen lan. Lehendabizikoa 1977an hasi eta 1989an amaitu zen, eta taldearen disko esanguratsuenak bildu zituen, oso kritika onak jaso arren arrakastatsu bilakatzeko muga gainditu ez zutenak (Spring Hill Fair, 1984; Liberty Belle and The Black Diamond Express, 1986; 16 Lovers Lane, 1988). 1990ean, Forsterrek eta McLennanek, bakoitzak bere aldetik, bakarkako bideari eutsi zioten, eta, hamar urte geroago, berriro elkartu ziren. Bigarren aro horretan hiru lan aipagarri grabatu zituzten, baina McLennanen heriotzak eten egin zuen proiektua. Behin betiko. «Oso harro nago taldeak egin zuenaz. Izugarri harro», aitortu du Forsterrek, bere fokua orainean dagoela gaineratu aurretik. «Atzera begiratu dezaket, baina begirada, batik bat, gaur egun egiten ari naizenean daukat».

McLennan eta Forsterrenaondo egokitu zen bikotea izan zen, batak bestea osatzen baitzuen, kantuak egiteko modu ezberdinak izan arren. «Grant konpositore bikaina zen, eta hori bera pizgarria zen niretzat, bere mailan egoteko, beti oso erne egon behar nuelako». Gaur egun ere bultzada horri jarraitzen dio Forsterrek, ahalik eta kantu onenak egiteko nahiari: «Pozik nago, uste baitut bakarka grabatu ditudan azkeneko hiru diskoak nik egindakoaren gailurra direla».

Berlinen berriro ere

2006an McLennan hil zenez geroztik Forsterrek egindako pauso bakoitzak bere zentzua izan du. The Evangelist (2008) lagunaren heriotzari aurre egiteko modua izan zen bezala, Songs to Play-k (2014) bizitzaz, inguruaz eta familiaz gozatzeko gogoz zegoen musikari bat aurkeztu zuen. Hain zuzen ere, landagune batean eraikitako estudio batean grabatu zituen, lagunez inguratuta, disko hartako kantuak. Inferno, aldiz, Berlinen grabatu du, Victor Van Vugt ekoizlearekin (Beth Orton, PJ Harvey) elkarlanean. Nolabaiteko aldaketa bat egin nahian, musikari profesionalekin egin du lan (Earl Harvin perkusionista, Michael Muhlhaus pianista...), eta, neurri batean bada ere, konexioa sortu du Danger in The Past (1990) bere bakarkako lehenengo diskoa izan zenarekin. Hura ere Berlinen grabatu baitzuen, Van Vugt ondoan zuela, eta, hartan bezala, Inferno-n pianoak ohi baino presentzia handiagoa baitauka.

Crazy Jane on the Day of Judgement-en pianoaren zertzelada dotoreekin hasten da, hain zuzen, diskoa, eta segidan dator No Fame, bere gitarra pasarte garbiekin, ezinbestean The Go-Betweensen garaiko pop harribitxiak gogora ekartzen dituen pieza. Ez da Forsterren melodiarako joera erakusten duen kantu bakarra. Hor dago Remain, Karin Baumlerren biolinak dotoreziaz jantzia, eta baita I'll Look After You balada sentikor eta, aldi berean, soila. Inferno (Brisbane in Summer) diskoko lehen singlea, berriz, Forsterrek bere bakarkako bidean inoiz egin duen kanturik zuzenena izan liteke.

Kantu horrek berak —ez da bakarra diskoan— ondo adierazten du Forsterrek denborarekin kantatzeko moduan izan duen garapena. Beti adierazi izan du ahots «mugatua» duela, baina Inferno-n bere ibilbideko interpretazio onenetakoak egin ditu, umorea eta dramatismoa uztartuz (Inferno), hauskor azalduz (One Bird in the Sky), eta inperfekzioak ere onartuz (Life Has Turned A Page). «Oso pozik nago disko honetako ahotsekin. Eta eroso ikusita nire ahotsa nola joan den aldatuz. Ez naiz inoiz izan Roger Daltrey [The Who] eta Robert Plant [Led Zeppelin]. Hasiera-hasieratik ezohiko ahotsa izan dut, eta gustura nago izan duen garapenarekin. Aldatu da, baina eroso nago harekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.