Musika

Kotizatzeko balorea

The Ladybug Transistor taldearekin ibilbide interesgarria egin ondoren, eta kantagintza utzia zuela zirudienean, Gary Olsonek bere bakarkako lehenengo diskoa kaleratu du .

Gary Olsonek bederatzi urte zeramatzan ezer argitaratu gabe. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun

Erakusten dutena baino gehiago izan daitezke zenbait artista, edo ematen dutena baino sendoagoak euren emariak. Sarritan artisau deitzen zaie, aurretik beste hainbatek eskuetan ibilitako buztinarekin lantzen dituztelako beren piezak, ageriko berrikuntzarik eman gabe. Iraultza artistiko eta estetikoari uko eginez, baina beren lan bakoitzean iltzatuta gelditzen diren kantuak bilduz. Horietako bat da Gary Olson musikari estatubatuarra. Hamarkada eta erdiz New Yorken finkatutako The Ladybug Transistor taldeko buru izan zen, eta aurten kaleratu du bere bakarkako lehen diskoa, Gary Olson (Tapete Records). Izenburua bezala, lan soila da Olsonen estreinako hau, itxura batean anbizio handia ere ez duena, eta, hala eta guztiz ere, molde klasikoko pop kantu apartak biltzen dituena.

 

The Ladybug Transistor 1995ean sortu zuen Olsonek berak, The Byrdsi, The Mamas & The Papasi, pop psikodelikoari eta 1960ko hamarkadako pop dotoreenari zion miresmena bere kantuen bitartez azaleratzeko asmo garbiarekin, eta urte hartan bertan estreinatu zen Malborough Farms diskoarekin. Lan hartan baziren, artean, rock pieza batzuk, eta garaiko indie-poparen eragina ageriagoa zen, baina Beverley Atonale-rekin (1997) hasi eta Clutching Stems (2011) diskoarekin amaitu arteko zikloan, Olsonek —Jeff Baron gitarristak lagunduta— dotorezia handiko pop-folk barrokoa landu zuen, 1960ko hamarkada amaierako musikari begiratu arren izpiritua bere garaian zuena. Hain zuzen ere, taldea Elephant 6 kolektibotik gertu izan zen 1990eko hamarkadako azken urte haietan. Kolektibo hartan bildu ziren The Apples in Stereo, Beulah, Elf Power, Neutral Milk Hotel eta Olivia Tremor Control, besteak beste, eta, musika ezberdina egin arren, 1960ko psikodeliarekiko interesa erakusten zuten taldeak guztiak ere.

The Ladybug Transistor amaituta, azkeneko urteetan teknikari lanetan aritu da Olson New Yorkeko Brooklyn auzoan irekitako Marlborough Farms grabazio estudioan, eta bazirudien sortzaile lana alde batera utzia zuela. Aurten, baina, eta inor gutxik espero zuenean, Brooklyn eta Aurskog-Holanden (Norvegia) artean grabatutako bakarkako lehen diskoarekin itzuli da.

Talde lana

The Ladybug Transistorren bira batean, Ole Johannes Aleskjaer eta haren anaia Jorn ezagutu zituen Olsonek, biak ala biak Loch Ness Mouse taldeko kideak. Adiskide egin ziren, eta, horren ondorioz, azkeneko zortzi urteotan sarritan izan da New Yorkeko musikaria Aleskjaerrek Suediako mugaren ondoan duen estudioan, eta han hasi zen mamitzen orain disko bat dena. «Azkeneko urteotan ni oso lanpetuta izan naiz besteen diskoak grabatzen, eta bazter batean utzia izan dut kantuak egitearena. Baina egun batean Olek deitu, eta elkarrekin lan egiteko proposamena egin zidan. Hain zuzen ere, idazten zentratzeko eta abesten hasteko eskatu zidan», azaldu du Olsonek, eta, era berean, onartu du Aleskjaerren eskaerarik gabe, nekez egingo zuela urrats hori. «Uste dut bultzada hori behar nuela».

Diskoa Olsonek sinatu du, eta haren argazkiak agertzen dira azalean nahiz kontrazalean. Eta, halere, talde lana izan dela nabarmena da, kantuak Aleskjaer anaiek eta Olsonek izenpetuta agertzen diren momentutik beretik. «Oinarrian ez da bakarkako diskoa, Ole eta Jornekin elkarlanean idatzita baitago, baina nire ahotsarentzako eta tronpetarentzako tresna bat denez, erabaki genuen Gary Olsonek sinatzea, eta ez ibili behar izatea talde izen itsusi bat bilatzen». Erabakiak badu beste arrazoi praktikoago bat ere, zuzenean jotzeko aukerak ere irekitzen dituelako: «Bikote edo hirukote formatua erabil dezakegu, eta baita banda zabalago batekin aritu ere, hariak sartu ahal izateko».

Grabatu ere Europa eta AEBen artean grabatu dute diskoa. Hiru musikariek idatzitako oinarriak Norvegian grabatu zituzten, eta haiekin New Yorkera jo zuen ondoren Olsonek. Han, Brooklyngo estudioan, ahotsak, haizeak eta hariak gehitu zizkion grabazioari, eta Norvegiara bueltan, Olek azken ukituak eman zizkion.

Gary Olson garaiz kanpoko pop diskoa da, moden aurrean makurtzen ez dena, eta klasizista izanda ere, revival hutsean erortzen ez dena. NavyBoats-en hari konponketa leunek markatzen dute zein den Olson erosoen mugitzen den esparrua. Ganbera pop dotorea, tempo, oro har, lasaikoa, une batzuetan bizitzen dena (Some Advice, A Dream For A Memory), eta, batik bat, kantuari berari zentraltasuna ematen diona.

[youtube]https://youtu.be/VMMNxrhHi5E[/youtube]

Ez da izango Gary Olson gaurko garaietan asko kotizatuko duen diskoa —arrakastaren baloreetan behinik behin—, kantu bilduma aparta izanda ere, garaiz nahastuta jaio dela ematen duelako. 1970eko hamarkadan irrati formuletan egon zitekeenak gaur apenas duelako aukerarik horretarako. Eta, hala ere, New Yorkeko kantariak bere izenean sinatu duen lehenengo diskoak ondo kotizatu beharko luke Prefab Sprout, Burt Bacharach, Bart Davenport, The Divine Comedy eta Belle and Sebastianen zaleen artean.

[youtube]https://youtu.be/e4Sw5JC9pD8[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.