Iragarkietan ez dago orekarik

Kataluniako Generalitateak inoiz baino diru gehiago inbertitu zuen iaz publizitate instituzionalean. Godo komunikazio taldeak ('La Vanguardia') 4,7 milioi euro jaso zituen.

Katalunian irakur daitezkeen egunkarietako batzuk, artxiboko irudi batean. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Publizitate instituzionalaren banaketa aztertzean, datuek gehienetan erakutsi ohi dute gobernuek komunikabide batzuk lehenesten dituztela beste batzuen aldean. Iragarki gehiago eta sos gehiago iristen zaie egunkari batzuei besteei baino. Gertatzen da Euskal Herrian, baita beste herrialde askotan ere. Katalunia ez da salbuespena. 2018ko Publizitate Instituzionalari buruzko batzorde aholkulariaren memoria argitaratu zuten abuztuan, eta, horretan jasotzen denez, arlo horretako gastuaren bost eurotik bat Godo komunikazio taldera doa.

Orotara, Generalitateak iragarki instituzionaletan iaz inbertitu zituen 32,4 milioi euroetatik 4,7 Godo taldearentzat izan ziren. Kontuan izan behar da inoiz baino diru gehiago gastatu duela Kataluniako Gobernuak alor horretan. Krisialdiaren aurreko urteetan baino sos gehiago, eta datu hori aipagarritzat jo dute Kataluniako hainbat hedabidetan. ERC alderdiaren esku dago Zabalkunde eta Herritarren Arreta Idazkaritza, eta sail hori arduratzen da iragarki instituzionalen banaketaz.

La Vanguardia egunkaria argitaratzen du Godo komunikazio taldeak, eta 2.657.244 euro jaso zituen iaz iragarki instituzionalen bitartez. Beste egunkariek baino askoz gehiago: Punt Avui-k 1.356.814 euro jaso zituen; El Periódico-k, 1.001.185 euro; etaAra-k, 600.980.

Kirol kazetaritzan ere Godo taldeak eramaten ditu sos gehien publizitate instituzionalari esker: El Mundo Deportivo-k 182.398 euro jaso zituen; Sport-ek 119.617 euro; eta Esportiu-k (hiruretatik katalanez argitaratzen den bakarra), 70.449.

Telebistaren alorra ez da salbuespena: Godo taldeko 8TV kateak 599.635 euro jaso zituen iaz publizitate instituzionalaren bidez. TVCk baino gehiago, eta El Punt Avui egunkariaren telebistak jasotzen duena halako bi baino gehiago.

Digitaletan, 'Nació Digital'

Prentsa digitalari dagokionez, bi hedabide ageri dira onuradun nagusi gisa: Nacio Digital eta El Nacional. Aurrenekoak orotara 566.777 euro jaso zituen iaz iragarki instituzionalei esker: horietatik 317.461 webgunean gobernuak jarritako iragarkiengatik, beste 55.505 Adolescents.cat kanalean, 24.879 Catorze kultur kanalean, eta 149.2000 eMercat webgunean. 2018. urteko irakurle datuen arabera, Nacio Digital hedabide digitala 20. tokian dago.

El Nacional hedabide digitalak 507.276 euro jaso zituen; horietatik 408.686 atari nagusian, 61.462 En Blau kanalean, eta beste 37.127 Llança gehigarrian.

Bi hedabide digital horien ostean, paperezko edizioa duten egunkarietan jartzen dituzte Interneteko iragarki publiko gehienak: La Vanguardia-ren webguneak 379.666 euro jaso zituen; Ara.cat atariak, 343.352; PuntAvui.cat-ek 166, 171; eta ElPeriodico.com-ek, 110.135. Azkeneko bi horien kopurua gainditzen du TV3 telebista publikoaren webguneak jasotzen duenak: 191.822 euro.

Aldiz, oso errotuta dauden katalanezko bi webgune digitalentzat askoz diru gutxiago iristen da Generalitateko iragarkien bidez: El Mon-i 77.740 euro, eta Vilaweb -i, 65.420. Iritzi ikerketaz arduratzen den CEO Kataluniako zentroaren arabera, Vilaweb da katalanezko hedabide digitalen artean bigarrena irakurle kopuruari dagokionez. Baina hori ez da gero islatuta gelditzen publizitate instituzionalaren banaketan.

Aipagarria da, halaber, 2017tik 2018ra prentsa digitaleko hedabide batzuek izan duten igoera: La Vanguardia-ren edizio digitalak %53 sos gehiago jaso zituen iaz duela bi urte baino, eta Nacio Digital-ek, %36 gehiago. Aldiz, urte batetik bestera beherakada nabarmena izan du Larepublica.cat hedabide digitalak —lehen, Directe.cat zen—: iragarkietan jasotakoa 59.854 eurotik 23.818 eurora pasatu da.

Irratietan, RAC1 da —Godo taldekoa hori ere— nabarmen diru gehien jasotzen duena: 1.429.254 euro. Oso urrun dago, bigarren tokian, Flaixbac irratia: 449.425 euro. Catalunya Radio publikoak 261.678 euro jasotzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.