30 urte pop kantuak egiten

The Posiesek hiru hamarkada bete ditu, eta bira luze bat egiten ari da hori ospatzeko. Power pop indartsuenaren ikono bilakatuta, bere ibilbideko kantuak berreskuratuko ditu gaur Azpeitian.

Mike Musburguer, Ken Stringfellow, Jon Auer eta Dave Fox. The Posies 2018an. ALAN LAWRENCE.
mikel lizarralde
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Musikari azalekoa kentzea eta indarra kantuei ematea. Mamiari heltzea. Hori izan zuten abiapuntu Jon Auerrek eta Ken Stringfellowk The Posies sortu zutenean, 1987an, eta zeregin horretan igaro dituzte hiru hamarkada. Melodia erdigunean duten pop kantu indartsuak osatzen. Power-pop onenaren ikur bilakatzeraino. 30 urte daramatzate oholtzan, eta, orain, hori ospatzeko biran bete-betean sartuta daudela, Azpeitian (Gipuzkoa) izango dute geldialdia gaur, 21:00etan, Sanagustin aretoan.

Poparen historiako beste talde batzuekin gertatzen den bezala, The Posiesen musika proposamena bi kantuegileren lanean ardazten da. Auer eta Stringfellow. Stringfellow eta Auer. Nahiz eta bakoitzak bakarkako ibilbidea ere landu duen, eta beste hamaika proiektutan ere aritu diren—Stringfellow R.E.M. taldera batu zen garai batean, eta Alex Chiltonek Big Star taldea berpiztea erabaki zuenean Stringfellow bera eta Auer batu zitzaizkion—, azkenean beti itzuli izan dira taldera. Haiek biak dira taldearen ardatza, eta erritmoaren atala, baxua eta bateria aldatuz joan dira: «Gutxienez lau alditan aldatu dugu», aitortu du Stringfellowk, «eta, ondorioz, neurri batean talde bera da, eta beste neurri batean ez. Baina Jonek [Auer] eta nik estetika bera dugu, eta horrek aurrera eramaten gaitu».

Erritmo atalaren azkeneko aldaketak nahiko traumatikoak izan ziren. 2015ean, taldea Solid States diskoaren grabazioan bete-betean zegoela, Darius Minwalla bateria jotzailea bat-batean zendu zen. Inork ez zuen espero, eta doluak grabazioa hilabete batzuez etetera eraman zituen taldekideak. Azkenean, baina, bukatu zuten grabazioa, eta, hura aurkezteko bira hastear zirela, Joe Skyward baxu jotzailea hil zen. «Gaixo zegoen, eta bagenekien gerta zitekeela, baina, hala eta guztiz ere, kolpea izan zen, oso kolpe gogorra», zioen Stringfellowk orain gutxi emandako elkarrizketa batean.

Melodia eta gitarrak

The Posies oso garai berezian sortu zen. AEBetan Guns n' Roses eta L.A. Guns gisakoen sleazy-rocka indarrean zegoenean, eta Europan U2 eta Simple Mindsen stadium rocka nagusi zenean. Auerrek eta Stringfellowk, berriz, bestelako erreferentziak zituzten. «Beatlesen diskoekin iltzatuta gelditu ginen, eta baita Squeeze, Replacements eta Husker Durekin ere». Melodiak eta gitarrak presente zituzten taldeak guztiak ere. Eta beraiek ere garbi zuten zer egin nahi zuten. Edo nola egin nahi zuten lan. «Etorri eta joan egiten diren musikariekin gure kantuak lantzen ditugun pop konpositoreak gara».

Failure (1988) lehen diskoak agerian utzi zuen bi gazte haien ahalegina, melodiak eta harmoniak uztartzekoa; baina Dear 23 (1990) eta batez ereFrosting On The Beater (1993) lanek finkatu zuten taldearen soinua. Ordurako, Seattlengrungearen eztanda gertatua zen, eta, Nirvanaren arrakastaren ondorioz, gitarretan ardaztutako soinu gogorrek urte batzuk lehenago pentsaezina zen oihartzuna zuten. Giro horretan grabatu zuten Frosting On The Beater, besteak beste Sonic Youth eta Teenage Fanclubekin lan egina zen Don Flemingekin, eta nabari zen soinuan. Ilunagoa batzuetan, baina batik bat indartsuagoa, gitarren sendotasunean oinarrituagoa.Amazing Disgrace (1996) lanarekin bide beretik jarraitu zuten, Sucess arinagoarekin (1998) agur esan aurretik.

Hala ere, azkeneko urteetan Auer eta Stringfellow berriro itzuli dira grabazio estudioetara. Blood / Candy-k (2010) artean sasoian zegoen talde bat erakutsi zuen, eta Solid States-ek (2016), berriz, aurretik jorratu gabeko eremuetan kokatu zuen The Posies. Izan ere, gitarrek indarra galdu zuten, eta aurrenekoz elementu elektronikoz jantzi zituzten euren melodiak. «Ez dakit Frosting On The Beater 2. partea egin nahi dudan», adierazi zuen orduan Auerrek. «Talde asko gustura daude euren burua errepikatu eta errepikatu. Baina nik ez dakit AC/DCren disko berri bat behar dudan».

Orain, hala ere, taldeak 30 urte bete dituela eta, ospakizunetan daude, eta Frosting On The Beater hura grabatu zuten kideekin ari dira biran Stringfellow eta Auer, Mike Musburguer eta Dave Foxekin. Eta, aurreratu dutenez, ibilbide horretako kantu ezagunenak joko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.