Argazkilari soziala

Abenduaren 22an, 30 urte beteko dira Juantxu Rodriguez argazkilaria Panaman hil zutela. Senideek Euskadiko Artxibo Historikoari emango dizkiote eskura dituzten argazki guztiak.

urtzi urkizu
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako armadak Panama inbaditu zuen 1989ko abenduaren 20an, Manuel Antonio Noriega jenerala atzemateko. Ehunka herritar zibil hil zituzten, eta tiroz hil zuten Portugaleteko (Bizkaia) Juantxu Rodriguez argazkilaria ere. Abenduaren 22an, 30 urte beteko dira hilketa hartatik. Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Fotokazetaritzako saria eman zioten Rodriguezi, azaroaren 5ean, eta senideek hil ondoko sari hori jaso zutenean bertan iragarri zuten haren argazkiak Euskadiko Artxibo Historikoari emango dizkiotela.

Rodriguez 1989an Panaman egotea kasualitatea izan zela kontatu du Chema Conesak, ordu hartan El País Semanal-eko argazki zuzendariordea zenak: «Jesuitek Latinoamerikan zuen presentziari buruzko lan bat egin behar genuen. Kazetaria Maruja Torres zen, eta esan zidaten freelance bat bilatzeko». Carlos de Andresen bidez ezagutu zuen Rodriguez. «Ezkerraldeko haren argazki batzuk ikusi nituen, eta interes handikoa iruditu zitzaidan haren lana. Mutil adoretsua zen, eta jesuitena ederki egin zezakeela pentsatu nuen». Gustura hartu zuen lana. Torresekin batera, Kolonbian, Ekuadorren eta beste herrialde batzuetan egon zen. Panamara iritsi ziren gau berean gertatu zen estatubatuarren inbasioa. «Berehala telefonoz deitu zidan, eta esan nion kontuz ibiltzeko. Hura konbentzitua zegoen argazkiak egin nahi zituela, eta berretsi nion kontuz ibil zedila».

Hurrengo egunean, Torresek deitu zuen. Desagertu egin zela kontatuz. «Esan izan didatenez, estatubatuarren tiroa begi ondotik sartu zitzaion, eta han bertan hil zen. Ezusteko handia izan zen guretzat», oroitu du Conesak.

Sona handia du Panaman

Hego Euskal Herriko kazetariek emandako sariarekin, argazkilariaren senideak oso pozik agertu dira. Familiako bozeramaile eta haren koinata Elisa Pavonek nabarmendu du haientzat «amets bat» izan delasaria jaso izana, aitortzen zaiolako nola bizi izan zen, eta ez nola hil zen. «Gerrako argazkilari gisa sailkatu zen, baina hori ez da egia. Argazkilari soziala izan zen».

Rodriguez autodidakta izan zen. Extremadurako (Espainia) herrixka batean jaio zen, baina,7 urterekin, Portugaletera joan zen bizitzera gurasoekin batean. Han hazi zen. Ezkerraldean argazki sorta ugari egin zituen. Industriaren moldaketak ibaian izandako eragina erretratatzen aritu zen. «Lan soziala zen, Ezkerraldean jendea nola bizi zen jaso zuen», gogoratu du Pavonek. Ezkerraldean ateratako 6.000 argazki inguru ditu sendiak.

Cover agentziarentzat ere aritu zen lanean, eta Liberation eta The New York Times egunkariek eta Newsweek aldizkariak argitaratu zizkioten argazkiak. Familiak berak ez daki zenbat argazki utzi zituen, handik eta hemendik negatiboak jasotzen aritu baitira.

Bolada batean Madrilen egon zen bizitzen argazkilaria. «Lan asko egin zituen trabestien eta droga mendekotasunaren inguruan. Vallecas auzoan murgildu zen, eta boxeoari buruzko lan bat ere egin zuen». Zenbait sorta amaitu gabe utzi bazituen ere, familiako bozeramaileak uste du Bizkaiko eta Madrilgo gizartea garai hartan nola zeuden «modu paregabean» erretratatu zuela.

Santanderko (Espainia) Menendez Pelayo Unibertsitatearentzat ere lanean aritu zen Rodriguez bederatzi urtez. «Erretratuen eskola bat sortu zuen han. Edonor ere modu naturalean ateratzen zuen». Unibertsitate horretan dauden argazkiak dira soilik Euskadiko Artxibo Historikora iritsiko ez direnak.

1988. urtean, AEBetan ibili zen argazkilaria beka batekin, han bizi ziren espainiar ospetsu batzuei argazkiak ateratzen. «Aukera baliatu zuen hango gizartearen argazkiak ateratzeko».

Batetik bestera ibiltzeaz gain, Rodriguezek lotura estua zuen bere herriarekin. Gorputz Hezkuntzako irakaslea izan zen Portugaleteko institutuan. Eta argazki eskola bat ere sortu zuen, sari batzuekin. «Ezkerraldeari buruzko argazki erakusketa Portugaleten jarri izan dugunean, adin bateko herritarrek ondo ezagutzen zutela sentitu dugu».

Panaman, berriz, «inbasioko argazkilaria» dela gogoratzen dute askok. «Rodriguezen argazkiek erakusten baitute biktima zibilak egon zirela», dio Pavonek. Conesaren lantaldeak argazki film bat jaso zuen, eta bertan gorputegi bateko hildakoak azaltzen dira. Abenduan argazki erakusketa bat antolatuko dute Panaman, inbasioaren urteurrenean, eta omenaldi bat egingo diote Rodriguezi. Han izango da familia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.