Albistea entzun

Aurpegi saltzaileak

AEBetako Clearview enpresak jendea identifikatzeko sistema bat sortu du sare sozialetan bildutako milioika irudirekin, eta poliziei saltzen die. Konpainiak kexu dira.
Aurpegiaren bidezko identifikazioa erakusten duen irudi digital bat.
Aurpegiaren bidezko identifikazioa erakusten duen irudi digital bat. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2020ko otsailak 9

Interneten aroan, salgaia da pertsonei buruzko informazioa. Pertsonen aurpegien irudiak ere bai. Ameriketako Estatu Batuetako Clearview AI enpresak Google, Youtube (Googlerena da), Facebook, Twitter, LinkedIn (Microsoftena da), Venmo (Paypalena da) eta milioika webgunetako pertsonen aurpegien irudiak erabili ditu, datu base erraldoi bat osatu eta poliziei aurpegiaren bidezko identifikazio zerbitzuak saltzeko.

Konpainia horietako gehienek gutunak bidali dizkiote Clearview-ri, eskatuz beren webguneetako irudiak erabiltzeari uzteko eta irudiak erabiltzeko moduari buruzko informazioa igortzeko. Twitterrek datu guztiak ezabatzeko eskatu dio. Oraingoz ez dute esan kasurik egiten ez badu auzitara joko duten edo ez.

Clearviewk 3.000 milioi irudiko datu base bat sortu du. Pertsonak identifika ditzake, haien irudiak datu basekoekin alderatuta. Ez du zuzenean pertsonaren izena ematen, baina haren beste irudi batzuk eta irudien loturak eskaintzen ditu, Interneten lortutakoak. Horrela, pertsona hori non, nola eta norekin zebilen edo dabilen jakin dezakete. Gainera, poliziak bilatzen ari den jendearen irudiak gehitzen dituenez, datu basea hazten ari da.

Emaitzek %99,6ko zehaztasuna dute, Hoan Ton-That enpresako zuzendari nagusiak CBS telebistari azaldu dionez. Ez dago, ordea, baieztapen hori egiaztatu dezakeen azterketa independenterik. Gaizkileak identifikatzeko eta ikerketarako soilik erabiltzen dela gehitu du, «gertakari edo krimen baten ondoren», ez jendearen jarraipena edo zaintza egiteko.

Lehen Zuzenketa

Enpresaren jokabidea zuritu du, esanez AEBetako Konstituzioko Lehen Zuzenketak eskubidea ematen diela datu publikoak eskuratzeko: «Gure sistema eraikitzeko egin dugun gauza bakarra izan da publikoa zen informazioa hartzea eta indexatzea. Googlek webgune ezberdinetako informazioa bildu dezake. Beraz, informazio hori publikoa baldin bada eta Googleren bilaketa bilatzailearen barruan egon badaiteke, gurean ere bai».

Clearviewk berak emandako datuen arabera, 600 polizia agentziak baino gehiagok erabiltzen dute haien softwarea: hirietako poliziek, FBI Ikerketa Bulego Federalak, Segurtasun Nazionaleko Departamenduak... CBSren arabera, Chicagoko Poliziak 50.000 euro ordaintzen ditu bi urteko kontratu batengatik.

Clearviewk bere sistemaren eraginkortasuna azpimarratu du, abantailak erakusteko. Adibide bat eman du: Indianako Poliziak hogei minutuan argitu zuela kasu bat haien teknologia baliatuta.

The New York Times egunkariak argitaratu zuen Clearviewren jardunari buruzko albistea, urtarrilaren 18an. Kashmir Hill The New York Times-eko kazetariak, enpresa ikertzen ari zela, polizia batzuei eskatu zien bere argazkia sartzeko Clearviewren aplikazioan. Handik gutxira, polizia horiek Clearview enpresako ordezkarien deia jaso zuten, galdezka ea kazetariekin hitz egiten ari ziren. Alegia, Clearviewk, poliziei tresna eskaintzeaz gain, noren bila ari diren ere kontrolatzen du.

Ton-That Clearviewren buruak Kashmir Hilli esan zion bere argazkiak alarma jo zuela, aplikazioak seinalatu egiten dituelako «balizko bilaketa okerrak».

Interneteko sare sozial erraldoien eta Clearviewren gatazkari, dena den, zozoaren eta belearen esaera aplika dakioke, batzuek eta besteek ipurdia beltza baitute. Erabiltzaileei buruzko informazioa da sare sozial horien aberastasuna. Iazko urte amaieran jakin zen Facebookek bere erabiltzaileei buruzko informazioa eman ziela bere bazkideei eta Facebooken publizitatea jartzen zutenei, batez ere 2011. eta 2015. urteetan.

Aurtengo urtarrilean bertan, Facebookek Illinoisko erabiltzaileei 550 milioi dolar ordaintzea onartu du (504 milioi euro inguru), erabiltzaileei haien argazkietan ageri diren beste pertsonen izenak proposatzen dizkielako, aurpegiak identifikatzeko softwarea erabiliz. Horrek urratu egiten du pribatutasun biometrikoari buruzko Illinoisko lege bat, eta, Facebookek akordioaren alde egin du bere kontrako auzi eskea aurkeztu dutenean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mahats bilketan parte hartu zuten BERRIAlagunak, atzo, El Mozo Wines upategiko mahastietan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Edan bai, bildu ere bai

Olatz Enzunza Mallona

BERRIAlagun batzuek mahats bilketa egin dute Lantziegoko El Mozo Wines upeltegian. BERRIAren 20. urteurrenaren harira antolatu dute ekitaldia, eta abenduan Hatsa ardo propioa ekoitziko dute.
 ©BERRIA

«ETAren armagabetzea kontatzea amesten nuen, eta lortu nuen»

Unai Etxenausia

«Irratiaren magiak konkistatu» zuen behin. Ordutik, lau hamarkada eman ditu Cobok SER irratian Euskal Herriko politika kontatzen. Joan den urtea amaitzearekin bat utzi zuen irratia, baina argi dauka ez duela kazetaritza sekula utziko.
 ©HITZETIK HORTZERA

«Bertso mundua etxea bezalakoa da niretzat»

Beñat Mujika Telleria

Hil honetan abiatu da 'Hitzetik hortzera'-ren denboraldi berria. Zenbait berrikuntzarekin itzuli da saioa; horietako bat, aurkezlea: Mirari Martiarenak hartu du Eider Perezen tokia saioaren gidaritzan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...