Auzia ez dago erabat itxita

'Who killed Malcom X?' dokumental saioa estreinatu ostean, Manhattango fiskalaren bulegoak iragarri du Malcom Xren hilketaren auzia berriro aztertzeari ekin diola.

Duela 55 hil zuten Malcom X. Hilketaren auzia berriz ikertzea erabaki dute, dokumental baten eraginez. BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Ostiralean bete ziren 55 urte Malcom X New Yorkeko Audubon Ballroom aretoan hil zutela tiroz. Egun berean, Talmadge Hayer atxilotu zuten aretoaren kanpoaldean, eta hark aitortu zuen hilketan parte hartu zuela. Norman Butler eta Thomas Johnson atxilotu zituzten gero. Bi gizon horiek beti aldarrikatu zuten errugabe zirela; frogatu zuten ez zeudela aretoan hilketa gertatu zenean, baina hogei urte egin zituzten espetxean. Hayerrek, 1978an, hilketan parte hartu zuten beste lau gizonen izenak eman zituen, baina epaileak ez zuen aintzat hartu. Bere horretan gelditu zen kontua, auzia itxita. Netflixek Who killed Malcom X dokumental saioa estreinatu zuen otsailaren 7an, eta, ondotik, Manhattango fiskalaren bulegoak esan du auzia berriro aztertzen ari direla. Ikerketari heldu dion fiskaletako bat Peter Casolaro da—Central Park-eko bosten auzia argitu zuenetako bat izan zen—.

Dokumental saioko zuzendariak eta ekoizleak Phil Bertelsen eta Rachel Dretzin dira. «Zalantza handiak daude 1965ean zigortu zituzten hiruretako birekin», esan dute. Dokumental saioaren ardatza Abdur-Rahman Muhammad aktibistaren ikerketa pertsonala da. Batetik bestera dabil, FBIko agiriak errepasatzen, elkarrizketak egiten, benetan zer gertatu zen jakiteko irrikatan.

Satorrak eta ezkutatzeak

Norman Butler —egun Muhammad Abdul Aziz du izena— 1985ean atera zen espetxetik, hogei urte kartzelan egin ostean. Malcom Xren hilketa gertatu zen unean, etxean zen, oin zauritu batekin. Hala baieztatu zuen egun berean artatu zuen medikuak—oinez ibiltzeko modurik ez zuela jakinarazi zuen—. Dokumentalean hizketan ageri da Butler. Abdur-Rahman Muhammadek aipatzen dio Innocence Project gobernuz kanpoko erakundera eramango duela bere auzia, haren izena hilketa hartatik atera dadin. «Ez dut sinesten ezer, baina zurekin nago», esaten dio Butlerrek, eskua emanda.

Malcom X Omahan (Nebraska, AEB) jaio zen, 1925ean. 6 urte zituela, haren aita hil egin zuten, langileen eskubideen alde borrokan ari zela. 20 urte zituela, preso hartu zuten, eta, espetxean zela, Islamaren Nazioko kide bihurtu zen. Kartzelatik atera zenean, talde horren buruzagietako bat izan zen hamabi urtez, baina Elijah Muhammad buruarekin izandako desadostasunek taldetik kanpo utzi zuten 1964an. Polizia zuriek beltzen aurka egindako gehiegikeriak salatzen zituen publikoki Malcom Xk; hizlari sutsua zen, eta etsai ugari zituen hil zutenean. Pertsonaia deserosoa zen Islamaren Nazioarentzat, FBIrentzat eta Poliziarentzat.

Haren hilketa gertatu baino astebete lehenago, bizi zen etxeari eraso zioten —lau alaba zituen, eta beste bi jaio ziren hil etagero—. Hala ere, Audubon Ballroom aretoan ez zegoen ia-ia segurtasunik.

Netflixeko saioan jasotzen denez, bestalde, Malcom Xren orduko bizkarzain Gene Roberts New Yorkeko Poliziako zerbitzu sekretuetako agente bat zen. «Ez nuen halakorik inoiz egin. Baina emaztea haurdun zegoen, lan bat zen, eta aurrera», aitortu du Robertsek.

Abdur-Rahman Muhammaden bilaketak Newark hiriko (New Jersey) Islameko Nazioaren 25. meskitara eramaten du. Handik joan ziren bost gizon Malcom X hiltzera. Auzi medikuaren txostenak dio eskopeta baten tiroek hil zutela ekintzaile afro-amerikarra. Talmadge Hayerren deklarazioaren arabera, William Bradleyk egin zituen eskopeta tiroak. FBIk bazuen horren berri, baina ez zion jakinarazi, ez fiskaltzari, ez New Yorkeko Poliziari. Ez zuten Bradley inoiz galdekatu, ez epaile baten aurrera deitu. Abdur-Rahman Muhammadek froga guztiak bildu eta harekin hitz egiteko indartsu sentitzen denean, dei bat jasoko du: Bradley hil egin da. Ohore guztiekin egingo dio hileta haren komunitateak. Hilda daude, halaber, Hayerrek aipatu zituen beste hirurak: Wilbur McKinley, Leon David eta Benjamin Thomas.

Zak A. Kondo historialariak argi du: «Erantzuleak denak dira: bost hiltzaileak, Islamaren Nazioaren buruzagiak, J. Edgar Hoover eta FBI, eta New Yorkeko Polizia, haien satorrak barne. Guztiek kontu eman beharko lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.