'Premium' entzuleen bila

Apple eta Spotify konpainiek atea zabaldu diete podcasten ordainpeko harpidetzei. Sortzaileek dirua irabaziko dute. Tania Arriaga irakasleak uste du ereduak ez duela balio euskararentzat.

Ameriketako Estatu Batuetan, Spotifyk aurrea hartu dio Apple konpainiari podcasten entzuletan. RITCHIE B. TONGO / EFE.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Podcasten zabalkundeak ez du etenik, eta horren erakusgarri da azkenaldian Ameriketako Estatu Batuetako zenbait konpainia hartzen ari diren erabakiak. Egun gutxiren buruan, bai Applek, bai Spotifyk podcasten ordainpeko harpidetza sistemak jarri dituzte martxan. Horrek podcasten zenbait egileri diru sarrera gehiago izateko aukera emango die. Bestalde, sektorean zein gailentzen den ikusaraziko da hilabete batzuen buruan. Harpidetzak egin daitezke gaur egun ere, baina berritasuna da entzuleak iragarkirik gabe eduki gehigarriak jaso ahalko dituela, hilean diru gutxi ordainduta.

Applen kasuan, 170 herrialdetan jarriko dute martxan zerbitzua. Podcasten egileek erabakiko dute zer prezio jarri entzuleei: gutxienekoa hilean 0,40 euro izango da. Lehen urtean, harpidedunen diruaren %30 geratuko da Apple; bigarren urtetik aurrera, %15 bereganatuko du.

Spotifyk, berriz, hiru prezio jarri ditu egileek kobra dezaten: hilean 2,47 euro, 4,13 edo 6,61. Aurreneko bi urteetan Spotifyk ez die komisiorik kobratuko podcasten egileei; eta horren ondotik, %5 baino ez. Applek baino dezente gutxiago, alegia.

Tania Arriaga EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa Saileko irakaslearen iritziz, Applek eta Spotifyk ez dute kasualitatez hartu erabakia. «Ikusi dute hor badagoela gazta zatia, merkatua eta nondik atera. Entzule kopuruak eta eduki kopuruak handiak direla ikusirik, hortik puska ateratzera abiatu dira». Ez alferrik; martxoko datua da: Spotifyk ordainpeko 158 milioi harpidedun ditu mundu osoan. Podcasten entzule kopuruetan, bestalde, Ameriketako Estatu Batuetan Spotifyk Apple gainditu du.

Podcast gehienen harpidetza prezioa txikia izango da, baina milaka entzule dituzten sortzaileek dirua atera ahalko dute. «Hizkuntza hegemonikoetako edukien sortzaileak, betiere», ohartarazi du Arriagak. «Diru gutxi eskatzen dute, baina jende askok erabiltzea da haien abiapuntua». Kontuan hartu behar da, edonola ere, podcast egile guztiek ezingo dutela Spotifyren ordainpeko sistema horretan sartu. Podcastaren sortzaileak mila entzule baino gehiago dituela frogatu behar du. «Zerrenda bat zabaldu dute, egileek baimena eskatu behar dute, eta, gero, Spotifyk erabakiko du baimena eman ala ez», argitu du EHUko irakasleak.

Euskarazkoentzat, zail

Applek eta Spotifyk martxan jarri duten eredua soilik ingelesezko, txinerazko, frantsesezko eta gaztelaniazko podcastentzat izan daiteke baliagarria, Arriagaren ustez. «Euskararentzat ez da baliagarria izango. Euskarazko podcastekin dirua irabaztea rock-and-rollarekin irabaztea baino zailagoa da. Jende askok egin nahi ditu podcastak, baina nork atera dezake dirua hortik?».

Salbuespen bakarra une honetan EITBk kontratatzea izan daitekeela iruditzen zaio EHUko irakasleari. «Ulu Media ekoiztetxearen kasua izan daiteke. EITB Podkast plataforma berriarentzat hasi da lan batzuk egiten». Athletic Fundazioarentzat, ere bai.

Baina kasu horretan, telebistaren eredua ari dira erabiltzen: hau da, talde publikoak ekoiztetxe bat kontratatzen du eduki batzuetarako.

Hizkuntza hegemonikoetan, aldiz, podcastetan beste eredu bat gailenduko dela iruditzen zaio Arriagari, eta hor «Interneteko ereduaz» hitz egin daitekeela azaldu du. «Bataila egongo da Apple eta Spotifyren artean hurrengo hilabeteetan. Bistan denez, milioika hartzaile dituzte, eta halako masak edukita, horrelako eredu batek funtziona dezake».

Arriagak aitortu du azkeneko urteetan sektorean aldaketak oso bizkor ari direla gertatzen, eta etorkizunean ere aldaketak egon daitezkeela. Izan ere, egun sakelako telefonoen erabilerak ahalbidetzen du Spotify bezalako zerbitzu baten arrakasta handia. «Euskarriak garrantzi handia du. Gailuak aldatuko balira, ez dakigu egoerak zer bilakaera izango lukeen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.