Albistea entzun

Kroketazko mokaduak

Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak podcast bat ondu du: 'Kroketak'. Eta osagai ezberdinak nahastuz egin du: elkarrizketak, kolaborazioak, bertsoak eta poesia errezitalak, besteak beste.
Urtzi Urkizu kazetaria, kroketa pare bat hartuta. Halaxe izena du bere podcastak: <em>Kroketak</em>.
Urtzi Urkizu kazetaria, kroketa pare bat hartuta. Halaxe izena du bere podcastak: Kroketak. E. TELLERIA SARRIEGI Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2022ko ekainak 5 - Hernani

«Ezin zara mundu guztiaren gustukoa izan. Ez zara kroketa bat. Urtzi Urkizu naiz, eta hemen topatuko nauzue». Horixe dio egileak bere podcasta aurkezteko egindako lehen hitzartzean, eta horrek biltzen du egiten duenaren funtsa. Kroketazko mokaduak balira bezala osatu ditu Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak (Lezo, Gipuzkoa, 1975) bere kroketak: bexamel saltsa berbera dute oinarrian, baina ezberdinak dituzte osagaiak eta lanketa.

Ez da gastronomiari buruzko podcast bat, baina izan zitekeen. Are gehiago, kroketei buruzko pare bat atal ere badaude. Gehiago da podcast pertsonala, maiztasun jakinik gabea, nahasten dituena egilearen hausnarketak eta elkarrizketak, kolaboratzaileen jarduna, eta poesia errezital musikatuak, besteak beste. «Kasualitatez» sortutakoa dela dio egileak. «Oarso Bidasoko Hitza-n kolaboratzen ari nintzen garaian, idatzi nuen azken testua eta ohartu nintzen banuela gogoa ahoz gora botatzeko Lezoko eta Euskal Herriko gazteen alde idatzitako testu aldarrikatzaile hura. Pentsatu nuen grabatzea. Banekien audio hura Interneten jarriko nuela, baina, behin hura jarrita, podcastaren ideia sortu zitzaidan. Jakin gabe kroketen bexamelean zer joango zen», azaldu du, nola ez, kroketa egin berriak aurrean dituela.

Hamar minutuko kroketak

Hamar bat minutuko aleak dira, eta Spotify eta Ivoox plataformetan daude entzungai. Iazko abendukoa da egileak aipatutako lehenengo hura, eta maiatzaren 31koa azkena —Miguel Arrozpide bolariari egindako elkarrizketa—. «Audioak eta formatu honek aukera ematen du norberak gogoko dituen gauzak sartzeko. Beti gustatu izan zait poesia errezitatzea, lanetik kanpo ere elkarrizketa luzeak egitea... formatu honek ez dit kezkarik sortzen, ez dit dirurik inoiz emango, eta neronek erabakitzen dut noiz eta norekin edo zerekin egin. Askatasun erabatekoa daukat, eta sortzeko prozesua ere erraza da».

Urte askotako eskarmentua dauka kazetaritzan, eta horrek ere asko lagundu diola dio: «Kultur arloko jendea ezagutzeak aukera ematen dizu kolaborazioak eskatzean baiezkoak jasotzeko —ez dut oraindik ezezko bakar bat ere jaso—, eta eskertu behar diet hori parte hartu nahi izan duten guztiei».

Ez ditu gaiak gaitegi jakin baten arabera aukeratzen, edo elkarrizketak gidoi jakin baten inguruan osatzen: «Jakiten dut nondik nora joango naizen, baina elkarrizketari bere bidea egiten uzten diot». Eta badago pieza horietan «edizio lan» bat ere: «Baina ez da berdina Joxan Goikoetxearekin bere estudio profesionalean grabatzea —halaxe egin nuen Lizardiren olerkiei buruzko pieza, Goikoetxeak propio sortutako musikarekin—, edo elkarrizketa bat telefonoz grabatu eta grabatu den moduan jartzea». Eta hor agertu dira berriz ere kroketak: «Egun batzuetan denbora gehiago pasatzen duzu haiek egiten, eta, beste batzuetan, azkarrago biltzen dituzu».

Urkizu «oso pozik» dago podcastak orain arte izan duen harrerarekin. Jakitun dago Whatsapp talde batzuetan zabaldu direla «kroketa batzuk», Euskal Idazleen Elkarteak ere jarri dituela batzuk bere webgunean, Booktegia-k ere bai berean, eta Euskalerria Irratian ere baliatu dutela besteren bat. «Hori oso polita da. Ez da nire asmoa kroketak irratiko uhinetan zabaltzea, baina libre daude. Nahi duenak har ditzala zabaltzeko. Ez diet salaketarik jarriko [barrez]».

Ongi ezagutzen duenez, irrati, audio eta podcast mundu hori «oso garai onean» dagoela dio Urkizuk. Gogoan du Gorka Juliok bere etxean egiten zuena izan zela berak ezagutu zuen euskarazko lehen podcasta: «2005ean zen hori. Orduan inork ez zekien zer zen ere. AEBetako kontu bat zen, eta garai hartan ez zen batere zabaldu hemen. Orain bai, eta asko. Oso formatu egokia da».

Eta kroketak ere onartzen ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Mahai inguruko partaideak, atzo, EHUren Leioako campusean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Euskararen xehetasunak

Amaia Igartua Aristondo

EHUko irakasleak dira, atzerritarrak, eta helduaroan euskaldunduak, lanagatik besteak beste. Euskara ikastearen esperientzia xehatu dute EHUk antolatutako solasaldi batean.
 ©CC0

GIBaren aurkako hesi bat prest

Iker Tubia

Askotarikoak dira GIB birusari aurre egiteko estrategiak. Botika baten bidez ere izkin egin dakioke infekzioari: Prep esposizio aurreko profilaxiarekin. GIB birusarekiko esposizio arriskua izan dezaketenek eska dezakete.
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, Lau eta Erdiko Txapelketako finalean, azaroaren 20an. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

ETB2k %7,7ko ikusle kuota izan du azaroan, 2019ko udatik txikiena

Urtzi Urkizu

ETB1ek %1,9ko batezbestekoa du; lau eta erdiko finalak %24,5eko ikusle kuota lortu zuen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...