Literatura

Beltzentzako bestelako errealitateak

Beltzek iraganean eta gaur egun izandako dilemak aztertzen ditu afrofuturismoak, eta haren helburua da justizia handiagoa eta adierazpen esparru zabalagoa eskuratzea subjektibitate beltzarentzat, hau da, utz diezaiola salbuespen izateari.

2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Iraganeko zein orainaldiko gizartean, antsietate eragile diren gaiak azaleratzeko eta aztertzeko bitartekoa izan da zientzia fikzioa hastapenetik. Literatur genero horren barruan bestearen errepresentazioak izan duen pisua kontuan hartuta—dela munstroaren dela izaki estralurtarraren errepresentazioak—, ez da harritzekoa idazle beltzek zientzia fikziora jo izana zuriak nagusi diren gizarteetan bazterreko izatearen errealitatea azaltzeko eta haren gainean gogoeta e(ra)giteko. Afrofuturismoa edo beltzen esperientzietatik abiatuta egile beltzek sorturiko etorkizunari begirako literatura zientzia-fikzioaren azpigenero moduan aurkeztu da maiz. 1990eko hamarkada hasieran argitaraturiko Black to the Future (Beltzak etorkizunera) saioan erabili zuen kontzeptua lehen aldiz Mark Deryk, eta, haren aburuz, genero bat baino gehiago, afrikar, afrikar-amerikar zein diasporako idazle, artista, musikari, eta pentsalari beltzen artean garaturiko mugimendua da.

Alde horretatik, zientzia fikzioa ez ezik, errealismo magikoa, fikzio historikoa, afrozentrismoa eta afrikar kosmologia ere jorratzen dituen literatura, musika zein artea barneratzen ditu afrofuturismoak. Generoa eta adierazpide artistikoa edozein delarik ere, afrofuturismoaren oinarria da beltzek eta, oro har, koloreko jendeak iraganean zein orainaldian aurrean izan dituzten dilemak aztertzea, eta, horrez gain, historian zehar garaturiko afrikar diasporaren kultur esperientzietatik abiatuta, beltzentzako bestelako errealitateak eta komunitateak irudikatzea. Funtsean, helburua da subjektibitate beltzarentzat justizia handiagoa eta adierazpen esparru zabalagoa eskuratzea, espazioan zein denboran; hots, salbuespena izan beharrean, beltzak arau bihurtzea.

Denborari begira, afrofuturismo hitzak berak etorkizuna lehenesten badu ere, haren barruan garaturiko lan artistikoek ez diote beti etorkizunari heltzen. Are gehiago, aurrerabidearekin lotu ohi den denbora linealaren nozioa zalantzan jartzen du, teknokulturak zein posthumanismoak eskainitako aukeretan zein ahulguneetan sakonduta, bestelako denborazkotasunak aldarrikatzeko. Bestetik, azken hamarkadan komikitik zinemara egokituriko Black Panther (2018, Pantera beltza) bezalako lanek afrofuturismoa publiko zabalarengana heltzen lagundu badute ere, ez da, inondik inora ere, fenomeno berria. Hain zuzen, mugimendu horren abiapuntua 1920an kokatzen dute adituek. Urte hartan ikusi zuen argia The Comet-ek (Kometa), eskubide zibilen aldeko aktibista eta panafrikanismoaren defendatzaile sutsu W.E.B Duboisek (Great Barrington, Massachusetts, AEB, 1868-Akra, Ghana, 1963) idatzitako ipuinak. Kontakizunean, kometa batek lurra jo ostean, gizon beltz bat eta emakume zuri bat dira bizirik geratzen diren bakarrak. Gizakien espeziearen iraupena bikote horren esku utzita, istorioak azaleko kolorearen ordez gizatasunean oinarrituriko mundua irudikatzen du.

Afrofuturismoari bultzadarik handiena eman diona, ordea, Octavia E. Butler (Pasadena, Kalifornia, AEB, 1947-Lake Forest Park, Washington, AEB, 2006) izan da. Haren obra osoa mugimenduaren barruan kokatzen bada ere, Dawn (1987, Egunsentia), Adulthood Rites (1988, Helduaroko erritoak) eta Imago (1989) nobelek osaturiko Lilithen kumaldia edo Xenogenesis izenarekin ezaguna den trilogia da gehien nabarmendu den lana.

Nobeletako protagonista, Lilith izeneko emakume beltza, Sobietar Batasunaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko gerra suntsigarritik bizirik aterara den gizaki bakarrenetariko bat da. Oankalitarrak, beste planeta batetik etorritako izakiak, gizakiei laguntzeko prest daude, eta lurra berriro ere bizigarri bihurtu bitartean, estasi egoeran mantentzen dituzte hondamendian bizirik iraun dutenak. Kolonizatzaileen ustez, kontraesan suntsigarria eragiten du gizakien inteligentzia gorenak eta gizartea hierarkien arabera antolatzeko joerak. Horrek eragin zuen gizakiak ia desagerrarazi zituen gerra, eta horregatik uste dute oankalitarrek ezin dituztela bakarrik utzi. Oankalitarren artean, hiru sexu daude, eta haietatik hirugarrena da ugalketa prozesua eragiteko gai, besteen materia genetikoa manipulatuta. Bizirik jarraitu nahi badu, Lilithek erabaki behar du bere gorputza oankalitarrenarekin gurutzatu nahi duen ala bere espezieari leial izango zaion eta haien kontra altxatuko den.

Egile berriak

Lilithen eta oankalitarren arteko hartu-emanaren bidez, Butlerren trilogiak kolonizazioaren eta inperialismoaren testuinguruan sorturiko harremanak —esklabotzatik espetxe zelaietara eta eugenesira daraman bidea— ditu aztergai, baita hertsadura egoeretan burujabetasunari eustea posible den ala ez ere.

Literatura afrofuturistaren arloan, Butlerri lekukoa hartu dio Colson Whiteheadek (New York, AEB, 1969). The Intuitionist (1999, Iragarlea) lehen nobelan arrazakeria eta gizarte erreforma ditu hizpide, igogailuek eta haien ikuskatzaileek menperaturiko munduan. Protagonista, Lila Mae Watson, igogailuen gremioan, historiako bigarren ikuskatzaile beltza da -lehen emakume beltza—. Igogailuek jendea etorkizunera bidaltzeko ahalmena dute, baina ikuskatzaileen esku dago aukeratutakoak nortzuk izango diren erabakitzea.

2016an, The Underground Railroad (2016, Isilpeko sarea) nobelarekin, Pulitzerra zein Liburuaren Sari Nazionala jaso zituen Whiteheadek. XIX. mendeko lehen erdialdean esklabo beltzak estatu libreetara eta Kanadara ihes egiten laguntzeko AEBetan eraturiko ezkutuko sarea orainaldira egokitzen du nobelak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.