Literatura

Lurra helburu

Etorkizunean girotuta dago Alexis Wrighten 'The Swam Book' eleberria, klima aldaketak suntsiketa larriak eragin dituen garai batean; bere lurretatik kanporatua den jendearen gatazka du ardatz.

Panamako Gardi Sugdub irla. Guna Yala eskualde indigenaren parte da, klima aldaketak gogor jo duen eremua. B.V. / EFE.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Sufrimenduak, jazarpenak eta bakartzeak arauturiko mundua da etorkizunekoa. Gizakiek lurrarekiko kontaktua galdu dute, eta, ondorioz, Lurrak zigortu egin ditu berari traizio egin izanagatik. «Ama Natura? Bai zera! Errepideari loturiko jendeak uholdeen, suaren, lehortearen eta izozteen Ama Hondamendia deitzen zion. Orain, horiek ziren urteko lau urtaro nagusiak, eta [Lurrak] nahi bezala zabaltzen zituen mundu osora».

Etorkizunean girotuta dago Alexis Wrighten (Cloncurry, Queensland, Australia, 1950) The Swam Book (Beltxargen liburua, 2013) nobela, klima aldaketak goitik behera aldaturiko Lur planetan. Iparraldeko Lurraldera, hots, Australiako Gobernuak herri aborigenei emandako eta nobelan Intervention bezala azaltzen den eremura ere heldu dira klima hondamendiaren eraginak —Iparraldeko Lurraldean gertatzen ari zen aborigenen kontrako indarkeria sistemikoaren berri eman zuen txostenari egiten dio aipamen izendapenak, 2007an Afera Indigenen ministroak komunikabideetan zabaldu zuenari—; nahiz eta aborigenek, Mendebaldetik etorritako usurpatzaileek ez bezala, ingurumenarekiko bestelako harreman bat mantentzen duten. Interes politiko eta ekonomikoek bazterturiko lurralde horretara heltzen da Bella Donna, klima aldaketak Europan izandako eragin bortitzaren ondorioz ozeanoa zeharkatzera behartuta dagoen errefuxiatu zurien talde batetik bizirik ateratzen den lagun bakarra. Bertan, kautxu zuhaitz baten enborreko zirrikitu batean harrapatuta dagoen neskato aborigen bat askatuko du. Neskatoak ez du izenik, ez iraganik, ezta ahotsik ere. Istorioak aurrera egin ahala, sexu eraso bortitz baten biktima izan dela jakinarazten zaigu, eta horren ondorioz bere jendeak abandonatu eta ahaztu egin duela. Oblivion Ethyl(ene), Oblivia laburrean, izena jartzen dio Bella Donnak, eta zingira batera joko du harekin, garai batean aborigenak gainerako populaziotik aparte mantentzeko erabili zuten hesiaren bestaldera. Zingira horretan «munduko atxiloketa zentrorik ezezagunena» dago, Australiako indigenak preso edukitzeko erabilitako gerraontzia, egun erabat zaharkituta eta abandonatuta dagoena. Bertan hartuko dute ostatu Bella Donnak eta Obliviak, eta bertan kontatuko dizkio garai batean mundu zaharrean bizi ziren beltxargei buruzko istorioak.

Bella Donna hil egingo da halako batean, eta beste behin umezurtz geraturiko Obliviak Warren Finch Australiako lehen presidente aborigenaren ezkontza proposamena onartzea beste aukerarik ez du izango. Karismatikoa bezain faltsua da Finch, ordea, boterean jarraitzearren bere jendea eta haren usadioak saltzeko prest dagoen politikari zitala. Haren ondoan indarkeria eta iluntasuna baino ez ditu ezagutuko Obliviak, baina Bella Donnarengandik jasotako beltxargen istorioek bizirik jarraitzeko kemena emango diote. Doan tokira doala, espirituen antzera jarraitzen dioten beltxargen laguntzarekin, neskato aborigenak bere historia eta lurraldea berreskuratzeko bidaiari ekingo dio, beranduegi izan baino lehen.

Lurra, bizirik dagoen izatea

Bella Donna, Oblivia, australiar indigenak, beltxargak... Erbesteratuak dira denak, beren lurretatik indarrez kanporatuak izan direlako, elkarrekin lotura duten arrazoiak tarteko. Bella Donnaren eta beltxargen lurraldea zena, kontinente zaharra, lehenengoaren jendearen ekintzez suntsitua izan da; beltxargak izan ziren lehen biktimak, baina luze gabe, Bella Donaren jendeari heldu zitzaion beren ekintzen ondorioak pairatzea. Bestetik, aborigenak kontzentrazio esparruetan bizitzera kondenatu zituen kontinente zaharretik heldutako jendeak, eta arbasoen lurretatik, tradizioetatik eta ingurumenarekiko harremanetik urruntzera derrigortu.

Aborigenen subiranotasuna aitortzeari begira, Australiako Gobernuak behin eta berriro agerturiko jarrera zurruna eta hondamendi ekologikoa eskutik helduta doaz Wrighten nobelan, kolonialismoak ezarritako lurralde kudeaketa neurriek —hots, kontsumo kapitalismoak— ez baitituzte soilik aborigenengan izan ondorio suntsigarriak; Lurrean ere antzeman daiteke eragina, ekosistema osoak desagertzea zein desagertzeko bidean egotea ekarri baitute.

Indigenak zein lurraldea hobetzeko politika egiten duela esaten urteak daramatza Canberrako gobernuak, baina gizaki zuri salbatzailearen jarrera horren atzean legez kanpokoa izan zen europarren etorrera arrazoitzeko eta aborigenak atxiloketa egoera iraunkorrean mantentzeko estrategia besterik ez dago. Nobelaren aburuz, bestelako istorioak behar dira Antropozenoaren arorako, lurrarekiko harremana berreskuratzen eta hondamendi ekologikoari buelta ematen lagunduko duten istorioak. Lurra ez da ideia bat, ezta ikuskizun bat ere, bizirik dagoen izatea baizik, bere istorio eta jakinduriarekin, bere ontologiarekin. Lurrak kontatua izan behar du salbatua izan dadin. Azken hori, ordea, nekez gertatuko da lurra kontatu dezaketen pertsonak baztertuak badira. Izan ere, aborigenengandik asko ikas dezakete kolonoek, bestearen izenean hitz egin beharrean hari entzuten jartzen badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.