Indarkeria matxistaren aurkako eguna. Justizia patriarkala

«Aitak nahi duena egin dezake umeekin, inpunitatez»

Mendekotasun larria du Mariaren haur zaharrenak; txikiak amari esan dio aitak anaia jo duela, baina epaileek ez diote sinetsi, haurra andreak manipulatuta egon daitekeelakoan.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Akituta mintzatu da Maria —ez da haren egiazko izena—, erreta: «Erotuta banengo bezala tratatzen naute epaitegietan: ez daukat inolako sinesgarritasunik». 2013an banatu zen bi semeen aitarengandik, eta auzitegietatik atera ezinik egin ditu azken sei urteak. Egoera bereziki zaurgarrian dago haur zaharrena: autismoa du, eta mendekotasun larria. Mariak arduragabekeria eta indarkeria zantzuak antzeman ditu aitaren jardunean, baina auzitegietan ez dituzte salaketak ikertu, uste baitute amak manipulatuta daukala haur txikiena. Ez dauka semeak babesteko modurik: «Oso bidegabea da: sistema osoa dago antolatuta aita semeekin egon dadin; aldiz, amei lupaz begiratzen digute, eta akats txikienarekin kentzen dizkigute umeak».

Bikote harremana haustea erabakitzen duten andre asko bezala, bortizkeriatik ihesi banatu zen Maria: «Infernu bat zen. Tratu txarrak ez ezik, indarkeria ekonomikoa ere jasaten nuen». Bortxa ez zen eten banatu ostean: «Senar ohiak eta haren senideek etxetik kaleratu gintuzten haurrak eta ni». Ordurako, hiru aldiz salatu zuen indarkeria, baina gerora salaketak kendu zituen. «Abokatuek gaizki aholkatu zidaten: esan zidaten hobe zela salaketarik ez egotea akordio hobea lortze aldera, baina kalte handia egin zidan, eta zaintza partekatua ezarri ziguten. Ezinbestekoa da genero gaietan espezializatutako abokatuak edukitzea».

Banaketaren unean, hilabete gutxi zituen haur txikienak, eta 5 urte zaharrenak. Nafarroako Erriberan bizi ziren, baina Iruñerrira mugitu zen Maria, seme nagusiarentzako baliabideak han zeudelako. Salatu egin zuen senar ohiak, argudiatuz inguru berrian ez zegoela harentzako eskola egokirik: «Iruñean dagoen ikastetxe pilarekin... Errebelatzea beste erremediorik ez zitzaidan geratu». Indartsu mintzo da, baina mehatxua sentitzen du: «Haurrak kendu nahi izan dizkidate, argudiatuz migratua eta ama bakarra naizela. Non arraio bizi naiz, hori umeak kentzeko arrazoi gisa erabiltzen bada?».

Izan ere, semeak babesteko ahaleginak ere haren aurka itzuli dira. Duela urtebete, bikotekide ohiaren aurkako salaketa jarri zuen, seme zaharrena behar bezala ez zaintzeagatik: «Aitarekin astebetez egon ostean, aurpegia txikitua zuela jaso nuen: mukiak ez garbitzearen ondorioz, ultzeratuta zeukan sudur eta aho ingurua, erreta». Larrialdietara eraman zuen. «Baina medikua ez zen busti. Txostenean ez zuen jaso gurasoetako baten utzikeriaren ondorio zenik, baizik eta 'amak esan du...', eta horrekin jada nire gaineko zalantza adierazi zuen».

Salaketa hori tramitatzen ari zirela, beste bat aurkeztu zuen: «Seme txikiak behin baino gehiagotan kontatu zidan anaiak krisiak zituenean edo gaizki portatzen zenean aitak jo egiten zuela. Haur autisten gurasooi irakasten digute halakoetan zer egin, baina aitak ez ditu teknika horiek erabiltzen, baizik eta indarkeria». Umearen testigantza bideoan grabatu nuen, eta auzitegira eraman zuen. «Salaketa hori aurrekoarekin elkartu zuten, epaile kontserbadore batek bere gain hartu zituen, eta biak artxibatu zituen». Aurpegiko zaurien auzian, epaitegiak adierazi zuen ez zegoela deliturik; erasoaren auzian, GASa erabili zuten argudio gisa: «6 urteko haur baten lekukotza ezin omen dute kontuan hartu, manipulatuta egon daitekeelako. Ustezko manipulazio horren frogarik ez daukate, baina ez didate aukerarik ematen frogatzeko ez dagoela manipulaziorik. GASa da hori».

Hala, haurrak guztiz babesgabe daudela nabarmendu du: «Nire seme zaharrena ez da hitz egiteko gai, eta txikiena ezin omen dute entzun; peritu batengana ere ez dituzte eraman. Ni ez naute serio hartzen epaitegietan, eta nire senar ohia ahaldunduta ateratzen da prozesu guztietatik. Hark badaki nahi duena egin dezakeela nire semeekin, inpunitatez, epaileek babesten dutelako».

Elkarguneekin kritiko

Halere, hura ez zen izan auzitegi batean haurrak manipulatzea egotzi zioten lehen aldia. «Familia elkarguneak igorritako txosten baten ondorioz, epaile batek mehatxu egin zidan: haurren eta aitaren arteko lotura landu behar nuela, eta zaintza kenduko zidatela bestela. Oso makillatuta, baina leku askotan ari dira GASa aplikatzen».

Ildo horretan, oso kritiko mintzatu da familia elkarguneen inguruan: «Berez, haurrekin gertatzen dena ikusgai jarri beharko lukete, baina albo batera begiratzen dute». Salatu du langileek denbora gutxi dutela balorazioak egiteko, eta txostenetan irizpide patriarkalak gailentzen direla: «Astean bi egunez joaten naiz elkargunera, ordu laurdenez, baina denbora horrekin nahikoa izan dute ni gatazkatsu gisa tratatzeko. Lupa batekin begiratzen dute nola agurtzen nauen nire semeak: ez daude trebatuta autistekin jarduteko, ez dituzte ulertzen kodeak, baina ni ebaluatu egiten naute; ez du inporta nire umea nola iristen den aitarenetik, baizik nola elkar agurtzen dugun».

Emakume izateagatik diskriminatu dutela berretsi du: «Beti saiatzen dira emakumeoi prestigioa kentzen. Ez dizute barkatzen izaera gogorra edukitzea eta ahaldunduta egotea; biktima bat izan behar duzu, txikituta nahi zaituzte. Eta ez bazara halakoa, gatazkatsu bihurtzen zara». Beste ama batzuekin batera, antolatzen hasia da familia elkarguneetako jarduna salatzeko. «Ohartu naiz ez nagoela bakarrik, niri gertatzen ari zaidana andre pila bati gertatzen ari zaiela. Sistema bera dago gaizki». Akituta dago Maria, baita beldurraz ere: «Zergatik bizi behar dugu beldurrez, zerbitzu publiko bat tartean egonda?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.