Biziarteko kartzela ezarri diote Asparrenean andre bat hilik utzi zuen gizonari

Sophia Losche kamioi batera igotzen ikusi zuten azken aldiz, eta hilik azaldu zen, Araban. Kamioilaria zigortu dute, andrea hil eta gorpua botatzeagatik

Asparreneko (Araba) gasolindegi baten inguruan aurkitu zuten Sophia Loscheren gorpua. ERTZAINTZA / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Alemaniako epaitegi batek biziarteko espetxe zigorra ezarri dio Sophia Loscheren hiltzaileari. Asparrenean (Araba) aurkitu zuten emakumearen gorpua, errepide alboan, indarkeria zantzuekin. 28 urte zituen. Epaileek frogatutzat jo dute erasotzaileak kamioian hartu zuela emakumea, eta eraso egin ziola. Epaimahaiaren arabera, erasoetan egindako zauriak «estaltzeko» asmoz hil zuen andrea, eta errepide bazterrean utzi.

2018ko ekainaren 14an galdu zuten Loscheren arrastoa, Leipzigen (Alemania). Errepideko zerbitzugune batean ikusi zuten, kamioi batera igotzen; auto-stopean ari zen. Familiari mezu bat igorri zion etxera zihoala esanez, baina ez zen agertu. Salaketa jasota, emakumea igo zen kamioia identifikatu zuen Alemaniako Poliziak, eta bilatzeko agindua zabaldu zuen. Espainian aurkitu zuten ibilgailua, Jaenen (Andaluzia), eta atxilotu egin zuten gidaria. Desagertzea salatu eta bost egun igaroak ziren. Emakumeari eraso egin izana egotzi zioten gizonari.

Loscheren gorpua bi egun geroago aurkitu zuten, ekainaren 21ean, Asparreneko gasolindegi baten inguruan. Polizia iturriek azaldu zutenez, hilotza usteltzen hasia zegoen, bertan egunak zeramatzan seinale. Areago, jakinarazi zuten erasotzailea gorpua erretzen saiatu zela, aztarnak desagerrarazteko helburuarekin. Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuten akusatua, nazioarteko kasua izanik, eta Alemaniara estraditatu zuten.

Fiskaltzak eta Loscheren sendiak biziarteko zigorra eskatu dute, eta epaileek babestu egin dute eskaria. Zigorra murrizteko eskatua zuen defentsak, gaztea «lehen kolpearekin» hil zela eta.

Losche iheslarien aldeko ekintzaile ezaguna zen. Lesbosen izana zen gobernuz kanpoko talde batekin, eta SPD Alemaniako alderdi sozialdemokratako gazte taldeko presidente ere izana zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.