Gailurrerantz doa oraindik Mendifilm

Mendifilm jaialdia hamalaugarrenez egingo dute, Bilbon. Ostiralean hasiko da, eta 52 film ikusteko aukera izango da. 11 hitzaldi eta sei erakusketa ere prestatu dituzte. Sebastian Alvarok jasoko du The Walk on Project saria.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ostiralean hasi, eta abenduaren 11n bukatuko da hamalaugarren Mendifilm jaialdia, Bilbon. Inoiz baino indartsuago dator aurtengo ekitaldia, eta 52 film ikusteko aukera izango da. Horietatik 50, sail ofizialean lehiatuko dira. Jaialdiak izandako arrakastak segida izan dezake aurten ere.

Hiru izango dira Mendifilmen aitzakian prestatuko dituzten oinarrizko kanpalekuak: Euskalduna jauregia, Golem zinemak eta BBK aretoa. Orotara, 44 saio eskainiko dituzte aipatutako hiru lekuetan. Baina ez dira filmak bakarrik emango festibalak iraungo dituen bederatzi egunetan. Horiez gain, 11 hitzaldi eta sei erakusketa ere izango dira, besteak beste, aurtengo aldian. Izen handi asko izango dira Bilbon jaialdiaren aitzakian; adibidez, Sebastian Alvaro kazetari eta errealizadore madrildarra. Hark jasoko du aurtengo The Walk On Project Mendi Film saria, abenduaren 5ean. Euskalduna jauregian egingo dute sari banaketa.

Azken urteetan gertatu den antzera, aurten ere Euskal Herriko hainbat eta hainbat sortzailek aurkeztuko dituzte euren filmak Bilbon. 52 filmetatik, bederatzitan hartu dute parte Euskal Herriko zuzendariek, gidoigileek eta ekoizleek, zuzenean edo zeharka. Irekiera ekitaldirako aukeratutako filmak ere Euskal Herriko jatorrikoa du. Luis Arrieta zuzendari nafarraren Mendiak 1976 filmaren nazioarteko estreinaldia ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Shakhaur (Afganistan, 7.116 metro) mendiaren espedizioan izandako ezbehar batean Nafarroako eta Poloniako hainbat mendizalek izandako harremana du oinarri.

«Ilusio handia egin dit estreinakoa gurea izateak»

Luis Arrieta'Mendiak 1976' filmaren zuzendaria

Luis Arrietak (Iruñea, 1983) zuzendu duen Mendiak 1976 filma izan da antolatzaileek jaialdira hasiera emateko aukeratu duten lana. Larunbatean emango dute, Euskaldunan, 19:00etan. Shakhaur mendia igotzeko espedizioan izandako ezbehar baten ondorioz hainbat mendizale nafarrek eta poloniarrek izandako harremana du oinarri.

Gustura bigarrenez Mendifilmen zaudelako?

Bai. Bizi film labur bat zen, eta oraingoa, aldiz, film luze bat. Niretzat hura jada sari bat izan zen! Oraingo film luzearekin jauzi handi bat eman dudala iruditzen zait. Urtebeteko lana izan da. Gogo handiz egin dut.

Orain dela 45 urteko istorio bat da. Nola otu zitzaizun orduko istorio bat gaur egunera ekartzea?

Aspaldiko film batetik dator asmoa. Jabi Pastor nirekin eskalatzen ibiltzen den Koldo Pastorren osaba zen. Hura 1976ko espedizio hartan egon zen. VHS formatuan zegoen grabazio hura, eta liluratuta gelditu nintzen irudi haiekin. Ordurako, garai hartako Nafarroako espedizio gehienak ezagutzen nituen, esaterako, 1979ko Dhaulagirikoa, 1980ko Everestekoa, K2koa... Baina ez nekien ezer Shakhaurreko espedizioaz! Ordura arte ezagutzen ez zen historia bat kontatzeak erakartzen ninduen. Espedizio hura, gainera, hiru urte geroago Dhaulagiriko gailurra ekarri zuenaren aurrekaria izan zen. Lehen zazpimilakoa izan zen nafarrentzat, eta historiara pasatu zen. Orduan ez zen erraza halako mendiak igotzea.

Zure lehen asmoa, hala ere, beste bat omen zen.

Pandemiak asmoak aldatu zizkigun. Gure lehen asmoa orduko espedizio haren antzeko zerbait egitea zen, baina 45 urte geroago. Jabi Pastorren irudian barneratu nahi genuen, berak ezin izan baitzuen Dhaulagirin egon, bi urte lehenago Alpeetan hil baitzen. Oraingo honetan, haren iloba Koldo Pastor eta ni zazpimilako batera joatekoak ginen. Konparazio bat egin nahi genuen, orduko eta gaur egungo espedizioekin. Pandemiaren erruz, ezin izan genuen, baina konturatu ginen espedizio hartan protagonista izan ziren Poloniako espedizioko protagonista gehienak bizirik zeudela. Orduan jakin genuen nafarrek poloniarrekin zuten harremana eten egin zela 1980an, Polonian zuten erregimenarengatik.

Erraza izan al da poloniarrekin harremanetan jartzea?

Filmaren trailerra erakusten ari ginela, Madrilen dagoen Poloniako Kultur Institutuan lan egiten duen emakume bat historiarekin katigatuta gelditu zen. Haren kabuz hasi zen garai hartako poloniarrekin harremanetan. Haren inguruko alpinista ezagunei erakutsi zizkien hainbat argazki, eta Voytek Kurtykak ezagutu zuen.Espedizio hartan egon zen Kurtyka. Hark aipatu zion alpinistari bere bila zebiltzala. Hasieran,mesfidantza handia izan zuten. Galdera asko erantzutea tokatu zitzaigun hasieran, baina behin dena azaldu ondoren, laguntzeko prest azaldu ziren. Asko gogoratzen ziren espedizio hartaz, askorentzat lehen espedizioa izan baitzen. Aitortu ziguten ezbeharrak asko markatu zuela bat baino gehiago.

Beste jaialdi gehiagotara aurkezteko asmoa duzue?

Gure asmoa Europako beste jaialdietara ere aurkeztea da. Hasteko, Izabako Ukerdi Mendiko Zine Jaialdian ere izango da, baita Elizondon ere, Gerardo Plaza espediziokidea izan zen herrian. Haren familiarekin grabatzen aritu gara Baztan aldean, eta ilusio berezia egiten digu. Urtea amaitzeko, abenduaren 16an Iruñean emango dugu, Nafarroako filmotekan.

«Esker ona erakutsi nahi izan diet gure arbasoei»

Aritz Ganboa 'Bideak' dokumentalaren protagonista

Bilboko BBK aretoan aurkeztuko dute ostiralean, 19:00etan, Bideak dokumentala. Aritz Ganboa protagonistak (Arrazua, Nafarroa, 1979) eta Xabi Unanua zuzendariak egingo dute, Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia gisa hartuta. Arruazu eta Izaba (Nafarroa) herriak batuz zeharkaldi bat egin zuen Ganboak 2019ko urrian, guztira 170 kilometro. Hori eginez, haren bi aitonak omendu zituen. Artzainak ziren biak.

Zer ikusiko dugu Bideak dokumentalean?

Hasteko, Euskal Herriko artzain baten harrikada izugarria [barrezka]. Nire historia pertsonalak bi jatorri ditu: bat Arruazu da, eta bestea, Izaba. Nafarroa ekialdetik mendebaldera dagoen ibilbidea, eta Aralar eta Orhi mendiak zeharkatuz osatzen dena egitea erabaki genuen, bertan dagoen ondarea balioan jarriz. Gure arbasoei esker ona erakutsi nahi nien, eta bertan egiten ditugun gogoetak ere ikusiko ditugu. Landa eremu bizi bat aldarrikatzeko aitzakia izan zen dena. Besteak beste, 170 kilometro zeharkatu behar izan nituen gazta bat bizkarrean eramanda, eta Iker Karrera korrikalari handiaren eta beste kide batzuen laguntzaz, gozatzeko aukera izan nuen.

Nola sortu zen egitasmoa?

Nire zaletasunetako bat mendian korrika egitea da, eta, aldi berean, landa eremuan lan egiten dut. Betidanik neukan buruan biak uztartzea, eta horrela otu zitzaidan ideia.

Urtebete inguru da dokumentala Euskal Herrian aurkeztu zenutela. Nolako harrera izan du orain arte igaro dituzuen herrietan?

Oso harrera ona izan du! Gu ere harrituta gaude! Urtarrilean hasi ginen dokumentala eskaintzen, eta astean gutxienez bi egunetan egin ditugu aurkezpenak. Pandemiarengatik jarritako murrizketak kontuan hartuta, datu esanguratsuak dira. Areto asko topatu ditugu beteta, eta ikusleengandik jaso dugun erantzuna ere aparta izan da.

Dokumentalaz harago, orain liburu bat ere aterako duzue. Nolatan?

Komiki-ipuin musikatua dela esateko moduan gaude! Konturatu ginen dokumentala adin tarte batera ez zela behar bezala iristen, gehienbat gaztetxoengana eta umeengana. Horretarako, nire bizitzako ipuintxo bat kontatzen genuen aurkezpenetan. Hori umeengana iristen zela konturatu ginen, eta hortik etorri zen ideia. Ipuina musikatua eta kantatua izango da gainera. Bertan parte hartu duten bertsolarien artean daude, besteak beste, Julio Soto, Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Imanol Lazkano. Durangoko Azokarako kaleratuko dugu, nahiz eta lehen aurkezpena abenduaren 3an egingo dugun, Mendifilm ekitaldiaren lehen egunean.

Zer esan nahi du zuentzat egindako lan guztia Mendifilmen izateak?

Dokumentala egin genuenean, hori zen hizki larriz markatuta genuen helburua. Euskal Herrian du lekua dokumentalak, eta, alde horretatik, mendiarekin du lotura. Menditik egiten dira ekarpenak ere. Behar bat ikusten genuen. Oraindik ere, kultura hiritar hori mendiari aisialdiaren ikuspegitik lotzen zaio, eta jende horrengana guztiarengana iritsi nahi genuen dokumental honen bitartez. Erakutsi nahi diegu landa eremu bizirik gabe ezingo genituzkeela hain zoriontsu egiten gaituzten mendi horiek horrela eduki. Zubi bat eraiki nahi genuen, eta horretarako Mendifilmek ematen duen aukera paregabea da. Hori da guretzat Mendifilm!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.