ETBren teleberriez kokoteraino

2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Horrelatsu imajinatzen dut alderdi jeltzalearen propaganda arduradunen, barka, komunikazio batzordearen asteroko bilera; erdaraz, jakina:

«Lehendakariarekin hasiko gara, beti bezala. Astelehen goizeanEuskal Y-aren obrak bisitatuko ditu. Jon Koldo, joan prestatzen hitzaldia. Eguerdian Gernikatik pasa daiteke, Azoka Eguna da eta. Baserritarrei eskua ematen eta sagarrak erosten; adierazpenik gabe, irudiak bakarrik. Asteartean Gasteizen egon beharra dauka, baina kamera joan dakiola; autogobernu ponentzia bide onetik doala eta estatus berria aurrerapauso handia izango dela Euskadirentzat. Asteazkenean Aita Mari erreskate barkuari bisita».

Horrela, aste guztirako irudi lanak izendatuko zaizkio lehendakariari. Gero Arantxa Tapiaren txanda. Astelehenean Meet Basque Country Kongresua inauguratuko du Donostian; asteartean Basque Industry 4.0, Bilbon; asteazkenean, ostegunean... Igandean, aspaldiko partez, ez dago alderdi ekitaldirik, eta ez dakite nora bidali. «Mondejuaren eguna da Zaldibian. Epaimahaian jarriko bagenu?», proposatu du Eguzkiñek. «Eta ez bazaizkio gustatzen? Astunak dira gero mondejuak!», erantzun dio Jon Koldok. Azkenean, igandean jai ematea erabaki dute, meza telebisatuan epistola irakurtzen jartzea ere ez zaie ideia ona iruditu-eta.

Madrileko Klimaren goi bilera dela-eta, astelehenean Gasteizko alkatea joango da bere hiria munduko grinkapital berdeena eta bakarra dela esatera; asteartean Donostiakoa, oraindik ez baina laster, metroa, tranbia eta AHTa martxan jarritakoan, hiri jasangarrietan jasangarriena izango dela aldarrikatzera. Ortuzarri esango diote argi egoteko, De Miguel kasuan, Katalunian edo Madrilen nobedaderen bat sortzen bada berea izango dela-eta lehen balorazioa. Gero, bigarren mailakoak lotu dituzte, egunez egun eta pertsonaz pertsona. Filosofia: dena ondo doa, ekonomia gora, langabezia behera. Eta zerbait gaizki badoa, konponbidean dago, lasai. Dena zehaztu dutenean albistegien arduradunari helarazi diote programa.

Agian pasatu egingo nintzen koloreekin koadroa margotzerakoan, baina askotan errealitateak gainditu egiten du irudimena, eta auskalo hau ez ote den horren adibidea. Lagunartean gaia ateratzen denean honelakoak entzuten dira: «Ez dut bost minutuz ere jasaten»; «zapping egiten dut; nahiago dut beste edozein telebistatako albistegia edo La que se avecina-ko pailazoak ikustea»; «kezkatuta omen daude audientziarekin».ETTB (Euskal Tapia Telebista) birbataiatu zuen Gara-ko komikilariak, eta beste izen ironiko batzuk ere entzuten zaizkio jendeari, hona ekarriko ez ditugunak.

Nora begira dago oposizio sozial eta politikoa, EH Bildu batez ere, hau indarrez eta modu sistematikoz ez salatzeko? Hain gauza nabarmena izanda, ez da ikusten ekimen eta jarraipen zehatzik. Erraza da hau kuantifikatzea; aski da pertsona bat erlojuaz albistegiak ikusten, neurtzeneta oharrak hartzen ipintzea. Eta datuak eskuan, salaketak egitea eta kontuak eskatzea. Ala jubilatuak bezala astero elkarretaratzeak egiten hasi beharko ote dugu EITBren aurrean?

Telebistako kazetariek ez dute honenerrurik; lehen biktimak eurak direla ere pentsa daiteke, eta bat baino gehiago esandakoarekin identifikatua sentituko dela ere bai. Baina agian eurek ere egin beharko lukete zerbait, nahiz eta jakin arriskuetan sartzen direla.

Ziur asko, lagunak egiten ari gara beste behin ere, baina jeltzaleek ez lituzkete gaizki hartu behar honelako oharrak. «Bakoitzak bere opilari su», dio esaerak, eta agian ulergarria da agintean dagoen alderdia txingarrak bere aldera eramaten saiatzea, baina konturatu behar dute aspaldian opilak erre beharrean kiskali egiten dituztela, eta kontu handiagoz ibiltzea komeni zaiela, etxekoen zein auzokoen haginak eta urdailak izorratu nahi ez badituzte.

Azken batean, denon artean ordaintzen dugun telebista publikoaz dihardugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.