Euskal Herriko Itzulia

Erasoa da defentsarik onena

Demi Volleringek irabazi du Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa ere, Mallabian, eta sendotu egin du nagusiko lehen postua. Gaur amaituko da lasterketa, Donostian

Erasoa da defentsarik onena.
Aitor Manterola Garate.
2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Herenegun batere lotsarik gabe onartu zuen Demi Volleringek (SDW) indartsuena zela, eta ez zebilen gaizki edo harrokeriaz bere burua goratzeko. Atzo ere irabazi egin baitzuen. Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa ere bereganatu egin zuen Herbehereetako txirrindulariak. Mallabian hasi eta bertan bukatu, 117 kilometro oinetan, eta azkeneko aldapan erakutsi zuen indartsuena bera dela. Sailkapen nagusian, sendotu egin zuen lehen postua: 22 segundora utzi du Pauliena Rooijakkers (Canyon), eta 42ra Kristen Faulkner (Bikeexchange). Gaur amaituko da lasterketa, Donostia-Donostia etaparekin (139 kilometro).

Ibilbide gogorrari hortzak erakutsi zizkion atzo ere Volleringek. Nongoa den garbi azalduz. Izan ere, defentsarik onena erasoa izaten da Herbehereetako ziklistentzat, eta horixe egin zuen liderrak. Horiek badute zerbait genetikoa horrela jokatzeko. Aldeari eustera bakarrik korritzea arriskatzea dela iritzita, aldeak handitzera jokatu zuen.

Taldeko estrategia ere alde zeukan. Esana zuen bezperan BERRIAn: «Gutxi gara taldean, baina oso ondo gaude, sasoiko». 30eko tropeltxoan Ashleigh Moolman-Pasio, Nimh Fisher-Black eta Anna Shackley zeuzkan, eta aurrenekoa izan zen, hain justu, lasterketa erabaki aurreko mugimenduko eragileetako bat. Trabakuan gora osatu zen eguneko lehen ihesaldia, hegoafrikarrarekin, Sheyla Gutierrez (Movistar), Shirin Van Anrooij (Trek), Marta Jaskulska (Racing), Anastasia Carbonari (Valcar), Nadia Quagliotto (Bepink), Tatiana Guderzo (Fassa Bortolo) eta Yuliia Biriukovarekin (Arkea, 181). Minutu eta hogei segundoko aldea ere izan zuten, baina pelotoiak kontrolpean izan zituen denbora guztian. Karabietan gora hasi orduko harrapatu zituzten iheslariak, eta orduantxe jo zuen aurreneko erasoa Volleringek.

Neurri-neurriko horma zuen, lehenengo mailako mendatea, etapako gogorrena, Elgeta inguruan, eta aldapari aurrez aurre begiratu zion. Natura eta txirrindularia parez pare. Erronka. Nor gehiago izango. Hor gora astindu zuen mehe zetorren tropela —30en bat txirrindulari—, eta entresaka egin zuen onenen artean.

Behin baino gehiagotan saiatu zen ihesean, baina ez zioten utzi bakarrik joaten. Jakin egin behar berak ere ahal zuen guztia egin zuen bakarrik joateko, edo indarrak neurtuz joan zen. Erakusten ari baita beste guztiak baino kosta pare bat gorago dagoela.

Harrapatu egin zuten, baina segituan Moolman-Pasiok egin zuen aurrera. Oraindik eta gehiago mehetu zen taldea. Marta Cavalli (Nouveille-Aquitaine) saiatu zen gero, baina Volleringek kate motzean zeuzkan lotuta gainontzekoak.

Hamasei kilometro falta zirenean jo zuen eraso ia erabakigarria Volleringek. Harekin joateko gai izan ziren Cavalli, Pauliena Rooijakkers sailkapen nagusiko bigarrena, eta Olivia Baril (Valcar), Donistian bizi den Kanadako ziklista. Elkar ulertu ez, ordea, eta harrapatu egin zituzten atzekoek. Azkenik, Vollering, Cavalli, Rooijakkers, Baril eta Juliette Labous (DSM) gai izan ziren 35 segundoko tartea egiteko. Atzean zetozen beste faboritoak: Amanda Spratt (Bikeexchange), Lucinda Brand (Trek) eta Kristen Faulkner (Bikeexchange), besteak beste.

Kontuak kontu, bost ziklistaren artean jokatu zuten etapa: Vollering bera, Rooijakkers, Cavalli, Baril eta Labous. Azkeneko aldapan, kolpe erabakigarria jo zien beste laurei Volleringek. Defentsarik onena erasoa delako. Aise irabazi zuen, eta sasoiko bederatzigarren garaipena lortu. Atzeko taldea 17 segundora sartu zen. Gustura zen: «Egun zoragarria izan da. Indartsu sentitu naiz, eta asko saiatu naiz ihesean. Konfiantzaz nabil». Itzulia irabazteko hautagai nagusia dela berretsi zuen: «Dena alde daukat irabazteko, eta horrela izan dadila».

Santesteban, gaixo, etxean

Etapa bertatik bertara ikusi eta bizi ez zuena Ane Santesteban izan zen. Bike Exchange taldekoziklista gaixo dabil, eta ez ateratzea erabaki zuen. Mezu honen bidez jakinarazi zuen sare sozialetan:«Osasuna da lehendabizikoa, eta sendatzeko garaia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.