Donosti Cup

Zelaietan denak berdinak

Euskal Herriko hainbat zelaitan elkarbizitza eta parekidetasuna zabaldu dituzte herrialde askotako jokalariek, Donosti Cup nazioarteko futbol txapelketan. Lau klub gonbidatu dituzte: Palestinako bi, Espainiako bat eta Sierra Leonako beste bat. Gaur eguerdian bukatuko da txapelketa, Zubietan.
<b>Not to Forget Jenin Camp. </b>Palestinako nesken taldea, Alaves taldearen aurkako partida hasi baino lehen.
Not to Forget Jenin Camp. Palestinako nesken taldea, Alaves taldearen aurkako partida hasi baino lehen. ANDONI CANELLADA / @FOKU

June Romatet -

2019ko uztailak 13
Herensugearen orro ozenak harmailetatik zelairantz. Madrileko Lavapies auzotik heldu gutxi gerturatu diren arren, Dragones de Lavapies taldeko jokalari gazteek animo asko jaso dituzte Hendaian (Lapurdi), Miarritzeko taldearen aurka jokatzen aritu diren bitartean.

Astelehenean hasi zen Donosti Cup lehiaketa, eta gaur bukatuko da Donostia erdigune duen futbol lehiaketa. 27 herrialdetako 641 talde izan dira Euskal Herrian. Donosti Cupeko fundazioak txapelketak eskatzen dituen gastuak ordaindu ezin dituzten lau talde gonbidatu dituzte: bi talde Palestinatik etorri dira, beste talde bat Sierra Leonatik eta azkena Espainiatik.

Aita baten eta haren semearen amets bat izan zen Madrilgo talde hori sortzea, eta badira bost urte hainbat talde dituen klub bat aurrera eramaten ari direla. Andres Serrano Donosti Cupen lehiatzen ari den Madrilgo taldeetako baten entrenatzailea da; haren taldeko jokalariek 9 eta 10 urte dituzte.

Hark azaldu duenez, «Madrilgo Lavapies auzoa nahiko gatazkatsua da, eta haurrek kalean denbora asko pasatzen zuten haien adinekoek egin beharko ez lituzketen gauzak egiten». Horregatik, gurasoak oso arduratuak zeuden, eta, beraz, kalean pasatzen zuten denbora futbolean jokatzen pasatzeko lagundu zuten taldea sortzen. Gainera, auzoan erlijio eta kultura askotako jendea dagoenez, futbolaz gain errespetua, elkarbizitza eta beste hainbat balio irakasten dizkiete.

Taldekideek haiek sortutako gauzak saltzen dituzte auzoan, baina horrekin lortzen duten dirua ez da nahikoa. Horregatik, diru laguntzak behar izan dituzte aurrera ateratzeko. Jokalari bakoitzak hilero hamar euro ordaintzen ditu, baina entrenatzaileak esan bezala, kopuru hori sinbolikoa da. Entrenatzeko auzoan zegoen zelaia erabiltzen zuten, baina zelai horrek ez zituen beharrezko neurriak betetzen, eta ez zuen belarrik ere. Orain, aldiz, Atletico Madrilen fundazioak lagunduta, belar artifizialeko zelaia egitea lortu dute.

«Mutil eta neska taldeak ditugu, baina baita talde mistoren bat ere», azaldu du Serranok. Gainera, gazteentzat ez da arraroa taldeetan generoak nahastuak egotea, Martin Calvo atezainak oihuka adierazi bezala: «Gure taldean neska bat dago, Lola da, eta, gainera, berak sartu zuen lehenengo gola gure bigarren partidan!». Lola Ryan taldeko neska bakarra da, baina harentzat guztiz normala da mutil artean aritzea: «Futbolean jokatzeko berdin du neska ala mutila izan; futbolean jokatzeko gogoa besterik ez da behar».

Entrenatzaileak argi esan du: «Haurrek hain ondo pasatzen dute, nik ere haiekin disfrutatzen dut». Haurrentzat lehiaketa kanpamentu bat bezala dela azaldu du, jolas moduan hartzen dutela lehiaketa. Haurrek ere garbi dute ez zaiela jende oso lehiakorra gustatzen: «Donosti Cupera ondo pasatzera etorri gara, eta, taldekide bat oso lehiakor jartzen bada, denak haserretzen gara, eta inork ez du ondo pasatzen», esan du Gorka Moscoso del Prado jokalariak.

Serranok esan duenez, haurrentzat nahiko zaila izango da berriz Euskal Herrira etortzea eta halako txapelketa batek ekar ditzakeen esperientziak bizitzea, haien familiak xumeak baitira.

Irriz betetako zelaiak

Haurrek badakite Euskal Herrira itzultzea eta halako zerbait berriz bizitzea zaila izango dela, Moscoso del Pradok esan bezala: «Esperientzia ahaztezinak biltzen ari gara, gure taldean dauden kultura guztiez gain, beste asko ere ezagutzen ari gara, baita jende zoragarria ere».

Antzera hitz egin du Hamza Ibrahim Nyenlenkeh Sierra Leonako Diamond Child taldeko jokalari gazteak: «Esperientzia asko bizitzen ari gara, jende berria ezagutuz, eta eskerturik gaude benetan».

Sierra Leonatik etorritako taldeko gazteak familia behardunetatik datoz. Batez ere, haien herrialdeko gerra zibilaren biktimak edo gudari ohiak izandako familietatik. Gerrak Diamanteen Gerra izena du eta hortik datorkio izena taldeari.

Diamond Child izeneko GKE gobernuz kanpoko erakundearen bidez sortu zen taldea, eta Sierra Leonako 450 haurri beharrezko ikasketak emateko egiten dute lan batez ere. Mohamed Serry Kargbo taldearen entrenatzaileak azaldu duenez, «Seyduk, GKEaren lehendakariak, ahal zuen guztia egin du gu hemen egoteko, eta oso eskerturik gaude».

Taldeak aurrera egiteko, arropa erosteko eta abar diru laguntzak jasotzen ditu, baina horrez gain, txapelketako gonbidapenarekin laguntzeko GKEak Internet bidez donazio eskaera egin zuen, eta 5.000 euro inguru lortu zituen.

Pauso txikiak handi

«Gure taldea xumea da, eta, txapelketa honetan egotea jadanik guretzat asko bada ere, irabaziz gero pauso handia litzateke», adierazi du Ibrahim Nyelenkeh jokalari afrikarrak.

Donosti Cupen gonbidatu gisa aritzea pauso handia izan da Palestinako Not to Forget Jenin Camp neska taldearentzat ere. Farha Abu Alhaija taldearen entrenatzaileak esan du arduraturik dagoela. Askotan entzun omen du Palestinako gatazkaren errudunak palestinarrak beraiek direla. Lehiaketako parte hartzaile batzuekin hitz egin duela kontatu du, eta gehiengoek gatazkaren inguruan askorik ez zekitela aitortu diote.

Beraz, entrenatzaileak egoera gainetik azaldu du: «Jeningo errefuxiatuen egoera txarra da, batez ere emakume garenontzat. Leku txiki batean jende asko gaude, eta baliabide gutxi ditugu». Hori kontuan hartuta, lehiaketa haien mezua zabaltzeko baliabide ona da: «Emakumeen alde egiteaz gain, Palestinan dugun okupazioaren arazoa kontatzeko ere erabili nahi dugu lehiaketa honek ematen digun ikusgarritasuna».

Badira urte batzuk taldea sortu zela. Entrenatzaileak azaldu du neskek ez zutela gustuko zutena egiten, eta hori ikusirik sortu zutela. Donosti Cupera datozen bigarren aldia da. Lehenengoan, Jesus Artetxe Palestinaren aldeko ekintzaile tolosarragatik lortu zuten.

Oraingo hau bigarren aldia da, eta jokalari gazteak asko poztu ziren berria jaso zutenean. «Berri ederra izan zen hona gentozela jakitea, batez ere guk dugun errealitatea zabaldu genezakeelako», azaldu du Amal Odeh jokalarietako batek. Jokalari guztiek kirol asko praktikatzen dituztela esan du, baina denbora gehiena futbolean pasatzen dutela.

Horrez gain, Jeningo biztanleri gehiena musulmana da, eta horrek emakumeak kultura eta erlijioa jarraituz, etxean egotera eta zaintza lanak egitera baldintzatzen ditu. «Palestinan kirola gizonekin lotuta dago, eta gu oso harro gaude ematen ari garen aurrerapausoez», adierazi du Odehek. Gizartean dauden rolen aurka borrokatzen direla azaldu du, eta horretan jarraituko dutela nahi dituzten aldaketak lortu arte.

Farha Abu Alhaijak argi esan du: «Gure herriak eta gizarteak beti jarri dizkigu trabak emakumeoi, baina guk nahi duguna egiteko eskubidea dugula zabaldu nahi badugu, borrokan gogor jarraitu behar dugu denok batera».

Odehek neskak bultzatu nahi ditu gustuko dutena egitera, beldurrik izan gabe pauso txikiak emanez aurrera joatera, eta pixkanaka gizarteak ezarritako rolak haustera. «Inork ez dakielako etorkizunean zer gertatuko den, agian asko landuz jokalari profesional bilakatu naiteke ni edo beste edozein».

Bere entrenatzaileak antzera hitz egin du, eta Lola Ryan Dragones de Lavapieseko jokalariak ere antzera azaldu du: «Zergatik izan behar dugu beldurra edo lotsa neskek kirola egiteko eta disfrutatzeko? Agian mutilak baino hobeak gara, baina ez bagara jolasten ez dugu jakingo».

Gonbidatu guztiek eman dituzte eskerrak Donosti Cupera gonbidatzeagatik. «Jendea, kultura eta erlijio desberdinak ezagutuz ikas dezakegulako zer den elkarbizitza», esan du Abu Alhaijak.