LETRETAN MURGILDUTAKOEN GUTIZIAK

Liburuaren Egunaren bezperan, liburu bana gomendatu diote BERRIA egunkariari Karmele Jaio idazleak, Iñaki Martiarena 'Mattin' marrazkilariak, Patxo Telleria antzerkigileak eta Aurelia Arkotxa idazleak.

BERRIA.
Inigo Astiz
2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Badago itsasoari itsaso barrutik begiratzerik. Eta, hain zuzen ere, BERRIAk begirada mota horren bila jo du Liburuaren Egunaren bezperan,letra artean bizi diren lau pertsonarengana. Liburu bana gomendatzeko eskaria jaso dute Karmele Jaio idazleak, Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak, Patxo Telleria antzerkigileak eta Aurelia Arkotxa idazleak, eta kaleidoskopio moduko bat izan da emaitza. Eleberriak, ipuinak, antzezlanak eta komikiak, guztiak liburu, urrutitik begiratuz gero, eta guztiak harribitxi, haietan murgiltzea erabakiz gero. Liburuen gomendioarekin batera, irakurri asmo dituztenez ere aritu dira, gainera. Gomendioak, beraz, lehenik, eta gogomendioak ere bai, ondotik.

PATXO TELLERIA

Partitura eta musika

GOMENDIOA

'Incendies'.

Egilea: Wajdi Mouawad.

Argitaletxea: Lemeac/Actes Sud-Papiers.Urtea: 2003. 

'GOGOMENDIOA'

'Enseiuak'.

Egilea: Michel Eyquem de Montaigne.

Urtea: 1533-1592.

Wajdi Mouawad antzerkigilearen Incendies piezaren testua biltzen duen liburua hautatu du Patxo Telleria antzerkigileak. Horixe da bere hautua. Ez da lanik gabea izan, ordea. Antzerkiarekin lotutako libururen bat gomendatzeko eskatu, eta elkarrizketa hasterako eman du eskariak piztutako erreparoen berri. «Antzerkia berez ez da egiten irakurtzeko; egiten da ikusteko. Antzerki liburua da antzerkiari, partitura bat dena musikari. Gero interpretatu egin behar da, eta, horregatik, musika ez da irakurtzen, eta antzerkia ere ez da irakurtzen. Halere, aspaldi honetan, irakurrita, gehien hunkitu nauen antzezlana hori da: Incendies». Eta azaldu du zergatik. «Tragedia greziarra berreskuratzen du».

Frantsesez irakurri zuen. Jatorrizkoan. Izan ere, Mouawad Quebecen bizi da, baina Libanokoa da jatorriz, eta lanak gerra-tragedia bat kontatzen du. Telleria: «Beren amaren testamentua jasotzen dute neba-arreba batzuek, eta bertan amak esaten die beren historia arakatu behar dutela, eta beren aita nor zen bilatu behar dutela». Horixe ardatza, eta, antzerkigileak dioenez, ustekabez josita dago ardatz hori.

Partitura eta musika maite ditu Telleriak oraingo honetan. Liburua eta antzezlana. Etxean irakurri, eta iazko urte hasieran ikusi zuen gero Bilboko Arriaga antzokian. «Aurrez ere gertatu zitzaidan halako bat Yasmin Rezaren Art antzezlanarekin. Lagunek aipatu zidaten Bilbora zetorrela, eta nik esan nien ikusia nuela, baina ez zuten ordura arte hemen egin, eta ea non ikusi ote nuen galdetu zidaten. Eta ez nuen ikusia, baina bai irakurrita; baina, irakurri ahala, hain garbi ikusi nuen dena, ze ia-ia aseta bainengoen horrekin. Eta gauza bera pasatu zitzaidan Incendies-ekin. Noski, gero ikusi nuen antzokian ere».

Liburu batek beti dakar beste bat, eta hori da Telleriaren kasua ere. Paul Auster idazlearen 4321 nobelak eman zion aitzakia orain esku artean darabilen liburura heltzeko. Austerrek behin baino gehiagotan aipatzen ditu Montaigneren entseguak, eta horrek piztu zion grina antzerkigileari. Eta horixe, beraz, bere gogomendioa. «Erosi berri dut, eta nola saiakera solteak diren, banoa pixkanaka-pixkanaka irakurtzen, eta ideien iturri agorrezina da. Aspaldikoa da, eta testuinguru historikoan jarri behar da, baina benetan da oso aberatsa. Eta, gainera, Montaigneren ezer irakurri ez nuenez, asko ari zait interesatzen».

KARMELE JAIO

Irakurtzen dena idaztea

GOMENDIOA

'El aliento del cielo'

Egilea: Carson McCullers.

Argitaletxea: Seix Barral.Urtea: 2007.

'GOGOMENDIOA'

'Nostalgia'

Egilea:Mircea Cartarescu.

Argitaratzailea: Impedimenta. Urtea: 2012.

Carson McCullers idazlearen ipuin eta nobela laburren bilduma da Karmele Jaiok hautatutako gomendioa, baina ezin liburu bakarra hautatu, eta Eider Rodriguez idazlearen Bihotz handiegia ere apartatu du idazleak. «Eiderrenak [Rodriguezenak] ez dira esaldiak, geziak dira». Azkenaldian irakurri duen liburu «zoragarrienetako bat» dela ere esan du. «Ikaragarrizko zehaztasuna dute ipuin guztiek. Ematen du berak erraz idatzi duela hori, eta askotan gomendatu dut jadanik. Asko-asko gustatu zait».

Baina, adostu, McCullersen liburua da gomendio ofizial modura adostutakoa. «Gustatzen zaidana da idazten duen horretan badagoela barruraino sartzen den zerbait. Oso ondo sartzen da pertsonaiaren barrura, eta barru horretan beti dago ekaitz moduko bat». Maite du haren ipuinen iluntasun puntua eta zorroztasuna. Eta badira hamaika aldiz irakurri dizkion ipuinak ere. 1917an jaio eta 1967an hil zen McCullers, eta, William Faulknerrekin batera, hegoaldeko AEBetako giroaren narratzaile onenen artean aipatzen dute adituek. Horixe hautatu du Jaiok ofizialki.

Baina beti bada beste bat. Jaiok Marta Sanz idazlearen Clavícula aipatu du. «Asko gustatzen zait idazle hori. Esaten du min ematen dioten gauzei buruzkoa dela Clavícula. Gorputza dago oso presente testuan, eta min egiten dioten gauzen artean dago gizartea ere: prekarietatea, lan mundua, bidegabekeriak... Min guztien nahaste bat egiten du, eta beti dauka ukitu bat, umore beltz bat bezalakoa; niri, orokorrean, asko gustatzen zaizkit solemnitatetik ihes egiten duten idazleak. Eta esango nuke aipatu ditudan hiru idazleen lanetan badagoela hori».

Galdera zuzena lehenik: «Irakurtzea maite duzun hori deskribatzean, ez ote zara ari idatzi nahi zenukeena ere deskribatzen?». Eta erantzuna ere kolpean Jaiok: «Ba, bai, noski».

Dioenez, denboraz estu dabil azkenaldian, eta ezin beti nahi bezainbeste irakurri. Mircea Cartarescuren Nostalgia da irakurri nahi lukeen baina oraindik irakurri ez duen lan horietariko bat, adibidez. Begiratu ditu lehen orriak, interesatzen zaio egilea, eta heldu nahi dio testuari, baina iritsi, kasik erratuta iritsi zen liburu horretara. «Berez, egile beraren Solenoide erosi nahi nuen, hari buruzko kritika onak irakurri nituelako. Joan nintzen liburu dendara, eta ez zeukaten, baina esan zidaten Nostalgia bazutela, eta horixe hartu nuen. Irakurri nuen hasierako ipuina, eta zain daukat geroztik».

IÑAKI MARTIARENA, 'MATTIN'

Konprenitzerik ez dena

GOMENDIOA

'Cherch'pas à comprendre! Ez da konprenitzen ahal gerra!'

Egilea:Begoña Durruti.

Argitaletxea: DenonarteanUrtea:2016.

'GOGOMENDIOA'

'Begi Blue'

Egilea: Amaia Hennebutte-Millard.

Argitaratzailea: ZTK. Urtea: 2012.

Egun seinalatua izan da luzez Liburuaren Eguna Iñaki Martiarena Mattin komikigile, ilustratzaile eta BERRIAko kolaboratzailearentzat. Egun horren bueltan antolatutako hamaika ekitalditan aritu da zuzenean marrazten, eta oroitzapen politak ditu. Izan ere, Mattin Galtzagorri elkarteko kide ere bada, eta hainbat urtez parte hartu izan du elkarteak antolatutako ekitaldietan. «Haur literaturan murgildu nintzen garai hartan, eta agian horregatik hautatu dut hautatu dudan liburua». Begoña Durruti egilearen Cherch'pas à comprendre! Ez da konprenitzen ahal gerra!, gomendatu du berak.

Ilustrazio eta testuen bidez, Durrutik bere aitak Aljeriako gerran bizitakoak kontatzen ditu, eta irakurleak haur eta gazte literatura apaletan topatuko du dendetan. Baina argia da Mattinen oharra: ez da inolaz ere haurrek bakarrik irakurri beharreko liburua. Edonori egin dio gomendioa. «Liburuak gogorarazten digu zer triskantza diren gerrak. Liburuan aipatzen denez, ez dago konprenitzerik nola jar gaitezkeen bata bestea akabatu arte borrokan».

Gomendio hori «Bazterreko liburu bat» ere bada, Mattinen hitzetan. «Baztango euskararen ezaugarriak ditu testuak, eta grafismoa ere aski berezia da; ez da ohiko grafismo komertziala. Bihotz-bihotzez idatzitako liburu bat da, eta zintzotasun hori da garrantzitsuena. Barrutik ateratako gauza bat da». Eta Mattinek maite ditu halako liburu sakon eta zintzoak, baina maite ditu jolastea helburu duten lanak ere.

Horregatik dabil aspaldiAmaia Hennebutte-Millarden Begi blue liburua irakurri nahian. CD-liburu ilustratu bat da artefaktua, eta 2014an argitaratu zuen ZTK argitaletxeak. Ez du eskuratzerik izan, ordea. Ez du topatu ohiko liburudendetan, eta beti dabil erosi beharra duela eta erosi beharra duela, eta halaxe gaur arte. «Oso gustuko ditut egilearen beste lanak. Gogoz nago tarte bat hartzeko eta liburua irakurri eta entzuteko». Mattinek jakin duenaren arabera, hitz jokoak, asmakizunak eta jolasak dira liburuaren ardatza. «Komikiarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da haur eta gazte literaturan sailkatzen diren lanekin ere: pixka bat prestigiatu beharra dugu».

AURELIA ARKOTXA

Ispiluzko labirintoan

GOMENDIOA

'Horma'

Egilea:Anjel Lertxundi.

Argitaletxea: Erein. Urtea: 2007.

'GOGOMENDIOA'

'Letras de la nueva España'

Egilea: Alfonso Reyes.Urtea: 1946.

«Ikusten duzularik obra bat lortua, izaten ahal da idatzian edo pinturan edo beste artelan batean, batzuetan gelditzen zara... uau!». Aurelia Arkotxa idazleak dioenez, idazlearen tailerrean bertan egongo balitz bezala sentitu da Anjel Lertxundiren Horma eleberrian. «Izugarri ongi idatzia iruditu zait, eta hizkuntza biziki lortua dauka; lan handi baten emaitza da. Konplexurik gabeko euskara bat erabiltzen du, biziki aberatsa».

Arkotxak laudatu egin ditu liburuaren lorpen teknikoak, laudatu egilearen erreferentzia basoa, laudatu frankismoari zein euskal literaturari buruzko gogoeten fintasuna, laudatu euskal letren maskulinotasuna deskribatzeko zorroztasuna eta laudatu du haren edukia ere. Izan, memoria baita nobelaren ardatzetako bat, eta interesgarri baitzaio gai hori. Alzheimerrak jotako amari mintzo zaion itzultzaile baten barne jarioak gidatzen du Lertxundiren nobela, eta Arkotxak liburuaren amaierako deskripzioa aipatu du lanaren gailur gisa. «Paisaia hoztu batean ikusten dira amaren azken momentuak, eta leihoa irekia, eta dena hoztua eta elurrean delarik... Deskripzio biziki ederra da. Musikan izaten den bezala, bukaeran soinua goiti eta goiti doala, gailur bat da bukaera hori ere».

Arkotxak ispiluz betetako labirinto batekin parekatu du memoriari buruzko jolas literario hori. «Ferietan badira labirintoak denak mirailez direnak, eta barnean sartzen zarenean ez dakizu zuzen nondik doan, eta pixka bat galduta egoten zara, baina dena da miraila jokoaren parte, eta halako inpresio bat ukan du, eta dena maisutasunez eramana».

Eta joko horretan, Arkotxak maite du Lertxundik nola urtu dituen idazletzaren eta itzulpengintzaren arteko mugak ere. «Estimagarria da nola ezabatu nahi izan duen idazlearen eta itzultzailearen arteko muga, antzinako garai klasikoetan bezala. Autorearen sakralizazioaren renegatze bat dago hor».

Arkotxarenean, pila osatzen dute irakurri nahi eta oraindik irakurri gabeko liburuek. Urrunera joan gabe, Baionako unibertsitateko bulegoko mahaian dituen bi hartu ditu adibide modura. Bata da Letras de la nueva España, Alfonso Reyesena; eta bestea da Brevisima relación de la destrucción de las Indias, Bartolome de las Casas fraidearena. Amerikan idatzitako gaztelerazko literaturaren antologia moduko bat lehena, 1946. urtekoa, eta kolonialismoaren kalteei buruzko lehen eskuko lekukotza da bestea, 1552an kaleratua. «Biziki maite ditut errelato aspaldikoak», azaldu du. «Lehengo kontaketetan atzematen da prezeski arestian aipatzen nuen literatura artekotasun hori. Kontaketa bat non baden beste kontaketa bat, non baden beste kontaketa bat. Ikusten duzu denak emanak direla molde natural batean, ura bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.