Mari Carmen Ruiz. Aktore ohia

«Antzerki komertzialak ez du zentzurik»

Bartzelonan merkataritzan tesia aurkeztu ondoren, XX. mende erdialdean Madrilgo antzerki giroan murgilduta egon zen Ruiz. Bertan ezagutu zituen Grotowski eta Stanislavski metodoak. Egungo antzerkiak aspertu egiten duela aitortu du.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Algorta
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Mari Carmen Ruizen bizitza (Bilbo, 1944) oholtza gainera eramaten diren horietakoa da. Bilbo erdaldunean hazi zen, euskararen inolako berririk gabe. Etxeko negozioak jarraitu ahal izateko, merkataritza ikasketak egin eta balantza elektronikoei buruzko tesia ere aurkeztu zuen Bartzelonan, baina bere pasioa antzerkia izan da betidanik. Bilbon hasi zituen antzerki ikasketak, eta behinola Madrileraino joan zen aktore izatera. Han igaro zituen urterik oparoenak, izen handiko jende askoren artean. Bizitzan nahi den hori lortzeko egin beharreko ahaleginaren etsenplua izan da bere seme-alabentzat. Eta, euskara gutxi jakin izanagatik ere, haurrak ikastolara eramango zituela argi izan zuen. Emozioari eutsiz eta tarteka antzerki obretako gidoiren bat errezitatuz, elkarrizketan onartu du bizitzan zenbait treni joaten utzi izan ziela: «Egin beharreko dena egin dut, eta zoriontsu naiz».

Nolakoa zen Mari Carmen haurra?

Oso ume formala nintzen, oso pozik joaten nintzen eskolara. Gogoan dut jaunartzean mintzaldi bat egin nuela, eta denak txaloka hasi zirela, zeinen ondo egin nuen ikusita. Uste dut momentu hartan erabaki nuela misiolaria izan beharrean aktorea izango nintzela. Ilusio izugarria egiten zidan, nola transmititzen nuen eta jendea nola hunkitu nezakeen ikusteak. Hor hasi zen nire antzerki ibilbidea. Baina aitak balantza biltegi bat zuen, eta nik dendan lan egin nezan nahi zuen; hari atsegin emateko, Merkataritza karrera ikasi nuen. Merkataritzako irakaslea naiz, ikasketaz. Baina ez zitzaidan batere gustatzen, ez estatistika, ez matematika, nahiz eta gauza guztietan bikaineko nota ateratzen nuen. Horregatik apuntatu nintzen Bilboko Kultura Hispanikoaren Euskal Institutura, antzerkia ikastera. Antzerkian zoriontsu sentitzen nintzen.

Nola hartu zuten etxean erabaki hori?

Aitari ez zion ilusio handirik egiten, farandularen mundua halakoa eta bestelakoa zela esaten zuen. Gogoan dut haserretu beharrean gutunak idazten zizkidala; oraindik ere gordeta ditut. Haietako batean farandulako emakumeak aipatzen zituen, etaesaten zuen ez zitzaiola gustatzen nik antzerkia egitea, baina baimena ematen zidala, benetan gustatzen zitzaidana baldin bazen, Merkataritza ikasketak alde batera uzten ez nituen bitartean. Denborarekin frogatu nion nik ezagutu nuen farandularen mundua behintzat zoragarria zela. Halaber, antzerkian hasi aurretik ere balleta egin nuen. Oroitzen naiz Errusiatik etorri zela Ludmila Arana irakaslea, eta aitak esan zidan gustatuko litzaiokeela hara joatea. Balletarekin maitemindu nintzen berehala. Traviataoperan dantzatzeko aukera paregabea izan nuen. Agertoki batera igo nintzen lehen aldia izan zen hura.

Aurretik beste harremanik izan zenuen antzerkiarekin?

Aita zezen plazako edaritegien jabea zen, balantzen esklusiba bateb jabe izateaz gain. Eta txikitan beti han sartuta egoten nintzen. Hori guztia 1950eko hamarkadan, bertsolaritza berriz hasi eta txapelketak plaza horretan egiten ziren hamarkadan, baina niretzako ez ziren existitu ere egiten. [Fredi, Xabi eta Itsaso Paya bertsolarien ama da].

Merkataritzako irakasle izateko ikasten jarraitu zenuen eta antzerki eskolara joaten zinen aldi berean?

Aita beti errespetatzen nuen, eta balantzen negozioan jarraitu nuen. Karrera amaierako tesia egitera Bartzelonara joan nintzen, balantza elektronikoen fabrika batera. Bartzelona oso gogoko nuen.

Eta zer gertatu zen han ez geratzeko?

Garai hartan, Manuel Fraga Kultura Hispanikoaren Institutuko idazkari nagusiak beka bat eman zidan Madrilera antzerkia ikastera joateko. Beka ez zen eskatzen; sari gisa ematen zen. Silvio Giovaninettiren Lo que no sabes [Ez dakizuna] obran ikusi ninduten. Ignacio Amestoiri ere eman zioten beka, geroago; oso antzerkigile errespetatua bihurtuko zen Amestoi. William Layton antzerki zuzendari ezaguna izan nuen irakasle Madrilen. Berak sortu zuen Estudio antzokia, antzerkian garai hartan zegoen ospe handieneko zentroa. Gaur egun oraindik William Laytonen ikaslea izateak garrantzi handia du. Estudio antzokian, bestalde, Ana Belen, Emilio Gutierrez-Cava eta Rocio Durcal bezalako pertsonaiak zeuden. Espainiako antzerkiaren izen handiak, eta jende oso interesgarria. Oso zoriontsua nintzen bertan. Esperientzia zoragarria izan zen, eta lagun zoragarriak egin nituen.

Zer gehiago egiten zenuen Madrilen?

Gau batzuetan Whisky Jazzera joaten ginen. Izugarri gustatzen zitzaidan jazza. Madrilen beste mundu bat aurkitu nuen, eta jende zoragarria ezagutzeko zortea izan nuen. Estudio antzokiko ikasle izateak aukera ematen zidan casting askotara joateko. Urtebetean baino gutxiagoan Miguel Narros antzerki zuzendariak film bat egitea proposatu zidan, Los chicos con las chicas [Mutilak neskekin]. Esperientzia zoragarria izan zen. Zinemak aspertu egiten ninduen, ordea, hartualdi baterako hainbeste itxaron behar izateak. Antzerkia gehiago gustatzen zitzaidan.

Zer gustatzen zitzaizun antzerkian?

Grotowski eta Stanislavski metodoa. Pertsonaiaren bilaketa eta garapenean, errealitatearen saiakuntza etengabean oinarritzen den metodoa da. Metodo horrek ez dakizkizun gauzak ateratzen dizkizu. Zeure baitan bilatzen duzu zein den zure mugako egoera, noraino irits zaitezkeen, eta zure mundua zabaltzen dizu. Publikoaren aurrean agertuz, neure burua barruan ikusteko gai nintzen. Landu beharreko metodo bat da, horrelako inprobisazioak egin behar dira. Egunero gauza bera egin eta errepikatzeak, antzerki komertzialak, ez du zentzurik. Horregatik, hori egiten hasi nintzenean, izugarri aspertzen nintzen.

Zergatik itzuli zinen Bilbora?

Aita gero eta zaharragoa zen, eta itzuliko nintzela agindu nion. Maleta Madrilen utzi nuen, Emilio Gutierrez-Cavaren etxean, baina han jarraitzen du. Aitari nion maitasunak alde batera okertu zuen balantza. Balantzeen negozioak nire laguntza behar zuela ikusi nuen, eta, Madrilen urtebete bakarrik egin ondoren, hemen geratu nintzen. Baina aita hiltzean enpresa itxi egin zen, eta bizirik irauteko unibertsitatean lanean hasi nintzen. Dekanoaren idazkaria izan nintzen.

Bilbon antzerkia berrartu zenuen?

1966. urtea zen, gutxi gorabehera. Luis Mari Iturri Arriagako lehen zuzendari izandakoarekin elkartu eta Akelarre antzerki konpainiako kide egin nintzen. Euskal antzerki alternatiboaren barruan, garai hartako Bilbon, adierazgarriena zen Akelarre. Oso apurtzailea. Lehen aldia zen antzezlan handiak, euskal idazleen testu handiak, interpretatzen zirela. Ordura arte zentsura zegoen.

Nola bizi izan zenuen zentsura hura?

Obra batzuk hiru egunez bakarrik egin genitzakeen, eta beste batzuk azkenera arte entseatzen uzten baziguten ere estreinatzean moztu egiten zizkiguten. Zentsura garaian, antzerkia zen ihes egiten saiatzeko modua. Hala ere, Akelarrek asko markatu zuen, eta oso aldarrikatzailea izan zen.

Zer iruditzen zaizu gaur egungo antzerkia?

Ez zait asko gustatzen. Hala ere, maitasun handia diot antzerkiari. Laytonekin egoteko zorte handia izan nuen, eta metodo haiek ikastea oso interesgarria eta polita izan zen. Baina egunero obra komertzial bat egitea ez zitzaidan interesgarria iruditzen. Are gehiago, garai hartan, antzerki komertzialak, zentsura pasatu zezan, oso naifa izan behar zuen, eta ez zen nire ildoa. Horregatik ez zait inoiz askorik gustatu nire seme-alabak antzerkian aritzea. Mundu zaila eta konplikatua da.

Marinel batekin ezkondu zinen.

Oso azkar izan zen. Ezkondu egin ginen, eta berarekin itsasontzian bidaiatzen hasi nintzen. Nire senarrak itsasontzi handietan lan egiten zuen, kanpaina luzeetan, eta leku zoragarriak ezagutzeko aukera izan nuen. New Orleans gogoratzen dut, bereziki.

Kanpaina horietan aukera izan zenuen munduan zeharreko antzerkia ikusteko?

Ez, baina ez nuen nahi ere. Madrili uko egin nionean, Bilboko enpresa itxi egin zen, eta bata zein bestea gabe gelditu nintzen. Senarrarekin ihes egitea zen behar nuena. Antzerkitik bizitzeko aukera ematen zidan bizitza atzean utzia nuen, bide guztiak itxi ziren.

Seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zenuen, baina ordura arte euskarak ez zuen ia presentziarik zure bizitzan. Zein izan zen zure lehen harremana euskararekin?

1977an. Irrintzi antzezlanarekin, «Nire aitaren etxea defendatuko dut» zatia ikasi behar izan nuenean. Neurri handi batean, euskarazko obra hura zentsuratzeak moduren batera markatu ninduen. Euskararekin izan nuen lehen harreman zuzenena handik etorri zen. Horrez gain, leku jakin batzuetan antzerkia egiten nuenean, euskara hurbilago geratzen zitzaidan. Hortik sortu zitzaidaninjustizia ideia hori, Madrildik itzuli arte euskara ez baitzen niretzat existitzen. Bizkaiko bertsolaritza zezen plazan elkartzen zen bitartean, plaza horretan bertan Ava Gardner eta Marilyn Monroe ikusten nituen nik. Ez nuen bestearen erreferentziarik. Baina seme-alabak ikastolara bidaltzea erabaki nuen, alde batetik hau Euskal Herria delako eta euskaraz jakin behar zutelako; bestetik, nik ez nuelako aukerarik izan, eta hirugarrenik, hizkuntzak berokiak bezalakoak direlako. Bat baduzu, bat janzten duzu, baina lau badituzu, zauden lekuaren arabera janzten duzu bakoitza.

Eta gogoratzen duzu bertso hitza entzun zenuen lehen aldia?

Bertsolaritzak nire seme-alaben euskara hobetuko zuela entzun nuen. Konturatu nintzen euskara zela zerbait ezin niena eman nik nahi nuen kalitatearekin, eta, hori indartzeko, denetariko jardueretara apuntatzen nituen. Beste gauza bat gehiago zen bertsolaritza.

Eta hortik, bi seme Bizkaiko txapeldun.

Benetako bultzada ez zuten etxean izan. Fredik bertso idatzien lehiaketa bat irabazi, eta Jon Lopategik fitxatu zuen. Hor hasi zen bertsogintzaren abentura gure etxean. Algortara etortzen zen Jon astero, klaseak ematera.

Bizitzan egindako zerbaitez damutzen al zara?

Gauzak gertatu egin behar dutelako gertatzen dira. Nire bizitzatik igarotako trenei begiratu izan diet, bai, baina argi daukat erabaki horiek hartu izan ez banitu nire seme-alabak ez zirela orain diren bezalakoak izango. Hala ere, nire bizitza oso bestelakoa zatekeen Madrilen utzitako maleta haren bila itzuli izan banintz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.