Literatura. 'Algara mutilatuak'

Algara partekatua

Idazlea: Ane Labaka. Argitaletxea: Susa.

Irati Majuelo.
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Umorea kontu serioa da. Hala adierazi dute behin baino gehiagotan umorearen jiran dabiltzan artista zein adituek. Ane Labakak ikuspuntu horretatik abiatuta aurkezten du azken urteotan egin duen lanaren laburpena: umorearen eraikuntza patriarkala aztertzen du, zein posiziotatik egin ohi dugun barre, nola eragiten dien umoregile emakumeei, nola publikoari. Beste behin ere, Lisipe bildumak teoria feminista euskaldunon ahotsetik idazteko apustu sendoa egin du.

Aho-bikotasunaz mintzo da Labaka, umoreak egitura sozial patriarkalak sostengatzeko duen gaitasunaz, baita horiek iraultzeko ireki ditzakeen arrakalez. Dikotomia horrek gidatzen du saiakera, umorearen arrisku/aukerak, inertziak/potentzialitateak agerian uzten baititu umorea ofizio edo afizio gisa darabilten emakumeen hitzen bidez. Uxoa Anduagaren tesian oinarrituta osatzen du hasiera batean marko-teorikoa, umorearen definizioa, ezaugarriak, nolakotasuna eta noranzkoak azaltzeko. Ostean, Labakak berak elkarrizketatutako bertsolari, clown, aktore eta bakarrizketagileen hausnarketak harilkatzen ditu umorearekin oholtza gainean eta azpian gertatzen dena argitu asmoz.

Esango nuke elkarrizketen bidez osaturiko atalak eskaintzen dituela ideia interesgarrienak. Batetik, bereziki aipagarria da lexiko berri baten eraikuntzak sor dezakeen askatasuna, zenbait bertsolarik aipatzen duten gisa. Gizonek egindako umorea neutrotzat hartu izanak emakumeek euren gorputz, sexualitate eta ohiturei buruz egindako txisteak bazterrean utzi baditu ere, aipatzen dute berriki eremu feministetan desinhibiziorako eta umorerako espazioa propio hartu izanak esparru berri bat hutsetik sortzeko aukera eman diela, eta hala, posible izan dutela umorearen lengoaia berri bat asmatu, esperimentatu eta gozatu, plazan boteretzeko erraminta berriak sortzeaz batera. Horrez gain, saiakeran tarte labur bezain mamitsua hartzen du politikoki zuzenaren inguruko eztabaidak, zeinean umorearen mugei buruz eta umorea askatasunez sortzeari buruz diharduten elkarrizketatuek. Gehiago sakontzeko ahozaporea uzten duen gaia da, ezbairik gabe.

Aipatu gisa, obra korala da, beraz, Algara mutilatuak liburua; intentzionalitate argia du Labakak taldean egindako lana izan dadin saiakera hau. Hala ere, zalantza sortzen da talde-lanaren fruitu irudikatzeko ahalegin horretan ahotsen ugaritasuna kontran etorri ez ote zaion. Erreferentzia sarriek (bai bibliografikoak bai elkarrizketatuen gogoetak ekartzen dituztenak) irakurketa mantsotzen eta trinkotzen dutelakoan nago. Testu akademikotik hurbil, aipamenen ugaritasunak aberastasuna dakar, zalantzarik gabe, baina, halaber, idazlea saiakeraren diskurtsoaren jabe ez izatearen arriskua dakar. Ondorioz, zenbaitetan ideiak errepikatzen dira adituek edota elkarrizketatuek plazaratutako hausnarketetan.

Hori dela eta, idazlearen ahots propioa sumatzen da faltan, gidari lanez gain, ezagutzea zer daukan bere esperientziatik edota pentsakera propiotik esateko, galdegiteko, zalantzan jartzeko, partekatzeko. Emakumeok sarri geure burua justifikatzeko dugun beharra alde batera utzi, eta zilegitasun osoz iritzia eta agentzia sortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.