Emazte ohia erretzea leporatuta atxilotutako gizona aske utzi dute

Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ertzaintzak atzo jakinarazi zuenez, aske utzi zuten herenegun Bilbon emazte ohiari eraso egitea egotzita atxilotu zuten gizonezkoa; kautela neurriak ezarri dizkiote. Andrearen etxean gertatu zen erasoa, herenegun bazkalostean: emakumea jipoitzea eta haren arropari su ematea leporatu zioten 63 urteko gizonari, eta atxilo eraman zuten. Atzo epailearen aurrean deklaratu zuen, eta aske uztea erabaki zuen hark. Emakumea oso larri dago, Gurutzetako erietxeko erredura larrien unitatean.

Polizien arabera, ikerketan «beste hipotesi bat» zabaldu dute. Ohar bidez atzo adierazi zutenez, herenegun erasoaren etxean bildutako «informazioek eta zantzuek» gizona atxilotzera eraman zituen, baina ondoren egindako ikerketekin «beste lan ildo bat» zabaldu dute. Era berean, Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo adierazi zuen ez dutela «hipotesi bat ere» baztertu.

Hala ere, atzo goizean EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk gogor gaitzetsi zuten eraso matxista. Jone Goirizelaia EH Bilduko Bilboko zinegotziak adierazi zuenez, indarkeria matxistaren aurka lan egin den arren, oraindik «asko» dago egiteko eta ezinbestekoa da «kalera ateratzea». Era berean, biktimari eta senideei euren babesa helarazi zien. Nora Abete PSE-EEko Bilboko zinegotziak ere argi utzi zuen emakumeen aurkako indarkeria amaitu behar dela: «Indar politiko guztiek bat egin behar dugu, eta aski dela esan». Bestalde, Esther Martinez PPko hautagaiak bat egin zuen Goirizelaiarekin eta Abeterekin: «Asko dago oraindik egiteko; eta batu behar dugu arazoari aurre egiteko». Martinezen arabera, emakumeren batek «horrelako zerbait» pairatu behar baldin badu, ez dira «ahal duten guztia egiten ari». Juan Maria Aburto Bilboko alkateak adierazi zuen jazotakoa «ahalik eta lasterrena» argitu behar dela.

Kontzentrazioa Deustun

Erasoa salatzeko, Pare Deustuko talde feministak mobilizaziora deitu zuen atzo arratsalderako. Done Petri plazan elkartu ziren, 19:30ean. Eta erasoen aurrean «herri erantzun indartsua» emateko deia egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.