Koronabirusa

Gutxieneko sarea

Oinarrizko errenta bat lantzen ari da Espainiako Gobernua, eta aurki jarri nahi du indarrean. Liberal sutsu askok ere proposatu dute orain gutxieneko errenta bat

Gizon bat erdizka itxitako enplegu bulego batean sartzen, martxoaren amaieran, Madrilen. JUANJO MARTIN / EFE.
Irune Lasa.
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Eztabaida mahai gainean dago berriro. Gauzak nola dauden eta nola egon daitezkeen ikusita, beharrezkoa al da oinarrizko errenta unibertsal bat ezartzea? Errenta unibertsala izan gabe, krisiaren ondorioz diru-sarrera guztiak edo gehienak galdu dituztenei laguntzeko modu eraginkorren bila ari dira gobernu guztiak, erorikoa arintzeko sare bat. Tartean dago Espainiakoa.

Koronabirusak eragindako krisiaren aurretik ere, gutxieneko errenta bat ezartzea Espainiako gobernu berriaren agendan zegoen. Larrialdi egoera betean, egitasmoa bizkortzeko borondatea erakutsi dute gobernua babesten duten bi alderdiek, PSOEk eta UP Unidas Podemosek. Inklusio etaGizarte Segurantza ministerioak martxo amaieranfiltratu zuen proposamen bat prestatzen ari zela, Pablo Iglesias lehendakariordearekin batera. Iragan astean iradoki zuten gaurko bileran onar zitekeela, baina azken egunotan indarra galdu du aukera horrek, artean ez dagoelako adostasunik gobernuaren barruan.

UPko ministroek, PSOEko zenbaitzuen eta sindikatuen babesarekin, lehenbailehen jarri nahi dute indarrean, baina ez dute behin-behinekoa izatea nahi. PSOEko ministro liberal eta ortodoxoenak, ordea, uzkurrago daude, ehunka milioi asko beharko dituen neurria baita.

Oraindik ez dago garbi zeinek jasoko luketen, zer baldintzetan, ezta zenbat diru izango den ere—450 euroko hileroko kopurua aipatu dute zenbait hedabidek—. Gainera, ikusteko dago zer neurritan den bateragarria Espainiak sortzen duen laguntza gaur egun Hego Euskal Herrian indarrean daudenekin —DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta errenta bermatua Nafarroan; Ipar Euskal Herrian antzeko bat dago, RSA izenekoa—.

Beharraren sozializazioa

Egoeraren larriak erraz dezake oinarrizko errenta baten bidea. Hasteko, halakoren bat jasotzeko beharra izango duten pertsonen kopurua nabarmen handitu delako; hau da, beharra sozializatuagoa egongo delako. Gainera, testuinguru berrian onarpen sozial handiagoa izango lukeelako horrelako laguntza batek. Ez dira berdin ulertzen «lanik egin nahi ez duten horiei dirua ematea» eta «birusaren erruz bat-batean lanik gabe, negoziorik gabe gelditu direnei laguntzea». Behin-behinekoa litzatekeen sarrera batek erreparo gutxi izango lituzke oraintxe bertan.

Larrialdiak, beraz, premiazko eta behin-behineko neurriak ahalbidetzen ditu, eta iraganean halako neurrien aurka egondakoen erresistentziak ahultzen ditu. Kasu horien artean agerikoa da Luis de Guindosena. PPren gobernuetako Ekonomia ministro izandakoa eta EBZ Europako Banku Zentraleko oraingo lehendakariordea, ortodoxia alde batera utzi eta«emergentziazko gutxieneko errenta» baten alde agertu berri da.

Beste liberal batek, Toni Roldan ekonomistak eta C's-eko diputatu ohiak, salbuespeneko beste errenta unibertsal bat proposatu zuen joan den astean. El Pais egunkariko iritzi artikulu batean, proposatu zuen herritar bakoitzari 3.000 euroko «behin-behineko oinarrizko errenta» modukoa ematea berehala —mila euro hileko—. Bere kalkuluen arabera, 38 milioi pertsonari diru hori emateak 114.000 milioi euroko kostua luke, Espainiaren BPGaren %11aren adinakoa.

Aparteko zerga baten sorrera ere jaso du Roldanek. 2019. urtetik 2020ra artean galerarik izan ez duten herritarrek, 3.000 euroak itzuliko lituzkete errenta aitorpenean. Eta beste guztiek errenta galeraren araberako itzulketa egin beharko lukete. Roldanen kalkuluen arabera, bi urteren buruan, errentarekin gastatutakoa Espainiako BPGaren %1ean geldituko litzateke.

Berehalakotasuna, unibertsaltasuna eta sinpletasuna dira, Roldanen iritziz, behin-behineko errenta unibertsal horren abantailak, eta larrialdi egoerak justifikatzen du bere moduko ekonomista liberalek bazterrean uztea oinarrizko errenta unibertsalari orain arte jarritako erreparoak: diru gehiegi zela: mundu guztiari emanda, egiaz behar dutenei ez zitzaiela iritsiko; eta lana desinzentibatzen duela.

Roldanen proposamenak badu zulo nabarmen bat: zer gertatuko litzateke 2019an errenta aitorpenik egin ez dutenekin? Beste batzuk ere aurkitu ditu Borja Barrague ikertzaile donostiarrak, Agenda Publica-n argitaratu zuenez, beharra ez duen jendeari iritsitako helikoptero diru hori, ez litzateke eraginkorragoa berebizikoagoak diren beharretan? Osasungintzan, kaleratuei laguntzen, enpresen iraupenerako...

Berrogeialdiko errenta

Baldintzarik gabeko behin-behineko laguntza orokortuan eta zerga bidezko itzulketan oinarritutako beste proposamen bat ere egin dute Publico egunkarian aspaldian oinarrizko errenta unibertsalaren inguruan ari diren lau ekonomistek: Jordi Arcarons, Francisco Javier Braña, Daniel Raventos eta Lluis Torrens. Berrogeialdiko errenta deitu dute, eta horrela funtzionatuko luke: nahi duen pertsona helduak Internet bidez eskatuko luke, eta kontu korronte zenbaki bat eman. Administrazioak aste bat izango luke eskatzailearen ezaugarriak konprobatzeko, hots, zenbat heldu eta zenbat adingabe bizi diren familia horretan. Behin hori eginda, diruaren transferentzia egingo luke, inolako baldintzarik eskatu gabe, eta ia berehala. Hileroko ordainketa litzateke, mugagabea, eta gutxienez larrialdi egoera amaitu eta hiru hilabete igaro arte.

Oinarrizko errenta horren jasotzaileek 2021ean errenta aitorpena egingo lukete. Oinarrizko errentaz gain beste diru sarrera batzuk izan dituztenek sarrera guztien arabera zergapetuko lituzkete. Soilik oinarrizko errenta jaso dutenek, berriz, ez lukete zergarik ordainduko. Berrogeialdiko oinarrizko errenta 530 eurokoa litzateke familiako lehen kidearentzat, eta horren %50 beste kideentzat.

Zerga bidez berreskuratu

Ekonomista horien kalkuluen arabera, transferentziak hilero 17.153 milioi eurokoak izango lirateke. Sei hilabetez luzatuko balitz, martxotik 2020ko abuztura arte, kostua 103.000 milioi eurora igoko litzateke, baina horren zati handiena zerga bidez berreskuratuko luke administrazioak, horrelako neurri batek izan ditzakeen onurak aintzat hartzen badira.

Aurrerago, aztertu beharko litzateke zenbateraino ez duen merezi oinarrizko errenta hori betikotzea, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta unibertsal gisara, eta etxebizitza ordaintzeko laguntzekin osatuta. Arcaronsen, Brañaren, Raventosen eta Torrensen ustez, horrela «indarrak batu beharrean pobre alferrei jazartzen dien burokrazia inkisitibo bat eraikitzen, gizarte justuago, solidarioago eta jasangarriago bat eraikitzera bideratuko lirateke, inor atzean utzi gabe. Dena desberdina izango da; balia dezagun hori hobea izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.