17 urteko neska batek salatu du taldean bortxatu dutela Gasteizen

Zazpi mutil adingabe lotu dituzte erasoarekin. Ertzaintza horietako bost ikertzen ari da, beste biek 14 urte baino gutxiago baitituzte

Sexu erasoen aurkako elkarretaratze bat Gasteizen, aurtengo otsailean. DAVID AGUILAR / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
17 urteko neska batek Gasteizen salatutako talde bortxaketa bat ikertzen ari da Adingabeen Fiskaltza. Atzo eman zuen erasoaren berri Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko bozeramaile batek; ikerketa abuztuaren hasieran abiatu zutela adierazi zuen, adingabeak berak sexu erasoa salatu ondotik.

Gertatutakoaren gaineko xehetasun gehiago argitaratu zituen El Correo egunkariak atzo. Haien iturrien arabera, zazpi mutil adingabe daude erasoarekin lotuta, eta Ertzaintza haietako bost ikertzen ari da; beste biek 14 urte baino gutxiago dituzte, eta, beraz, ez dute betetzen epaituak izateko gutxieneko adina. Sexu askatasunaren aurkako delitua leporatzen diete guztiei.

Biktima zein ustezko erasotzaileak adingabeak izaki, informazio ofizial gutxi dago erasoaren inguruan, baina, El Correo-k argitaratutakoaren arabera, duela hilabete inguru jazo zen, Gasteizko gune berde batean. Erasoa jasandako neskak aurrez ezagutzen zuen mutiletako bat; harekin egin zuen hitzordua, baina hura erasoarekin lotutako beste sei lagunekin batera azaldu zen adostutako lekura. Orduan gertatu zen taldeko bortxaketa. Ertzaintza ikertzen ari da gertatutakoaren irudirik edo bideorik ba ote dagoen, biktimak adierazi baitzuen uste zuela mutilek erasoa grabatu egin zutela.

Oraingoz ez da erasoaren lekukorik agertu; biktimak berak kontatu zion gertatutakoa bere familiari, salaketa aurkeztu aurretik. Gasteizko Udaltzaingoak duen adingabeen unitatearen laguntzari esker, Ertzaintzak 48 ordu inguru behar izan zituen ustezko erasotzaile guztiak identifikatzeko. Orduan jo zuen poliziak haien etxeetara.

Auziaren bilakaera judiziala argitu bitartean, adingabeen zentro batera eraman dute gutxienez ikertutako mutiletako bat, eta erregimen erdi irekia izango du han; beste lauri biktimarekiko urruntze agindua ezarri diete, eta debekatu egin diete neskarekin harremanetan jartzea. Ikerketa prozesuan egindako adierazpenetan, akusatuek adierazi dute baimendutako sexu harremanak izan zituztela, eta ez zutela indarkeriarik erabili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.