Pentsio duinen alde, etenik ez

Ehunka lagun bildu dira Baionan erretreten erreformaren kontra. 25 egun daramatzate greban

Erretreten erreformaren aurka egin zuten martxa, atzo, Baionako karriketan. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Hogeita bost. Horiek dira greba hasi denetik pasatu diren egunak. Opor eta besta giroak ez du baretu Frantziako erretreten erreformaren aurkako haserrea. Sei protesta jendetsu egin dituzte hilabete hasieratik. Ez dute horretan gelditzeko asmorik, protestekin hasiko baitute urte berria. Manifestazioa intersindikala izan zen, eta eragileen babes zabala lortu zuen Ipar Euskal Herrian. LAB sindikatuaz gain, ELB eta Bizi ere batu ziren deialdira. Antolatzaileen arabera, 2.000 pertsona inguru bildu ziren. Baionako geltokitik hasi zen protesta eta Departamendu Kontseiluan bururatu zen, bertan lan egiten duten langileak hunkitzeko asmoz.

Eguberri garaia dela-eta, mobilizatzen segitzea «ezinbestekoa da», Peio Dufau trenbideetako langilearen ustez. «Egunero elkartzen gara, greba bozkatzeko, mugimenduaren segida antolatzeko, ekintzak prestatzeko... Grebak ez du etenik». Protesta ahalik eta jendetsuena izateko, larunbatez egitea deliberatu zuten sindikatuek —orain arte astearte eta ostegunetan atera dira kalera—.«Ezin dute denek greba egin astean zehar; larunbatez mobilizatzea parada da jende horrentzat etortzeko», zehaztu du trenbideetako langileak. Atzoko manifestazioaren giroa goraipatu du: «Familiak ere etorri dira, eta hori oso garrantzitsua da. Erreforma horrek gaur egungo haurrak hunkiko ditu. Denek elkarrekin segitu behar dugu borrokan».

Manifestazioaren aurretik,geltokiaren atarian, trenbideetako langileek batzarra egin zuten, eta aho batez erabaki zuten greban segitzea. 25. greba eguna beteko dute gaur, abenduaren 5az geroztik mobilizatuak direlako. 1995. urteko «greba mugimendu historikoarekin» alderatu dute aurtengo mobilizazioa. Urte hartan ere erretreten erreformaren harira mobilizatu ziren langileak. «Oraingo greba gehiago irauten ari da eta segitzeko prest gaude», esan du FO sindikatuak manifestazioaren ondotik.

Jadanik iragarri dute ondoko egun eta asteetan mugimenduak segituko duela. Bihar, blokeatze ekintza bat eginen dute Baionan, goizean goizetik. Argitxu Dufau LABeko bozeramaileak esan du «ekonomia blokeatzea» eraginkorra dela, «zuzenean patronala hunkitzen» duelako. Joan den astean Miarritzeko autobideko ordainlekua ireki nahi izan zuten, baina Dufauk salatu du «Poliziak interes ekonomikoak babestu» zituela, ordainlekuak blokeatuz, ekintzaileen helburua ordainlekua «eskaintzea» zelarik.

Komunikazioaren gerra

Gobernuak Eguberri garaian «eten bat» eskatu zien grebalariei, bestak ez «funditzeko». Peio Dufauk Frantziako Gobernuaren komunikazio operazioa gaitzetsi du: «Gobernua saiatzen da gure mugimendua gutxitzen, eta iritzi publikoa aldarazten». Argitxu Dufauk harekin bat egin du: «Macronek sinetsarazi nahi du grebaren falta dela Eguberriz garraiorik ez izatea. Baina ez da tronpatu behar. Haiek dute egutegi hori aukeratu, nahiz eta jakin mugimendu handi bat sortuko zela».

Trenbideetako langileak, bestalde, Emmanuel Macronen «probokazioa» salatu du. Izan ere, Frantziako presidenteak bere pentsioari uko eginen ziola iragarri zuen. Dufauren ustez, «zinez ageri da ez garela mundu berean bizi. Guk ezin diogu uko egin gure 1.000 euroko erretretari».

Frantziako Gobernuak datorren asteartean, urtarrilaren 7an, egingo du hurrengo negoziazio bilera sindikatuekin. Intersindikalak iragarri du heldu den manifestazioa urtarrilaren 9an izango dela, Baionan. Anartean, trenbideetako langileek greban segitzea aurreikusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.