Joseba Azkarraga Etxagibel.

Mendearen baga, biga, higa

2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Baga: krisi finantzario globala, mendearen lehen hamarkadan. Biga: pandemiak kolpatu zuen mundua bigarrenaren amaieran. Hirugarren hamarkada hasi berritan, higak hartu ditu zeru-lurrak: berri-berria ez den energia (eta material) eskasia. Gatazka geopolitikoaren ondorioz, esango du hegemonikoak. Ukraina eta Errusiaren arteko ekaitzaren ostean baretuko dira kontuok, itxaropenez herritarrak. Geopolitikak, ordea, ez luke geologia ezkutatu behar: hasia zen hidrokarburoetan oinarritutako zibilizazioaren amaiera, horrek den-dena aldatuko du, eta badirudi gerra piztu berriak azkartu egingo duela prozesua.

Bagatik atera ginen neoliberalismoz zamatuago. Sozialismoa bankuentzat, behekoentzat errezeta neoliberal gordina, gogoratzen? Irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu, ez dezagun ahaztu irentsitakoaren garratza. Sarkozy bezalako bat aurreratu zen esanez hura bazela kapitalismoaren arauak birdefinitzeko unea. Baina ez zen iraultzarik gertatu. Ezta sistema finantzarioaren erreforma seriorik ere. Neoliberalismoak aurpegi autoritario(ago)a erakutsi zigun, ezin demokraziarekin uztartu (gogoratu Grezia). Baloiari ostikoa eman zitzaion, neoliberalago atera ginen eta mundua gain-zorpetuago dago: prekaritatea gora, ezberdintasunak handiago, aberatsak aberatsago eta Von Hayek podioan. Hondamenditik garaile nola atera daitekeen hondamendiaren arduraduna bera, oraindik erabat ebatzi gabeko auzia dugu.

Bigarekin esku-eskura izan dugu lezio ezinbestekoa: kapitalismo globalaren dinamika extraktibistaren bidetik, naturari lekua amorruz jatearen jatearekin, auzia inoiz ez da izan zoonosirik eta ondoren pandemiarik gertatuko ote zen, baizik eta noiz. Bioaniztasunaren kolosoaz ohartzea zegokigun, baina maisuki bildu ginen hondamendiaren ondorioetara (txertoak eta horri loturiko harrokeria prometeikoa), arrapaladan alboratu genituen kausak (ekologia). Kontu ezin politikoagoa, auzi biomediko huts bihurtu ziguten. Galdetu kalean: nekez dago pandemiaz kontakizun ekosozialik. Ez dugu ia aipatu herrialde aberatsen apetak asetzeko monolaborantza industrial erraldoiak behar direla, ondorioz sistemak deforestazioa ezinbesteko duela eta, beraz, birusak ezin(go) direla habitat basatietan gatibatu.

Pandemia gehiago eta larriagoak datoz, eta apenas hitz egin dugun kapitalismoaren eta ekologiaren arteko bateraezintasun erradikalaz. Birusak izututako munduan ez da gertatu ekologismoaren aldeko oldarraldirik. Urgentziaz behar dugu debate publiko sakona gure jendarteak behar duen doitze biofisiko handiaz, baina, logika keynesiar espantsionisten bidez funts europarrak erabiliko dira baliabide publikoz eta are botere handiagoz hornitzeko hazkunde berdearen harrapari multinazionalak. Erromatarrek, antza, animalia baten gibela aztertzen zuten jakiteko nola zetorren eguna. Zentzugabea? Gurean aldi berean defenda daiteke ekonomiaren gorakada, digitalizazio masiboa eta jasangarritasun ekologikoa. Egunero praktikatzen dugu pentsamendu magikoa.

Eta orain, kolpeetan kolpea, hamaikatan iragarritako higa: energiaren (eta materialen) auzia bere latzean. Pandemiarekin ikusi badugu zein erraz deusezta daitezkeen hornikuntza-kate globalak, nabarmenduko zaigu kapitalismo fosilistaren amaiera progresiboak ahalmena duela eragiteko desglobalizazio askoz harroagoa, uzkurtze ekonomiko askoz larriagoa. Euli pandemikoaren ondoan, arranoa da energiaren eta materialen eskasia geologikoa (etsaitasun geopolitiko inperialistek azkartua). Besteak beste, ahala du elikadura sistema globala txikitzeko, adi urdail husteari.

Azken bost hamarkadetako balantzean, inongo arlotan nekez aurki daiteke euskal elite politiko eta ekonomikoan etorkizun-ikuspegi falta zakarragorik, aurreikuspen gabezia arduragabeagorik. Orain, «jar ditzagun nonahi eguzki plakak eta eolikoak», ahots agoniko horixe gailendu zaigu, besteak beste. Pentsamendu magikoaren ale nagusietakoa da. Ezingo diogu eutsi gaurko metabolismoari, ordea. Are gutxiago bere eten bako hazkundeari.

Antolatu dugun munduak kolisio bortitza bizi du muga biofisikoekin, eta kolapso ekosozialaren sintomak hastapenetan baino ez daude. Kontua sekula ez da izan aldatuko garen ala ez, baizik eta zelan egingo dugun, modu planifikatuan ala bortxazkoan. Baita bortxa erabiliz ere: deigarria oso, zein giro gerrazalea sortu den Errusiaren inbasioaren aurrean, zelan atxiki diren militarismora biolentzia ororen kondenatzaile zirenak, ileak sutan nola barregarri utzi nahi duten arma-tiro-pum ez den begiratua. Lekutan, Gerrari Ez hura. NATO, inoiz baino onetsiago. Muga biofisikoen noziorik ez duen turbo-kapitalismo ezinezkoak hil nahi luke hilez, eta beste behin, errazegi eraiki du bere egitasmorako zentzu komuna.

Baga (ekonomia-finantzak), biga (bioaniztasuna) eta higa (energia-materialak): gertakari disruptibo larriak soilik hamabost urte inguruko epean. Eta adi lagari, gogoratu lau zirela zaldizkoak: klimaren itzeltasuna. Negarrari eustea zail izango duzu begiak erretzen badituzu IPCCren bigarren lantaldeak argitaratu berri duen txostenarekin. Dagoeneko gertatzen ari denagatik, are gehiago etorkizuneko proiekzioengatik (eta ez dira okerrenak). Apenas dagoen ezer hedabideetan.

Nabarmenak dira jigantearen buztinezko oinak. Erregea biluzik dabil. Eta, halere, ahul dago logika turbo-kapitalistari —ez soilik neoliberalari— zentzu komuna eta boterea disputatzeko giharra. Zibilizazio-logika alternatiboaren lekuaz, leku ahulaz, mintzo zaigu XXI. mendearen erradiografia. Orain artekoa, behinik behin. Plazer ordenazale berriaren hatsa kolkoan sumatzen dugun bitartean, espektro politikoaren eskuin muturretik.

Historia azkartzen ari da, bistan da, aski azalduta eta idatzita dagoen bidetik. Azkartu beharko ditugu alternatibaren aldeko indar anitzak, gogo ugariak, esperientzia emankorrak. Bihurtu nahi ez badugu olio zopa eta kikili salda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.