Aldudeko Gasnategiaren geroa, Baionako Auzitegiaren esku

Epaileak bihar erabakiko du Onetik kooperatibari saltzen dion ala likidazioan jartzen duen

Euskal Herriko Esne Kooperatibaren Aldudeko Gasnategia, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Aldudeko Gasnategiaren geroa bihar erabakiko da. Baionako Merkataritza Auzitegiaren esku dago Aldude herriko gasnategia (Nafarroa Beherea) eta haren jabe Euskal Herriko Esne Kooperatiba, azaroaz geroztik iraunbide judizialean baitira, azken urteetan pilatutako zor handiak ordaintzerik ez zutelako. Baliteke Onetik enpresaren esku geratzea, harena baita Aldudeko Gasnategia erosteko zutik dagoen eskaintza bakarra.

Berez, kooperatiba eta gasnategia berriz hartuak izateko bi eskaintza jaso zituen auzitegiak. Batetik, Makeako (Lapurdi) Onetik gasnategiaren proposamena zegoen; haren kapitaleko partzuer nagusia Andros Frantziako elikagai multinazionala da; besteak beste, Bonne Maman markaren jabea. Bestetik, Heletako (Nafarroa Beherea) Agour enpresak eta Bardozeko (Lapurdi) Bastidarrak egindakoa, Peio Etxeleku eta Hubert Candele buru dituztela.

Bada, iragan astelehenean, hilaren 12an, Baionako Merkataritza Auzitegiaren aitzinean pasatu zen kooperatiba, haren geroaz trenkatzeko eta bi hautagaitzen artean hautatzeko. Azken momentuan, ordea, Agour eta Bastidarra sozietateek beren hautagaitza kendu zuten, beren eskaintzak langileen babesik ez zuela ikusita.

Kooperatibako langileen ordezkari Antton Etxeberrik azaldu duenez, langileek eta ekoizleek «aho batez» egin zuten Onetik enpresaren proposamenaren alde. Orotara, 25 langile eta 34 ekoizle biltzen dituzte esnetegiak eta gasnategiak, eta denek nahiago izan dute Onetik-en proiektua. Argudiatu dute «eskaintza lasaigarriagoa» egin zaiela, eta «ekonomikoki interesgarriagoa» zela haientzat. Horiek horrela, Etxelekuk eta Candelek beren hautagaitza kentzea deliberatu zuten: baldintzatzat zeukaten ekoizleen %90en sostengua biltzea.

Orain, beraz, Baionako Merkataritza Auzitegiak trenkatu beharko du Onetik enpresaren proiektua nahiko iraunkorra ikusten duen. Hala ez balitz, enpresa legezko likidazioan ezarriko luke auzitegiak.

Ibilbide korapilatsua

1970an sortu zen Euskal Herriko Esne Kooperatiba, Alduden, enpresan kidetutako laborarien ardien eta behien esnea bildu eta saltzeko asmoarekin. Gero, idortegi bat sortu zuten esnetegian bertan, eta Donibane Garazin hasi ziren gasna saltzen. 2014an, kooperatiba Aldudeko Gasnategia eraikitzen hasi zen, esnetegian bertan gasnatzeko eta ekoizpenak saltzeko: proiektua diruztatzeko, 400.000 euroko herri parte hartzea eta instituzioetatik bildutako 900.000 euro izan zituzten.

Alta, gorabeheratsua izan da kooperatibaren ibilbidea, hastapenetik. Lehen gasnak eta beste produktuak hondatu zitzaizkion, Axioma Refrigeration enpresak—Engieren adar bat da— jarritako hozkailuek eta gasna idortzeko aireztatze sistemak arazoak zituztelako. Horiek horrela, produktuak ezin salduz egon zen kooperatiba, eta, ondorioz, laborariak ezin pagatuz.

Emeki, kidetutako laborarien zerrenda apalduz joan zen, sekulako zorrak utzi baitzizkien kooperatibak. Errate baterako, 1999an, 130 laborarirekin elkarlanean egiten zuen lan kooperatibak; egun, 34 baizik ez dira gelditzen.

Kooperatibak auzitara eraman zuen Axima 2020an, kalte materialak ez ezik immaterialak ere eragin zizkiolako —irudi txarra eman zien haren produktuei—. Auzibidea irabazirik ere, milioi bat euroko kalte ordaina ez da nahikoa izan zorra kitatzeko. Auzia egitean, 5,7 milioi euroko zorra zuen laborariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.