LANALDIAK ARRASTOA UTZ DEZAN

Hego Euskal Herriko enpresa guztiek beharginen lanaldien erregistroa eraman beharko dute maiatzaren 12tik aurrera. Espainiako Gobernuak onartutako alorreko dekretuak, ordea, nekez lortuko du lanaldiari lotutako abusuei muga jartzea, derrigortasunari ihesbide handiak utzi dizkiolako.

GOTZON ARANBURU.
xabier martin
2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Iratik zerbitzari lana aurkitu du jatetxe batean, langabezian hilabete batzuk egin ondoren. Kontratu partziala egin diote lau orduko lanaldirako, baina egunero ia sei ordu inguru egiten ditu. Ez dizkiote aparteko ordu horiek ordaintzen, ezta beltzean ere. Irati ahalezko langilea da, noski, baina lan egoera bidegabe hori ez; lan ordutegiekin lotutako abusuak asko zabaldu baitira prekaritatearen olatuarekin batera, eta batez ere merkataritzaren, ostalaritzaren eta eraikuntzaren sektoreetan dira ohikoak gehiegikeriak lanaldietan. Enpresarien abusu horiek buka daitezen Espainiako Gobernuak onartu du hil honetan lanaldiaren erregistroaren derrigortasuna jasotzen duen dekretua, eta, Kongresuko Diputazio Iraunkorraren tramitea gainditzen badu, maiatzaren 12an jarriko da martxan. Hau da, enpresa guztiek beren beharginen lanaldien erregistro bat eraman beharko dute, eta datu horiek eskuragarri egongo dira lau urteko epe batez Lan Ikuskaritzarentzat eta langileentzat eurentzat. Erregistro horretan azaldu beharko dira behargin guztien lanaldiaren hasiera eta bukaera orduak, lan kontratuek jasotakoarekin bat datozen ala ez aztertzeko.

Baina bat da asmoa eta bestea eraginkorra izatea ekinbidean. Onartzekoa den lanaldiaren erregistroaren legea gai izango ote da langileen ordutegi errealak islatzeko eta gehiegizko lanaldien abusuari etena jartzeko? Itxura guztien arabera, ez. Eta argumentu sendoak dituzte sindikatuek esateko Pedro Sanchezen gobernuak onartu duen dekretua «erabat urardotu» dela azkenean. Lehen-lehenak derrigortasunarekin dauka lotura. Idatziak ez du ezarri erregistro sistema zurrun bat; negoziazio kolektiboaren esparruan enpresak eta sindikatuek adosten dutenari eman dio lehentasuna. Aldeen akordio horiek ezarriko dute, beraz, erregistro hori egiteko modua. Esaterako, lanaldien erregistroa fitxatzeko sistema fisiko baten bidez egingo ote den (argazkikoaren antzera) edo beste sistema baten bidez, adibidez, langileek orri batean sinaturik maiztasun jakin batekin. Baina PPren azken lan erreformaren izpirituari leial, akordiorik ez badago, enpresarien esku utzi du erabakitzeko gaitasuna PSOEren dekretuak.

Orri bat sinatzeko

Alegia, erregistro horren derrigortasunari izkin egiteko aukera handiak egon daitezke enpresa gehienetan. Zergatik? Irati ahalezko zerbitzariak onartu badu lau orduko kontratuarekin sei inguruan aritzea, nekez pentsa daitekeelako gaindituko duela halako egoera onartzera eraman duen beldurra, orri batean bere sinadura jartzea eskatzen diotenean noizean behin. Orri horretan, jakina, azalduko da kontratuarekin bat datorren lanaldia, egia izan ala ez. Horregatik, tramite huts bihur daiteke kontua.

«Sanchezen gobernuak uko egin dio lan erreformaren alde okerrenak kentzeari. Testuinguru horretan ulertu behar da dekretu urardotu hau», dio Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak. «Ordu estrak kobratzeko arazo larriak daude, eta hori gertatzen da prekaritatea legeztatu dutelako». Igeregik azaldu du enpresek beren aldeko malgutasuna lortzeko erraztasun handiak izan dituztela 2012ko lan erreformaz geroztik, lanaldi partzialak bolo-bolo baliatu dituztela, eta horiek direla bide ematen dutenak lanaldien inguruko lege urratzeak egunero gerta daitezen. «Eremu batzuetan oso orokorra da lanaldi partzialeko kontratuak egin, eta gero ordu gehiago egin beharra. Krisiaz geroztik ,izugarri handitu dira lanaldi partzialeko enpleguak, eta ez da kasualitatea».

Maiatzaren 12an indarrean sartzekoa den legeak zigorrak ezartzen dizkie lanaldiaren erregistroa egiten ez duten enpresei, lege hauste larritzat jotzen delako. Baina isunaren kopuruak malguak dira, 626 eurotik 6.250 eurora artekoak, eta sindikatuek aurreikusi dute hainbat enpresak nahiago izango dutela isunak ordaindu, merkeagoa aterako zaielako. «Ordu estrak ez ordaintzea erabat zabaldurik dago, eta langile gehienek beldur diote hori salatzeari», dio ELAko zuzendaritzako kideak. «Langile asko daude beren lanordu asko doan ematen dituztenak, eta egoera hori ez da aldatuko lege berri honengatik». Zergatik uste duen hori Pello Igeregik? «Jasotzen den erregistroa enpresak berak kontrolatu ahal izango duelako; sindikatuekin ez dutelako zertan adostu».

Eta konparazio bat egiten hasita, kamioilariena aipatu du sindikalistak. Uste du takografoaren kasuan inori ez zaiola burutik pasatu metodologian askatasuna ematea. «Hori behar bezala kontrolatzen dela jakiteko modu zorrotza ezarrita dago; lanaldiaren kasuan, berriz, ez dago bermerik». Kontua da hainbat sektoretan oso nabarmena dela legea hausten dela; esaterako, eraikuntzan. ELAk bertatik bertara ikusi ditu urraketa horiek azken urteetan. «Horregatik, administrazio publikoei sarritan eskatu diegu tornuak jartzeko obren sarreretan». Baina ez da bakarrik eraikuntza. Ostalaritzan eta merkataritzan ere asko gertatzen da, eta bankaren esparruan ere bai, Igeregik dioenez.

Patronala ez dago alde

Patronalak ez du begi onez ikusi lanaldiak erregistratu beharra, «konplexua eta garestia» delako enpresarientzat. Cebek Bizkaiko patronalak uste du ez datorrela bat lan egiteko modu berriekin. Gogoratu du gero eta sarriago gertatzen dela leku jakin batean egon behar ez izatea lanorduetan; etxetik lan egitea, adibidez.

Argi dago enplegu desberdin asko daudela, eta haiek gauzatzeko baldintza anitz, eta batzuetan errazagoa izan daitekeela ordutegien kontrola edukitzea besteetan baino. Dena den, soldatapekoek musu truk eman behar izaten dituzten ordu asko sektore jakinetan gertatzen dira, eta haiei muga jartzeko irtenbide teknologiko ugari daudela gogoratu dute Lan Ikuskaritzan.

LABeko Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak esan dio BERRIAri propaganda hutsa ere izan daitekeela Sanchezen gobernuaren dekretua, «ikusteko dagoelako oraindik onartuko duten ala ez». Hainbat eta hainbat gai erdibidean utzi ditu Sanchezek hauteskundeetara deitu aurretik, eta lanaldiaren erregistroa ere hauteskunde kanpainari begira egindako «propaganda huts bihurtu daiteke» Kongresuko Diputazio Iraunkorrak ez badu onartzen. Dena den, Ugartemendiak uste du erregistroa egiteko modua zehaztu gabe ematea «iruzurra» dela. «Ez dute arautu nola egin, ez dute esan digitalki egin behar dela, adibidez, eta nahi duenak iruzurrean jarraitzeko formulak izango ditu». LABeko kideak dio «langileek ordutegiak paper batean sinatzearekin» nahiko izango dutela enpresek legea betetzeko, eta ohartarazi du «ostalaritzan, adibidez», arrisku handia dagoela horrela egiteko. Finean, «dena oso inprobisatua» dela uste du.

Ugartemendiak gogoratu du akordiorik ez bada, patronalak erabakiko duela, «inposatuko duela», eta negoziazio kolektiboa sektore askotan blokeaturik dagoela. «Patronalaren borondatea ez da negoziazioa irekitzea, eta, guk ez badugu bultzatzen mobilizazioen bidez, ez dira negoziatuko hainbat hitzarmen handi».

Horrelako testuinguru batean, begien bistakoa da lanaldiaren erregistroa adostu dezatela aldeei eskatzeak izango duen eragina: eskasa baino eskasagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.