Arrauna

Bazetorren, eta iritsi da

Zierbenak aurreneko aldiz irabazi du Euskadiko Txapelketa, Lekeition. Bizkaitarrak moldatu dira hobekien itsaso narrasean eta mugituan

Zierbenako arraunlariak, bandera jaso berritan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Zierbenak betidanik erakutsi izan du irabazlearen sena. Bandera asko ukitu ditu hatzekin, eta nahi baino gutxiago astindu ditu. Atzo, baina, saria jaso zuen. Historian lehen aldiz, Euskadiko Txapelketako garaile izan zen.

Itsaso beteko estropada izan zen atzo Lekeition (Bizkaia) jokatu zena. Baldintza zailak izan zituzten talde guztiek arraun egiteko: itsaso narrasa eta mendebaldeko haizea. Kezka horiez gain, kale zozketak sortzen zuen urduritasuna gehitu behar zitzaion egoerari. Gorabeherak gorabehera, Zierbenarentzat ez zen oztopo izan ontzirik azkarrena izateko.

Lehen kaletik joan ziren bizkaitarrak, eta irteera indartsua egin zuten. Bigarrenetik Hondarribia zihoan; hirugarrenetik, Donostiarra; eta laugarrenetik, Santurtzi. Lurraren babesa baliatuz, lehen hiru kaleko ontziek hartu zuten estropada burua. Kaltetuena Sotera atera zen; laugarrenetik gogotik sufritu zuen, Urdaibaik ez bezala. Bermeotarrek lehen txandan erakustaldia eman baitzuten. Haizeak ababorretik jotzen zuen, eta lau ontzietako patroiek lan handia izan zuten ontzia gogortuta eramateko.

Zierbena, Hondarribia eta Donostiarra segundo gutxitan iritsi ziren lehen ziabogara. Ama Guadalupekoa ontziko aurrekalariak, baina, berandu sartu zuen arraun txikia, eta gipuzkoarrak ziabogan joan egin ziren. Garesti ordaindu zuten egindako akats hori. Maniobraren ostean, Zierbenak eta Donostiarrak estropada bururako borroka bizia zuten. Torrekua II.ak, ordea, zerbaitetan erakutsi badu itsasoan da; hirugarren kaleari etekina atera, eta Arkaitz Diazen gidaritzapean olatua hartu zuen. Metro asko egin zituen gainean, eta minutu gutxian Hondarribiari eta Zierbenari zortzi segundoko tartea sartu zien.

Barruko ziabogara gerturatu ahala, lehendabiziko kaletik olatuak indartsuago sartzen ziren. Lehen txandako gidoia errepikatu zen. Orio Urdaibairen gainera etorri zen bezala, Zierbena eta Hondarribia ere Donostiarraren ontzira gerturatu ziren. Bizkaitarrak bigarren maniobra egitera iritsi zirenerako, ontzi baten aldea ateratzen zieten gipuzkoarrei. Zunzunenegiren kuadrilla aurretik zela ikusita, konfiantzaz beteta, goraldia hasi zuen. Ez Hondarribiak eta ez Donostiarrak ez zioten lehen postua kendu.

Kanporako lan horretan, Zierbena izan zen indartsuena. Agerikoa zen euren ontzian watt asko mugitzen zituztela. Azken maniobran, Ama Guadalupekoarekiko eta Torrekua II.arekiko sei segundoren aldea zuten bizkaitarrek. Poparean hegan egin zuten, baita gozatu ederra hartu ere. Borja Gomez patroiak, lehen kaleari eutsiz sekulako erakustaldia eman, eta lehenak izan ziren helmuga zeharkatzen. Hondarribia izan zen bigarrena, hamahiru segundora, eta brontzezko domina Donostiarrak eskuratu zuen, garailearengandik hemezortzira. Horrenbestez, aurreneko Euskadiko Txapelketa izan zen Zierbenarentzat, baita sasoiko lehen bandera ere.

Bermeok bereari eusten dio

Haize ufada handiagoak izan zituzten lehen txandako ontziek, eta, ohorezko txandakoekin alderatuz, aldeak nabarmenak izan ziren. Hirugarren minuturako, Urdaibai, lehen txandako garailea, irabazlea baino lau segundo motelago zihoan. Bou Bizkaiak Orio izan zuen aurkari zuzena. Urdaibaik azken estropadetan erakutsitako mailari eusten dio. Poparean oso ongi moldatu zen, eta itzulerako bi luze horietan egin zien min oriotarrei. Amaieran, Jon Elortegiren taldeak laugarren amaitu zuen sailkapen orokorrean, eta Oriok egin zuen seigarren, bermeotarrengandik hamabi segundora. Bestalde, Zarautzen eta Ondarroaren arteko azken posturako lehian, Enbata izan zen aurretik, eta handik lau segundora heldu zen Ondarroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.