Albistea entzun

Qatarko Munduko Kopa

Bete da espero zena

Brasilek aise hartu du mendean Hego Korea. Kroaziak, berriz, penaltietan kanporatu du Japonia
Kroaziako atezaina eta jokalari bat, final-laurdenetarako sailkapena ospatzen, atzo.
Kroaziako atezaina eta jokalari bat, final-laurdenetarako sailkapena ospatzen, atzo. NEIL HALL / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jone Bastida Alzuru -

2022ko abenduak 6

Pronostikoak bete ziren atzokoan, eta faboritoek egin zuten aurrera: Kroaziak eta Brasilek. Sufrituta egin zuen batak; erraz, besteak. Japoniaren aurka penaltietan nagusitu zen Zlatko Dalic hautatzaileak zuzendutako selekzioa, bana amaitu zen partida estu baten ostean. Gertu izan zuen balentria Japoniak, baina kamuts aritu zen hamaika metroetan. Aldiz, 4-1 nagusitu zen Brasil Hego Korearen aurka, aurrealdean erakustaldia emanda. Datorren ostiralean, final-laurdenetan, aurrez aurre izango dira bi taldeak.

Futbolzaleek gozatzeko moduko neurketa jokatu zuten atzo Japoniak eta Kroaziak; intentsitatea, bizitasuna, erritmoa, kalitatea eta lehia irekia. Hustu egin ziren jokalariak zelaian, eta gertu izan zuten biek sailkapena. Batek bakarrik egiten du aurrera, ordea, eta Kroaziarentzat izan zen saria, Japoniaren kaltetan. Neurketa bana amaituta, penaltietan erabaki zen kanporaketa. Kale egin zuen Japoniak, botatako lau penaltietatik hirutan huts eginda —atezainak geratu zituen hiruak—. Eta bale Kroaziak; lautik hirutan asmatu zuen.

Burua goian bukatzeko partida egin zuten japoniarrek, eta ezin meritua kendu. Ezustekoa eman zuen multzokako fasean, lehen postuan sailkatuta, eta atzo erakutsi zuen ez zela txiripaz izan. Otso zelairatu zen, eta berehala eman zuen lehen abisua. Erritmo bizia jarri zion neurketari; baloia berreskuratu bezain laster jo zuen erasora, jokaldi azkarrak harilkatuz, eta hegaletatik min eginez.

Kroazia, hasierako sustoa pasatuta, baloiaren jabetza izaten saiatu zen, lerro artean jokatuz, eta gertuko paseak eta baloi luzeak tartekatuz. Ez zuen lortu, baina, neurketa kontrolpean izaten. Bizpahiru aldiz arriskuarekin iritsi zen arren, lehiak ez zuen nahi eta espero zuen melodia. Mehatxu zen Japonia, erosoago zeuden zelaian, eta jokalariek argi zituzten ideiak. Lehen zati amaieran iritsi zen merezitako saria, korner baten ostean; Maedak sartu zuen gola —Japoniak zutoinen artera egindako lehen jaurtiketa izan zen—.

Hankaz gora jarri zitzaion neurketa Kroaziari, eta arraun egitea besterik ez zuen; azkar erantzun zuen, ordea; 55 minutuan, hain justu. Perisicek berdindu zuen lehia, burukada ikusgarri batekin. Penalti puntutik errematatu zuen baloia, sekulako indarrarekin, eta zutoin ondotik joan zen sareetara; ezinezkoa atezainarentzat.

Japonia ez zen kikildu, eta berean segitu zuen. Kroaziak, baina, lerroak aurreratu zituen, eta konfiantza hartu. Pixkanaka, elkarri zioten errespetua nabarituz joan zen jokoan, eta moteldu egin zen lehia. Gidoia mantendu zen luzapenean; bi taldeak sendo, eta erasora tentuz joz. Hala iritsi ziren penaltietara. Tentsioa, urduritasuna eta emozioa. Indarrak parekatu egiten dira penaltietan, baina Livakovic Kroaziako atezaina izan zen heroi kapa jantzi zuena. Hiru penalti geldituta, bidean utzi zituen japoniarren ametsak, eta final-laurdenetarako atea ireki zion haren selekzioari.

Dantzan

Brasil izango du parean Kroaziak. Hautagai nagusia zen askorentzat, eta hala izaten segituko du. Irribarrea dario Titek zuzendutako taldeari. Partida hasi eta gutxira eman zuen kolpea; lehen aukera garbia, lehen gola. Viniciusek bakar-bakarrik hartu zuen arean baloia, eta patxadaz egin zuen jaurtiketa sareetara. Elkar besarkatuta eta dantzan ospatu zuten gola. Aldarte horretan, errazagoa da dena. Berehala handitu zuen aldea, gainera. Hego Koreako atzelari bat baloia urruntzen saiatu zen, baina Richarlisonen hankarekin egin zuen topo. Area barruan izan zen ostikada, eta penaltia adierazi zuen epaileak; Neymarrek ez zuen barkatu. Hamahirugarren minutua zen, eta, ohartzerako, bi gol aurretik zen Brasil.

Hego Koreari asko konplikatu zitzaion kanporaketa. Hasiera batean ere, urriak ziruditen aurrera egiteko zituen aukerak, eta esperantzarako tarte oro uxatu zizkien Brasilgo aurrelariek. Hori gutxi ez, eta asko arriskatu zuten korearrek. Lerro artean erraz jokatu zuen Brasilek; espazio ugari zuen aurrera egiteko, eta halako talentudun selekzio baten kontra, bekatua da hori. Gogor ordaindu zuten; 29. minutuan hirugarrena sartu zuen Richarlisonek, jokaldi eder baten ostean, eta 36. minutuan erabakita utzi zuen kanporaketa Lucas Paquetak. Atsedenaldira 4-0 iritsi ziren, eta errentak handiagoa ere izan zitekeen.

Erakustaldia emanda, dantzan eta gozatzen. Nahi bezala maneiatu zuen lehia Brasilek. Bigarren zatia tramite hutsa baino ez zen izan. Lanak eginda zituen batak, eta etxerako bidea hartuta besteak. Markagailua apaintzea lortu zuen Hego Koreak, Paikek area kanpotik egindako gol ikusgarri bati esker. Azkenean, 4-1 amaitu zen partida.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Aritz Loiola / FOKU

Euskal derbia izango da Kopako finalerdietan

Beñat Mujika Telleria

Sadarren jokatuko da joaneko partida, eta San Mamesen itzulerakoa. Hortaz, euskal talde bat arituko da Espainiako Kopako finalean. Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuko dute beste finalerdia.

Jai Alai Ligaren antolatzaileak eta sustatzaileak, gaur, Gernikako frontoian. ©Markel Suarez

Lehen aldiz, liga bakarra osatuko dute Iparraldeko eta Hegoaldeko txapelketa nagusiek

Julen Etxeberria

Gernikako, Donibane Lohizuneko, Miarritzeko eta Paueko txapelketak batuko ditu Jai Alai Liga berriak. Antolatzaileen arabera, zesta-puntak «pauso historikoa» eman du, eta «mugarri» izango da aro berri honetan.

Celtaren eta Athleticen arteko partida amaiera. ©Salvador Sas / EFE

Porrot egin dute txuri-gorriek Balaidosen

Berria

Hasierako gol baliogabea medio, berdintsu ibili ziren bi taldeak. 70. minutuan, ordea, Iago Aspasek gola sartu zuen. Iñaki Williams ez zen izan Balaidoseko partidan.

Realaren eta Real Madrilen arteko partida. ©Rodrigo Jimenez / EFE

Puntu batekin itzuli da Reala

Berria

Bederatzi jokalari bajan edukirik ere, Real Madrilen erasoei eutsi ahal izan zieten txuri-urdinek atzoko partidan. Bigarren erdian sendo aritu zen Reala, baina berdintuta amaitu zuten.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.