Qatarko Munduko Kopa

Pozetik eta tristuratik

Kroaziak penaltietan irabazi dio Brasil faboritoari. Argentinak, aldiz, ez du huts egin Herbehereen aurka

Pozetik eta tristuratik.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Amerika Kopako finalak ez du Munduko Kopako finalerdietan errebantxa izango. Aurkari sutsuak dira Argentina eta Brasil, eta lehiaketa bakoitzean elkarrenari gehiago begiratzen diote norberarenari baino. Gogotik egin zuten barre brasildarrek Argentinak lehen partida galdu zuenean, baina canarinha izan da kalean gelditzen lehena. Argentinak ez zuen huts egin, eta finalerdietan izango da.

Kroazia beti da aurkari gogorra. Lau milioi pertsona baino gutxiago bizi dira Kroazian, baina Mendebaldeko Balkanetako herritarrek berezkoa daukaten izaera du selekzioak. Ez dauka talde handiek daukaten sonarik, baina fokupetik haratago erakutsi dute haien balioa. Errusian hiru kanporaketa irabazi zituzten luzapenean —horietatik bi penaltietan—, eta lau urte aurrerago beste bi kanporaketa irabazi dituzte penaltietan.

Hasieratik oso deseroso aritu zen Brasil. Kroaziak ezarri zuen erritmoa partidan, eta defentsako lan bikaina egiteaz gain, zentzu askorekin mugitu zuten baloia. Orain arte baino segurtasun gehiago erakutsi zuten Modricek, Brozovicek eta Kovacicek, eta lehen zatian kilometro asko egin zituen Brasilek baloiaren atzetik.

Bigarren zatian gauzak aldatu egin ziren. Erasokor zelairatu zen canarinha, eta berehala izan zituen bi aukera garbi.Baina arratsaldeko izarra agertu zen behin eta berriro: Livakovic. 11 geldiketa egin zituen partidan.

Luzapenean Brasil aurreratu zen. Ordura arte partida kaxkarra egina zuen Neymarrek, baina golaren jokaldian dantzari finenak bezala mugitu zen defentsa artean. Brasilen garaipena segurutzat joko zuen askok, baina partidako azken hatsean Petkovicen gola iritsi zen.

Penaltietan Alissonek ez zuen jaurtiketa bat bera ere gelditu. Livakovicek, berriz, lehen jaurtiketa gelditu zion Rodrygori, eta Marquinhosek zutoinera bidali zuen berea. Bertan amaitu zen brasildarren ametsa, eta 24 urtera luzatuko da, gutxienez, Munduko Koparekin daukan madarikazioa.

Ikasgaia nekez ikasita

Argentinak ez zuen Brasilen partida ikusterik izan, baina emaitza jakinda zelairatu ziren. Bazekiten aspaldiko aurkaria kalean zegoela, eta ez zuten haiekin berdina gertatzerik nahi. Zuhurtziaz hasi zuen partida Scaloniren taldeak, eta ezustekoa gertu izan bazuen ere, penaltietan irabazi zuen.

Lehen zatia oso parekatua izan zen. Galtzearen beldurrez bi taldeak arriskatu gabe aritu ziren, eta Messiren jeinutasun batek soilik lortu zuen markagailua aldatzea. Molina izan zen golegilea. Bigarren zatian ideiak argi zituela zelairatu zen Argentina, eta penaltiz egin zuen bigarrena Messik.

Ia finalerdietan zeuden Scalonirenak, baina eguneko bigarren heroia azaldu zen: Weghorst. Hogei minutuan bi gol sartu zituen aurrelariak, eta luzapenera joan zen partida. Bi selekzioak gola sartzen ahalegindu ziren arren, penaltiek erabaki zuten garailea.

Emiliano Martinezek Amerika Kopan erakutsi zuen penaltiak gelditzeko daukan gaitasuna, eta atzo ere asmatu egin zuen. Aurreneko bi penaltiak gelditu zituen Aston Villako atezainak, eta sailkapena esku-eskuan utzi zien taldekideei. Argentinan Enzo Fernandezek bakarrik huts egin zuen, eta Lautaro Martinezen golarekin amaitu zen Herbehereen ametsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.