Espero zena bete da

Realak 1-0 irabazi dio Mallorcari, eta aurrera egin du Kopan. Alavesek, aldiz, galdu egin du Sevillaren aurka

Robert Navarro ukabila jasota harmailetara begira, partidako gol bakarra sartu ostean. JON URBE / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herrian atzo izandako euri jasaren eta hotzaren ondorioz zale ugari zelaira joan gabe gelditu ziren Donostian eta Gasteizen. Hala ere, Anoetara gerturatu zirenak berehala berotu ziren. Laugarren minuturako aurreratu zuen Reala Robert Navarrok, eta taldearen jokoarekin gozatzeko aukera izan zuten zaleek, lehen zatian behintzat. 1-0 irabazi zion Realak Mallorcari, eta Espainiako Kopako final-laurdenetan izango da.

Bertan egongo ez dena Alaves izango da. Babazorroek neurketa ona jokatu zuten, baina Sevillak nahikoa izan zuen Ivan Rakiticen gol bat hurrengo fasera sailkatzeko. 0-1 nagusitu ziren bisitariak.

Euskal derbian hasieratik atera zuen hamaikakoarekin alderatuta, bost aldaketa egin zituen Imanol Alguacilek. Mikel Oiartzabal izan zen berritasun nagusia, ia urtebeteren ostean berriro ere hasieratik jokatu baitzuen.

Hasieratik golaren bila irten zen Reala, eta laugarren minuturako aurreratu ziren txuri-urdinak. Ordurako bi aukera garbi ere sortu zituen Realak, baina hirugarrean ez zuen huts egin. Navarrok Martin Zubimendiren pase bikain bat baliatu zuen erremate gurutzatu batekin arratsaldeko lehen gola egiteko. Hirugarren gola du jada Kopan.

Berehala jarri zitzaion partida maldan gora Mallorcari, eta presioa aurreratu zuen Javier Aguirreren taldeak. Horrek motzean jokatzea zaildu zion Realari, baina baloia luze jotzeko arazorik ez zuen izan etxeko taldeak, eta Alexander Sorloth behin baino gehiagotan bilatu zuen Alex Remiro atezainak.

Hainbat aukera izan zituen Realak lehen zatian markagailuko aldea areagotzeko, baina ez zen halakorik gertatu. Brais Mendezek eta Oiartzabalek gertu izan zuten gola, baina gutxigatik kanpora bidali zuten baloiaareaz kanpotik egin zituzten saiakeretan. Eibartarrak lortu zuen baloia sareetara bidaltzea, baina marrazainak balio gabe utzi zuen gola; jokoz kanpo zegoen.

Mallorcak, berriz, zailtasun ugari izan zituen Remiroren ate ingurura gerturatzeko. Balear Uharteetako taldeak ez zuen jaurtiketa bat bera ere egin lehen zatian.

Bigarren zatian, ordea, indarrak parekatu egin ziren. Bisitariek aurrerapausoa eman zuten, eta 60. minutuan gertu izan zutengola. Clement Grenierri area barruan iritsi zitzaion baloia, eta haren errematea taldekide batek bidali zuen langara. Aldaratzeanizan zuten bigarren aukera, baina kanpora bidali zuten baloia.

Grenier zelairatzearekin Javier Aguirrek azken metroetan argitasun gehiago izan nahi zuen, eta hainbat aldiz iritsi ziren bisitariak arriskuarekin bigarren zatian. Lehen zatian baino lan gehiago egin behar izan zuen Realak defentsan markagailua bere horretan gera zedin, baina hori egiten ere badakiela erakutsi zuen Imanolen taldeak.

1-0 amaitu zen partida, eta Realak hurrengo faserako sailkapena lortu zuen. Bolada ezin hobean jarratuko dute txuri-urdinek. Geldialditik bueltan jokatutako bost partidak irabazi dituzte; hiru ligan eta bi kopan.

Alaves; nahi eta ezin

Errespetuarekin, baina beldurrik gabe ekin zion Sevillaren aurkako partidari Alavesek. Valladolid kanporatzeak hauspoa eman zien gasteiztarrei, eta garaipenaren bila zelairatu ziren. Lehen zatian Sevilla baino gehiago izan zen Luis Garcia Plazaren taldea, eta arriskua eraman zuten Marko Dmitrovicen atera hegaletik egindako erdiraketekin. Luis Garcia eta Jason Remeseiro hainbat aldiz ahalegindu ziren taldekideak area barruan aurkitzen, baina Sevillak ondo defendatu zuen bere area bost atzelariko lerroarekin.

0-0 amaitu zen lehen zatia, eta atsedenalditik bueltan garaipena lortzea posible zela sinetsita zelairatu ziren etxekoak. Hala ere, 48. minutuan Sevilla aurreratu zen. Partidan lehen aldiz lortu zuten bisitariek Alavesen zelai erdian hainbat pase egitea, eta Jesus Navasek egindako erdiraketa sareetara bidali zuen Rakiticek.

Alaves hegaletatik iristen ahalegindu zen behin eta berriro, baina ez zuen erremate arriskutsurik egitea lortu. Falta jaurtiketa batean, ordea, gertu izan zuen berdinketa, baina Jasonen jaurtiketa zitala zutoinaren ondotik atera zuen atezainak.

Aukera garbienak Jasonek eta Salva Sevillak izan zituzten, biak luzapenean, baina jasonena lehenik, eta Salva Sevillarena ondoren kanpora joan ziren gutxigatik. 0-1 amaitu zen partida, eta etxeko taldeak pozik egoteko moduko partida jokatu bazuen ere, esku hutsik gelditu ziren.

Athletic eta Osasuna, gaur

Kopan aurrera egin zuten beste bi euskal taldeen txanda gaur izango da. Athleticek San Mamesen izango du hitzordua (20:00, Movistar), eta Espanyol izango du aurkari. Osasuna, berriz, Sevillan arituko da Benito Villamarinen (21:00, Movistar), lehiaketako azken txapeldunaren aurka: Betis.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.