Rayo Vallecano 0 - 2 Reala

Suziriaren marka, bristadaka

Realak irabazi egin dio Rayori, eta bederatzigarren garaipena du jarraian. Klubaren historiako boladarik onena da. Sorlothek eta Barrenetxeak sartu dituzte golak

Realeko jokalariak, Alexander Sorlothek sartutako gola ospatzen. Partidako lehena izan zen aurrelariak sartutakoa. ZIPI / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Rayo. Dimitrievski; Catena, Lejeune, Balliu (Silvi Sanchez, 83'), Fran; Unai Lopez (Santi, 46'), Alvaro, Trejo (Nteka, 67'), Pathe Ciss; Isi (Falcao, 67'), eta Camello (Andres, 83').

Reala. Remiro; Aritz, Zubeldia, Le Normand, Rico; Illarramendi, Silva (Olasagasti, 65'), Marin (C. Fernadez, 81'); Brais (Martin, 65'), Barrenetxea (Navarro, 70'), eta Sorloth (Oiartzabal, 65'). Golak. 0-1. Sorlothek (15. min.); 0-2. Barrenetxeak (36. min.). Epailea. Mateu Lahoz. Txartelik ez.Bestelakoak. 12.874 ikusle Vallecaseko estadioan. Tartean, realzale ugari.

Reala suziri baten gisan ari da. Gora eta gora eginez, lehertzeko beldurrik gabe. Txuri-urdinen aldi onak garaipenak ditu sinonimo, eta, Rayo Vallecanoren zelaian gailenduta, bederatzigarrena eskuratu du jarraian. Imanol Alguacilen taldea 0-2 nagusitu zen atzo Madrilen, eta marka berria ezarri zuen klubaren historian, inoiz baino garaipen gehiago kateatuta. Aurrez, donostiarren garairik onenek ez zuten halako boladarik izan.

Orioko teknikariak zenbait aldaketa egin zituen Rayoren aurkakoan. Egoerak hala behartutagehienak, egokieraren ustean besteak. Esaterako, Ander Barrenetxea, Asier Illarramendi eta Pablo Marin hasieratik aritu ziren, besteak beste, Mikel Merino min hartutakoaren eta Martin Zubimendi zigortuaren ordez. Take Kubo ere deialdian zen, baina ez zen aritu, azken orduko arazo batzuengatik. Realaren garai onaren erantzule dira hiru jokalari horiek, baina haiek gabe ere gailendu egin zen taldea.

Multzoaren kudeaketa funtsezkoa da Realaren aldi bikainean, halaxe ari baita azkenaldian, irabazi eta irabazi. Sailkapenari erreparatu besterik ez dago horretaz jabetzeko, Real Madrilekin berdinduta baitago bigarren postuan, espainiarrek Athleticen aurka gaur zer egingo zain. San Mamesen zer gerta ere, Vallecaseko garaipenak hirugarren postuan indartu zituen Zubietakoak.

Realak ez ditu 90 minutu distiratsu behar irabazteko. Nahikoa ditu bi bristada. Sendo ari da, eta, elegantziarik ez denean, ofizioa du berme. Hala izan zen atzo ere. Estutasun handirik ez zuen izan atzeko lerroan, eta azeriaren pare aritu zen erasoan. Azken metroetan azti jokatzeari etekina atera zion hamaikagarren aldiz, eta hasi eta gutxira, gainera.

Izan ere, txuri-urdinak nagusi izan ziren estreinako minutuetan, eta berandu baino lehen jaso zuten saria. Alexander Sorlothek sasoiko zortzigarren gola sartu zuen 15. minutuan. David Silvaren oinetan abiatu zen jokaldia; erdilariak bikain ostu zuen baloia hiru laurdenen eremuan, eta, Rayoko jokalarien artetik gidatu ostean, lerro arteko pasea eman zion Sorlothi. Puntakoa izan zen norvegiarraren errematea ere; lehen ukituan jo zuen baloia, eskuineko oin muturrarekin, eta Dimitrievski atezainaren zango artetik igarota sareratu zuen baloia. Zailena egina zuten bisitariek: aurrea hartzea. Markagailua estreinatuta, eroso aritu ziren aurrerantzean.

Norgehiagokak ondo hasi ohi ditu Realak, eta atzokoa beste adibide bat izan zen. Horren jakitun, Rayo saiatu zen lehen minutuetan aurre egin eta hortzak erakusten, baina Realak ondo lotu zuen Andoni Iraolaren taldea. Ez hori bakarrik; abantaila eskuratu orduko, aurrerako urratsa egin zuen, eta sendotasuna erakutsi zuen jokoaren alor gehienetan.

Baita geldikako jokaldietan ere. Halako batean ailegatu zen bigarren gola, 36. minutuan. Brais Mendezek egindako korner jaurtiketa bat Aritz Elustondok loratu zuen, eta Barrenetxeak eroso errematatu zuen sarera. Golak biribildu zuen donostiarraren eguna; lesio luze baten ostean hasierako hamaikakora itzultzeaz gain, bere aletxoa jarri zuen markagailuan aldea handitzeko.

Ordutik aurrera, egoera kontrolpean izan zuen Realak. Rayori utzi zion jokoaren gidaritza, bigarren zatian batik bat. Baloi jabetza galdu arren, ordea, bururik ez zuen galdu. Rayok estutu egin zuen atsedenalditik itzultzean, baina Alex Remirok gogotik egin behar izan zuen lan Florian Lejeuneren erremate bat geratzeko.

Partida, kontrolpean

Txuri-urdinek kontrolpean eduki zuten norgehiagoka. Minutuek aurrera egin ahala, Imanolek Espainiako Kopako partidan jarri zuen arreta. Bost aldaketak egin zituen; Mikel Oiartzabal eta Carlos Fernandezez gain, Robert Navarro, Jon Ander Olasagasti eta Ander Martin zelairatu zituen. Zenbait minututan, harrobikoak izan ziren zelaiko 11 jokalarietatik bederatzi. Horra atzoko beste garaipena. Imanol pozik bezain zuhur azaldu zen neurketaren amaieran: «Indarrak ahitu artean eutsi behar diogu bolada onari. Aldi onak ahalik eta gehien luzatu behar dira, eta garai onean gaude. Dena den, min hartutako jokalari asko ditugu, eta ez da erraza luzatzea».

Realak garai ona luzatu nahi du datorren astean, Bartzelonaren aurka Espainiako Kopan, eta Real Madrilen kontra ligan. Parean edonor jarrita ere, suziriak ez du geratzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.