Alaves 1-0 Atletico Madril

Indarrez berpiztu da

Alavesek denboraldiko lehen puntuak lortu ditu, etxean Atletico Madrili irabazita. Hasi eta berehala jarri da aurretik, eta, gero, sendotasun handiz iraun du zutik

Alaveseko jokalariak Laguardiak sartutako gola ospatzen. Arabarrek sasoiko lehen garaipena lortu zuten gol horri esker. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Alaves. Pacheco; Martin, Ximo, Miazga, Laguardia, Duarte (Tachi, 79. min.); Loum, Toni Moya (Pina, 79. min.), De la Fuente (Pellistri, 61. min.), Rioja (Saul Garcia, 87. min.); eta Sylla (Joselu, 61. min.).

Atletico Madril. Oblak; Trippier (Cunha, 59. min.), Savic, Felipe, Hermoso (Herrera, 61. min.), Carrasco (Lodi, 59. min.); Kondogbia (Correa, 59. min.), Llorente (Vrsaljko, 74. min.), De Paul; Griezmann eta Luis Suarez.

Gola. 1-0. Laguardiak (4. min.). Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horia Alaveseko Syllari eta Loumi eta Atletico Madrileko Savici, Trippierri eta Kondogbiari.Bestelakoak. 9.836 ikusle Mendizorrotzan.

Oinarrietara itzuli zen atzo Alaves. Jarrerari dagokionez, erabakimenez aritu zen zaleen aurrean. Jokoari dagokionez, ahalegin nekaezina eta defentsako lan koordinatua izan zituen ardatz. Eta sinbolikoki, men egin zion ereserkiari, indarrez berpiztu baitzen, Atletico Madrili irabazita (1-0). Ez zuen nabaritu lehia guztiak galdu izanaren zama, eta merezita eskuratu zituen puntuak. Lehiarik galdu gabe zegoen Ligako txapelduna, baina atzo, amore eman behar izan zuen arabarren bertsiorik lehiakorrenaren aurka. Garaipen handia izan zen, duen balioarengatik nahiz lortzeko moduarengatik. Laguardiak 4. minutuan apurtu zuen lehia, korner batean, eta, ondoren, erresistentzia ariketa aparta egin zuten gasteiztarrek. Puntuek ataka estutik ateratzeko balio diote taldeari, eta zer esanik ez Javi Callejari.

Hamaikako berritzailea zelairatu zuen Alaveseko teknikariak, behingoz tekla egokia sakatu nahian. Hautatuen artean ez zeuden ez Joselu, ez Pina. Haien ordez, De la Fuentek eta Moyak jokatu zuten. Halaber, prestatzaileak apustu deigarria egin zuen defentsan, bosteko lerroa ezarrita. Ximo erdian jarri zuen, eta Martin eskuinean. Atletico Madaril ispiluaren aurrean jartzea zen helburua, espainiarrak ere bost atzelarirekin hasi baitziren.

Bada, asmatu egin zuen Callejak, eta odolkiak ordainetan eman zizkion Simeoneri, haren emaitza kutunarekin gailendu baitzen Alaves. Partida hasi orduko sartu zuen garaitzeko gola Laguardiak. Ametsetako hasiera izan zen arabarrentzat. Alde txar bat ere badute, ordea, gol goiztiarrek: aurkariak oraindik ia neurketa osoa du bere onera itzultzeko. Eta mehatxua askoz ere handiagoa da aurrean duzun taldea Atletico Madril bada. Haatik, atzora arte erakutsi gabeko irmotasunez jardun zuen Alavesek defentsan. Barruko pasabide guztiak itxi zituen, eta, hala, ia gaindiezina izan zen lerro artean. Amarauna ehundu zuen kokapen onarekin eta zaintza estuarekin. Hori horrela, ordubete baino gehiago igaro zen madrildarrek lehen aldiz atera jaurti zuten arte.

Soilik bi estualdi izan zituen Callejaren taldeak. Bata, lehen zatiaren erdialdean, Laguardiaren urruntze txar bat eta Riojaren baloi galera arriskutsu bat tarteko. Alabaina, Llorentek eta Griezmannek ez zuten asmatu jokaldiak bukatzen. Alaveseko jokalari ohiak kanpora jaurti zuen oinaren kanpoaldearekin, eta Realean aritutakoari zehaztasuna falta izan zitzaion azken pasean. Alavesek arnasa hartu zuen berehala, Sylla aurkitzen hasi ahala. Hark espaziora egindako korrikaldiek oxigeno botila gisa balio izan zioten. Metroak irabazi zituzten gasteiztarrek.

Loum eta Pinaren aukerak

Laguardiak baloi bat atepetik atera zuen bigarren zatia hasi berritan. Alavesek berehala berrezarri zuen ordena, baina sufritzen hasi zen Simeonek Correa zelairatu zuenean. Argentinarrak nabarmen zorroztu zuen Atleticoren erasoko jokoa. Zutik iraun zuen, halere, Alavesek, eta bigarrena sartzeko aukerak ere izan zituen, Loum eta Pinaren oinetan. Biek dena alde izan zuten baloia sareratzeko, baina atera ez, harmailetara jaurti zuten. Edonola ere, Callejaren taldeak ez zuen gol gehiagoren beharrik izan denboraldiko lehen garaipena lotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.