Celta 4-0 Alaves

Amildegitik gertuago

Alavesek oso kolpe mingarria hartu du Celtaren zelaian, eta izugarri zaildu zaio mailari eustea. Azkena da orain, eta sei puntura du salbazioa

Edgar Méndez, Javi Galanen erdiraketa oztopatu nahian, atzo, Celtak eta Alavesek Balaidosen jokatutako partidan. LAVANDEIRA JR / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Celta. Dituro; Javi Galan, Nestor Araujo, Aidoo, Kevin; Fran Beltran (Tapia, 68. min.); Brais Mendez (Solari, 68. min.); Denis Suarez (Gabri Vega, 70. min.), Cervi (Nolito, 73. min.); Thiago Galhardo eta Iago Aspas (Pineda, 68. min.).
Alaves. Pachecho; Tenaglia (Martin, 46. min.), Laguardia, Lejeune, Ximo Navarro; Loum (Mendes, 82. min.), Pina (Pere Pons, 62. min.); Edgar, Toni Moya (Manu Vallejo, 46. min.),Luis Rioja (Javi Lopez, 68. min.); eta Joselu.
Golak. 1-0. Tiago Galhardok (6. min.); 2-0. Iago Aspasek (33. min.). 3-0. Ximo Navarrok, bere atean (57. min.). 4-0. Iago Aspasek (67. min.).
Epailea. Cuadra Fernandez. Txartel horiak: Celtako Cerviri; eta Alaveseko Loumi eta Edgarri. Txartel gorria: Alaveseko Ximo Navarrori, epaileak bi hori atera ostean (64. min.).
Bestelakoak. 10.567 ikusle Balaidosen.

Hanka bat Bigarren Mailan du Alavesek. Salbazioa oraindik posible dela diote zenbakiek, baina sinesteko arrazoi gutxi gelditu dira atzo arabarrek Celtaren zelaian hartutako astinduaren ondoren. Irabazi beharreko lehia zuten, jokoan ezer gutxi zeukan aurkari baten kontra; bada, galdu egin zuten, eta nola gainera. 4-0eko emaitza berez da gogorra, baina are mingarriago egiten du taldeak emandako irudiak. Premiarik ez balu bezala jardun zuen, lehen zatian batik bat, eta gainetik pasatu zitzaion Celta. Hiru partidaren faltan, sei puntura du Granada, maila galtzetik salbu dagoen azken taldea, baina arabarrek galdua dute harekiko gol aldea. Beraz, benetan, zazpi punturena da desabantaila.

Hiru aldaketa egin behar izan zituen Julio Velazquezek Alavesen hamaikakoan, hirurak ere behartuta: zigortuta zeuden Escalante eta Duarte, eta min hartuta zegoen Manu Garcia. Zelai erdian, Pinak eta Toni Moyak bete zituzten hutsuneak, eta Ximo Navarro aritu zen Duarteren ordez defentsako ezker hegalean, beste hegala Tenagliari utzita. Bada, ezkerretik behin eta berriz sartu zitzaion Celta, eta neurketa hasi orduko jaso zuen zigorra, alboko sake batean: Braisek eta Denisek jokaldi ederra egin zuten, eta azken horren erdiraketa sarera bidali zuen Galhardok, Laguardiari aurrea hartuta.

Azken partidan, Vila-realen aurka, oldarkor eta grinatsu ekin zion partidari Alavesek. Lehen ordu erdian bideratu zuen garaipena. Atzo, ordea, kontrakoa gertatu zitzaion: tentsiorik gabe zelairatu zen, eta hankapean ibili zuen Celtak. Gozatua hartu zuten etxekoek, Denisen gidaritzapean. Ikusgarri aritu zen erdilaria, eta pase itzelak egin zituen arabarren area inguruan. Horietako bati esker, sukalderaino sartu zen Aspas, baina kale egin zuen azken pasean. Eskerrak Alavesentzat, Galhardo berriz ere bakarrik baitzegoen ateko zuloan.

Lehen hogei minutuak sufrikario hutsa izan ziren Velazquezen mutilentzat. Celta azkar eta zorrotz sartu zitzaion bi hegaletatik, eta erasoan, Edgarren arriskurik gabeko bi saiakera izan ziren agerraldirik aipagarrienak. Pase bakan batzuk kateatzeko ere ez ziren gauza gasteiztarrak. Bere txarrean, Celtak hanka apur bat altxatu zuen lehen zatiak aurrera egin ahala. Baloia patxadaz mugitzen hasi zen, hasierako sakontasunik gabe. Zenbait minutuz, lehiari neurria hartzeko itxaropena izan zuen Alavesek.

Ez zion askorik iraun, 33. minutuan txikitu egin baitzuen Denisek. Galiziarrak alderik alde ari ziren mugitzen baloia, barrutik espazioak sortzeko, eta eskuaira eta kartaboia atera zituen erdilariak. Pase milimetrikoa eman zion Aspasi, eta aurrelariak zutoin motzetik sartu zion baloia Pachecori. Berehalako erreakzioa behar zuen Alavesek, eta gola jaso eta lau minutura 2-1ekoa gertu izan zuen Joseluk. Baloia bularrez kontrolatu, eta tokia egin zuen area barruan, baina baloia ez zuen behar besteko indarrez jaurti. Atsedenera mirari baten beharrean iritsi ziren arabarrak.

Bada, miraria ez, sarraskia izan zen bigarren zatian. Alavesek lerroak aurreratu zituen, halabeharrez, eta hutsune asko utzi atzean. Celta zitala izan zen. Braisek eta Aspasek aukera garbiak izan zituzten, eta hirugarrengoan, hirugarrena egin zuen etxeko taldeak. Errematea Cervirena izan zen, baina baloiak Ximori jo ostean hartu zuen aterako bidea. Hegalekoak zelaia utzi behar izan zuen 64. minutuan, Aspasi kontraeraso batean falta egin eta gero. Hain justu, falta horretan 4-0ekoa egin zuen Celtaren kapitainak; baloia giza hesira jaurti zuen lehenik, baina aldaratzean sarera bidali. Zerraldo erori zen Alaves, eta lanak izango ditu altxatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.