Europarako trenean igota segitu nahian

Athleticek Real Madril hartuko du gaur iluntzean, eta baliteke Aitor Paredesek jokatzea. Osasuna Elxen arituko da

Athleticeko jokalariak, asteazkenean, Kopan aurrera egin dutela zaleekin ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
2023ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Athleticen eta Real Madrilen arteko partidak Ligako klasiko bat dira (La Liga, 21:00). Bartzelonaz gain inoiz mailaz jaitsi ez diren talde bakarren arteko lehia baita gaurkoa. Berez da erakargarria jarraitzaile zuri-gorrientzat Real Madrili aurre egitea: ilusio berezia sortzen du Bilbon talde zuria mendean hartzeak. Oraingoan, gainera, garrantzitsuak izango dira jokoan dauden puntuak. Athleticek ez du Europako trena galdu gura, eta Carlo Ancelottiren taldeak txapelketa irabazi ahal izateko behar du garaipena.

Urte hasiera gorabeheratsua izan dute talde biek. Madrildarrentzat mingarria izan da Espainiako Superkopako porrota, eta, gainera, Bartzelonaren kontra galtzeak handitu egin du zauria. Horrez gain, Kopan, hanka bat kanpoan izan ostean, modu harrigarrian irauli zuen desabantaila Vila-realen kontra. Egoera zailei aurre egin eta aurrera egiteko gaitasun aparta dauka Real Madrilek. Ezin zaio aukerarik eman.

Athletic aurkariaren dohain guztiak ezerezean uzten ahaleginduko da. Bere itxurarik onena erakutsi beharko du Ernesto Valverderen taldeak. Batez ere, Thibaut Courtoisen atearen aurrean asmatu beharko du. Izan ere, zelaiko gainerako zatietan ondo baino hobeto ari da jokatzen. Kontua da azken metroetan asmatu ezean oker txiki bat garesti ordaindu daitekeela. Hori ari zaio geratzen.

Bi puntu baino ez dituzte eskuratu azken hiru jardunaldietan, eta, ondorioz, Europako postuetatik irten dira. Hala ere, bete-betean jarraitzen dute lehian. Bi puntura baino ez daukate laugarren sailkatua. Borroka horretan segitzeko, garrantzitsua izango da ahalik eta azkarren puntuak hirunaka eskuratzea.

Hamaikakoari dagokionez, defentsa osatzeko ditu buruko minak Valverdek. Yeray Alvarez zigortuta dago; Iñigo Martinez, berriz, min hartuta. Ondorioz, Vivian bakarrik gelditu da. Aitor Paredes gazteari aukera ematea edo eskarmentu handiagoko futbolari bat postuz aldatzea dira zuloa betetzeko bi aukerak. Gainerakoan, Kopako ahaleginetik osatzeko nahikoa denbora izan dute futbolariek, eta jokatzeko prest dira.Nahiz eta azken emaitzak ez diren onenak izan, Valverdek honela azertu du partida: «Nahiko erregularrak izan gara orain arte. Talde fidagarriahalako partida bati heltzeko. Denen artean lortu dezakegu garaipena».

Astea biribiltzera

Osasunak astea biribildu nahi du, Elxen zelaian irabazita(16:15, La Liga). Jagoba Arrasateren taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen iragan larunbatean Mallorcaren kontra, Sadarren. Urteko lehena izan zen. Asteazkenean, berriz, balentria egin zuen Sevillan, Betis Kopatik kanporatuta.

Gaurko aurkariak samurragoa dirudi, Elx azken postuan baita sailkapenean. Bost puntu besterik ez du, eta ez du partidarik irabazi orain arte. Baina Jagoba Arrasatek aurkariaren arriskuaz ohartarazi du. «Elx talde ausarta da, eta, ezusterik ezean, oso gora egiten duten bi atzeko hegalekorekin jokatuko du. Adi ibili behar dugu. Jakitun gaude, gainera, puntu beharrean daudela, eta horrek are arriskutsuago egiten ditu. Oinak eta burua fresko izan beharko ditugu, eta gure onena eman,partida aurrera ateratzeko». Europarako sailkatzeko borrokan ere segitu nahi dute gorritxoek.

Lucas Torro zigortuta dago txartelengatik, eta, ezusterik ezean, Jon Moncayola arituko da haren lekuan.Halaber, Moi Gomez osatu dela jakinarazi zuen Arrasatek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.