Portugalete 0-3 Betis

Portugaletek itxura ona eman du Betisen aurka, baina bidean geratu da

enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Portugalete. Mediavilla; Yaser, Artabe, Cuberia, Santamaria, Celihuela, Txopi (Jon Fernandez, 61.min), Roberto Gandara, Diego Rozas (Thaylor, 78.min), Alberto Gomez (Isuardi, 52.min) eta Guemes.

Betis. Joel; Barragan, Mandi, Edgar, Bartra, Alex Moreno; Aleña, Canales, Lainez (Joaquin, 76.min), Tello (Guardado, 76.min) eta Loren.

Golak. 0-1. Alex Morenok (23. min.); 0-2. Lorenek (48. min.); 0-3. Joaquinek (89.min). Epailea. Prieto Iglesias. Txarte horiak: Portugaleteko Isuardiri, Santamariari eta Artaberi; eta Betiseko Aleñari. Bestelakoak. Bete egin zen La Florida: 5.000 ikusle inguru.

Kito. Amaitu da Espainiako Kopako ametsa Portugaleterentzat. Lehen kanporaketan Extremadurari gailendu ostean, atzo 0-3 galdu zuen Betisen aurka. Bizkaitarrek ezustekoa emateko ilusioa zuten, baina ez zen posible izan. Ezer gutxi lepora dakieke, onena eman baitzuten: ahalegin betean aritu ziren, eta ia amaierara arte eutsi zioten itxaropenari. Ordea, hiru maila goragoko talde bat izan zuten aurrean, eta Betisek serio hartu zuen lehia. Rubik titularrez jositako hamaikakoa atera zuen, eta jokalariek ondo ulertu zuten mezua: ligako partida bat balitz bezala jokatu behar zuten. Hala, aukera gutxi eman zioten Portugaleteri.

Edonola ere, etxekoek beren momentuak izan zituzten. Esaterako, neurketaren hastapenean. Lehia handia zen, eta jokalariak grina handiz zelairatu ziren. Ahalik eta lasterren sartu nahi zuten lehen gola. Betis, ordea, baloiaren jabe egin zen zen, eta, orduan, lerroak atzeratu egin zituzten bizkaitarrek. Harresia 24. minutuan puskatu zen, Alex Morenok boleaz egindako gol ikusgarriarekin.

Alta, Portugaletek ez zuen amore eman, eta gertu izan zuen berdinketa, 35. minutuan: Joelen aurrean bakarrik gelditu zen Alberto Gomez, baina gehiegi gurutzatu zuen jaurtiketa. Hainbat korner ere izan zituzten banakoa egiteko, baina ez zituzten probestu. Bai, ordea, Betisek, 48. minutuan, Lorenek. Etxekoak ez ziren amildu, eta neurketan sartuta jarraitu zuten, harik eta 89. minutuan Joaquinek 0-3koa egin zuen arte. Kopatik at gelditu arren, harro egon daiteke Portugalete, bere esku zegoen guztia egin baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.