Scotland Goes Basque programa kongresu batekin amaituko da

Hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan eztabaida sustatzea izango du helburu. Hilaren 16an eta 17an egingo dute, Edinburgon

Erredakzioa
Bilbo
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
2019. urte hasieratik hona, Scotland Goes Basque programaren eskutik, euskal kultura garaikidea erakusgai izan da Eskoziako kultur programa nagusietako batzuetan: musika Celtic Connections jaialdian; zinema CinemaAttic plataformaren programazioan eta Edinburgh International Film Festival zinema jaialdian; arte eszenikoak Fringe jaialdian, eta literatura Edinburgh International Book Festivalen.

Orain, Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak nazioarteko kongresu bat antolatu dute, hilaren 16an eta 17an egingo dena, Edinburgoko Unibertsitateko The Informatics Forum eraikinean. 30etik gora aditu bilduko dituen kongresu horren xedea da hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan eztabaida akademikoa eta profesionala sustatzea eta, aldi berean, unibertsitateko ikertzaileen eta hizkuntza horiek lanabes dituzten komunikabideetako profesionalen artean elkarlana bultzatzea.

Besteak beste, gai hauek landuko dituzte: komunikazio eta kultura politikak; hedabideen ekonomia eta eremu digitala; telebistak eta Interneteko bideo plataforma berriak; audientzia, genero eta eduki azterketak; programazio estrategiak eta edukien kontratazioa; produkzio baldintzak eta distribuzio aukerak; edukien komertzializazioa; hedabideak eta hezkuntza; lurraldetasuna, hizkuntza eta nortasuna; eta hedabideak eta genero ikuspegia. Eta hizkuntza hauek izango dira hizpide: akaniera, bosniera, Eskoziako gaelikoa, eskoziera, euskara, frisiera, irlandera, jorubera, kornubiera, kroaziera, kymruera, nederlandera, sardiniera, serbiera eta zuluera.

Bestalde, gaur hasi eta 20ra bitartean, Europa Transit dokumental bildumako hiru izenburu izango dira ikusgai Eskozian: Kaleko dantzariak, Mugaminak eta Erresilientzia-soinuak. Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzaren barruan, Europan barrena hamar hiritan abiatu zen kultura enbaxada ibiltari bat izan zen Europa Transit; haren helburua zen elkarbizitzarako trantsizioaren kultura sustatzea. Egitasmoaren aitortza gisa, Xuban Intxausti zinemagileak zuzendutako hamar dokumentaletako hiru emango dituzte Edinburgon eta Glasgown. Dokumentalak proiektatzeaz gain, haien inguruko hainbat jarduera egingo dituzte Sra. Polaroiska, Mursego eta Amets Arzallus dokumental horien gidariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.