Gogorra izan da, ikusgarria bainoago

Eskirozek eta Agirrek 22-20 hartu dituzte mendean Peña eta Erasun, Promozioko Binakakoaren finalean. Hasieratik egon dira aurretik
Agirre eta Eskiroz garaipena ospatzen.
Agirre eta Eskiroz garaipena ospatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2020ko abuztuak 2

Maiz kosta egiten da final onak ikustea kirol askotan. Pilota ez da salbuespena, eta atzokoan ikusi zen. Binakako Promozio Txapelketako finala zuten jokoan Eskiroz-Agirre eta Peña-Erasun bikoteek. Konfinamendu osteko lehen finala izanda, pilotazaleak ikuskizun zeuden. Baina ez zen esperotako partida betea izan. Azken txanpan baino ez zen gogortu finala, eta orduan izan zuen emozio apur bat. Akatsek gogortu zuten. Azkenean, Agirre eta Eskiroz nagusitu ziren, 22-20, partida osoan aurretik joan eta gero.

Agirrek markatu zuen aldea atzoko finalean. Lau pilotarien artean onena izan zen. Aurreko koadroetatik hark ezarri zuen partidaren erritmoa, eta ondo asmatu zuen Peñaren eta Erasunen artean zuloak topatzen.

Bikote galtzailea hasieratik aritu zen kontrakarrean. Presaka eta urduri antzeman zitzaien lehen tantoetan. Bikotearen zama hartu behar zuela jakitun, Peña airez sartzen hasi zen, eta ohikoak ez dituen bizpahiru akats egin zituen. Hala, Agirre eta Eskiroz 4-0 aurreratu ziren. Baina, gero, haiek egindako pare bat hutsegite tarteko, 4-2 gerturatu ziren galtzaileak.

Finalari neurria hartu behar zioten lau pilotariek, eta, tantoak luzatuz eta gogortuz joan ahala, lortu zuten. Agirre Peñari hanketara jokatzen ahalegindu zen. Hasieran tolosarrak ondo eutsi zion, eta asmatu zuen Agirre eta Eskirozen artean zuloak topatzen. Konfiantzaz da aurrelaria, Mastersean Bengoetxea VI.a bikain ordezkatu eta gero. Baina Agirre ere bere dohainak erakusten hasi zen, eta partidaren aginte makila hartzen. Zabalerari eta txokoan utzitako bi tanto ederri esker, 7-5 aurreratu zuen berriro ere bikote nafarra. Pilotari abiadura handiagoa emanez joan ziren, eta nagusitasuna handituz (10-6).

Eztabaidagarria izan zen haien hamargarren tantoa, Agirreren erremateak txapa jo baitzuen askoren ustez. Peña, eta batez ere Erasun, ez zeuden eroso garaileek ateratako pilotarekin. Aurrekoak baino zakarragoa zen. Erasun, gainera, etengabe bizkarra erakusten aritu zitzaion Eskirozi.

16-10 aurreratu ziren Agirre eta Eskiroz. Partidak hautsia zirudien. Baina usteak erdi ustel. Orduan iritsi zen Peñaren tanto bat, eta Eskirozen galdutako hainbat pilota. Horrek lehia aldatu zuen, eta, ia oharkabean, eta aparteko jokorik egin gabe, Peñak eta Erasunek lehia berdindu zuten: 17-17.

Korapilatu egin zitzaien finala nafarrei. Baina eusten jakin zuten, eta berriro 21-18 aurreratu ziren. Baina Peña eta Erasun ez zeuden etsitzeko prest. Bitarte horretan ikusi ziren norgehiagokako tantorik gogorrenak. Peñak egindako bi tantori esker, 21-20 gerturatu ziren gipuzkoarrak. Baina, unerik okerrenean, Erasunek partidako lehen pilota galdu zuen, eta hor amaitu zen neurketa.

Artola-Rezusta, oso nagusi

Gero jokatu zen Masters txapelketako partida. Artolak eta Rezustak nagusitasunez hartu zituzten mendean Ezkurdia eta Aranguren: 22-6. Hala, lehen postua sendotu dute, Bengoetxea VI.a-Martijarekin berdinduta, bost garaipenekin. Gaur jokatuko da, Beran (Nafarroa), jardunaldiko azken neurketa: Urrutikoetxea-Irribarria Altuna III.a-Imazen aurka (17:30, ETB1).

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jendea terrazetan Bilbon, astelehenean. ©Aritz Loiola/FOKU

651 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian kasu gehien atzeman diren eguna izan da: 402. Osasun Saila eta Bizkaiko Foru Aldundia arratsaldean bilduko dira egoera aztertzeko.

 ©JON URBE / FOKU

«02:00etan, festak ezin du segitu eremu pribatuetan»

Aitor Biain

Herritarren parte hartze handiagoa eskatu dute ostalariek, ardura guztia beren bizkar izan ez dadin. Ataka estuan direla ohartarazi dute, eta babes ekonomikoa galdegin diote administrazioari, helegitea onartu edo ez.

Osasun langileak PCR probak egitn Donostian, iragan astean. ©Gorka Rubio/FOKU

Proba egiteko eskatu die Jaurlaritzak Getxoko Bikain tabernan izan zirenei

Berria

Abuztuaren 2tik 10era bertan egon zirenek egin beharko dute testa.

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna