Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Azken finean

2016ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Nire osaba Antxonekin pelikula alokatuak ikusten nituenean, filma amaitu aurretik alde egiten zuen. Nahiago zuela bukaera irudikatu, esaten zuen, horrela ez zuela inoiz desengainurik hartuko. Zein ausarta, eta inteligentea, komeni zitzaion bukaera asmatzea. A zer inbidia nion.

Nerabezaroan, happyend-ek alergia eragin zidaten. Mundu honetan amaiera zoriontsuak baino ezer anarkikoago, zitalago eta axolagabeagorik ez zegoela uste nuen. Kurtsi edo ergel hutsa izan behar zinela horrelakoekin gozatzeko. Finean, Historiako film onenen zerrendetan ez daude film edulkoratuak. Amaiera onak inteligenteak izan behar zirela barneratu nuen, eta horiek estimatzea intelektualagoa sentiarazten ninduen.

Pretty Woman-en amaiera arrosa —jatorriz gidoian idatzia zegoena oso tristea zen— eta erreakzionarioak indartu zuen feelgood amaierekiko ezinikusia. Konparatuta, hilabetera estreinatutako Green Card komedia erromantikoaren amaiera ireki eta gazi-gozoak guztiz asebete ninduen.

Azken urteotan, zinema asko infantilizatu bada ere, amaierak ez dira hain biribilak, hain zoriontsuak —agian sekuelak egiten jarraitzeko asmo ezkutuarekin—, ez daude ikusle apala asebetetzeko idatziak. Zinema aretoetan behin eta berriz esaldi bera errepikatzen entzun dut neure burua: «Bueno, aizu, bukaera hau egokiena da».

Egokiena. Zer inporta dio! Sinestezintasunaren etenaldia eskatzen digun artean, zer axola azken hariraino eramatea. Zergatik ez idatzi pertsonaia galtzaileentzat amaiera atsegina, zorioneko gezurra, jakinda fikzio zinematografikoarekin gozatzeko ezinbestekoa dela ikusleak beraiekin bat egitea, jakinda ikusleek bere barnean sufrituko dituztela protagonisten bizipenak.

Badirudi denborak bigundu nauela. Gaur amaiera emango diodan zutabe honetan gogorregia izan naizela esan didate askok. Beste batzuek, ordea, samurregia izan naizela. Ados bigarren horiekin, jada ez zaidalako inporta irakurleen aurrean kurtsi izatea, azken finean, pesimistok erraz optimista txoro bilakatzeko gaitasuna dugulako.

Orson Wellesek esan zuen: «Amaiera zoriontsua ala ez izatea, istorioa gelditzen duzun momentuak erabakiko du!». Hau da une egokiena hiru urte luzeko abenturari amaiera emateko, eta ezagutzen ditudan hitz ederrenak erabiliko ditut agur esateko: eskerrik asko. Zin-zinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.