Erraztasunak baliatu dituzte

Ezkurdia-Martijak Galarzaren hutsak aprobetxatu dituzte hirugarren partida jarraian irabazteko: 22-18. Eguneko beste lehian, Jaka-Zabaletak 22-16 hartu dituzte mendean Irribarria-Zabaleta

Joseba Ezkurdia, pilota jotzear, eta Ladis Galarza, hari begira, atzo, Labriten. JOXE ZABALZA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Gorantz doaz Joseba Ezkurdia eta Julen Martija, abiada hartuta. Irabazi egin dituzte jokatutako azken hiru partidak. Danel Elezkano eta Ladis Galarza izan dira mendean hartu dituzten azkenak. 22-18 irabazi zieten atzo Iruñean, Labriten. Horri esker, jada bigarren postuan dira Binakako Txapelketaren lehen ligaxkako sailkapenean: bost garaipen eskuratu dituzte zortzi jardunaldietan.

Hain zuzen, atzo irabazita, Altuna III.a-Galarzari aurrea hartu diete sailkapenean, tanto alde hobea baitute. Haien garaipen bolada ere eten dute, Altuna III.a-Galarzak irabazi egin baitzituzten azken bost neurketak. Amezketarra nabarmendu zen horietan guztietan, tantoak eginda eta bikotekidearen gorabeherak estalita. Baina atzo ez zuen jokatu, mina baitu ezker eskumuturrean. Elezkano II.ak ordezkatu zuen, ondo ordezkatu ere. Oso ondo aritu zen zaratamarra, bere burua aldarrikatuta: bederatzi tanto egin zituen, eta nor baino nor gehiago aritu zen Ezkurdiarekin. Baina laguntzarik ez zuen izan bikotean. Galarzak oso partida eskasa jokatu zuen berriro: bederatzi huts egin zituen. Azken txanpan galdu zituen pilota ia guztiak, 10-16 aurretik zirela. Haren hutsek bide eman zioten Ezkurdiaren gorakadari. Elezkano II.ak ondo eutsi zion aurrelariaren oldarraldiari, baina bikotekidearen hutsek alferrikakoa bilakatu zuten haren ahalegina.

Galarzak huts egin izan ez balu, nekez irabaziko zuten Ezkurdia-Martijak. Azken partidetan baino koska bat beherago aritu ziren, etaordaintzekotan izan ziren. Haien merituengatik baino gehiago, arerioen demerituengatik gailendu ziren.

Liderrak, behetik gora

Eguneko beste partidan, Etxebarrin (Bizkaia), Erik Jakak eta Jose Javier Zabaletak zazpigarren garaipena lortu zuten: 22-16 irabazi zieten Iker Irribarriari eta Beñat Rezustari. Nekez pentsa zitekeen halakorik partida nola hasi zen ikusita, Irribarria-Rezusta 9-1 jarri baitziren aurretik. Baina Jaka-Zabaleta suspertu egin ziren, eta Irribarria-Rezusta, hustu. Garaileak lehen postuan sendotu dira. Galtzaileek, aldiz, gora ezinik segitzen dute. Seigarren postuan dira, bi garaipen bakarrik lortuta.

Jardunaldia gaur bukatuko da, Zumaian (Gipuzkoa). Baiko Pilotako bi bikote ariko dira elkarren aurka: Olaizola II.a-Urrutikoetxea batetik, eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena bestetik. Biak ala biak dira irabazi beharrean, azken bi postuetan baitira: aurrenekoek bi garaipen dituzte, eta bigarrenek, bat baino ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.