Muturrekoa da parekotasuna

Ezkurdia-Tolosak 22-12 irabazi diete Jaka-Mariezkurrenari, eta kanporaketako postuetan daude. Elezkano-Zabaleta lider jarri dira, Urrutikoetxea-Arangureni 22-10 nagusituta

Xabi Tolosa, atzo, Labriten, Jon Mariezkurrenak errebotera bidalitako pilotakada bat eramaten. Partida bikaina egin zuten hark eta Joseba Ezkurdiak. IÑIGO URIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Partida bakarra falta da jokatzeko Binakako Txapelketako ligaxkako azken-aurreko jardunaldian: Irribarria-Rezusta eta Laso-Imaz arituko dira gaur Tafallan (Nafarroa). Lehia horrek argituko ditu kontuak azken jardunaldiari begira. Sekulako saltsa dago.

Sailkapenaren goialdean, zuzenean finalerdietako ligaxka jokatzeko lehian dauden lau bikoteetatik bik irabazi egin dute: Altuna III.a-Martijak 22-8 hartu zituzten mendean Peña II.a-Albisu, herenegun, Idiazabalen (Gipuzkoa). Aspekoek zortzigarren garaipena dute azkeneko bederatzi partidetan. Elezkano II.a-Zabaleta, berriz, 22-10 nagusitu zitzaizkien atzo Urrutikoetxea-Arangureni, Bilbon. Txakalaldia pasatuta, azkeneko bi partidak irabazi dituzte txapeldunek, nagusitasun handiz gainera. Atzo, aukerarik ez zieten eman Urrutikoetxea-Arangureni.

Gaurko partidaren zain, batzuk zein besteek urratsa egin dute zuzenean finalerdietara pasatzeko. Berdinduta daude biak, bederatzi garaipenekin, baina Altuna III.a-Martija gailendu dira elkarren arteko bi neurketatan. Dagoen parekotasuna kontuan hartuta, aintzat hartu behar dira halakoak. Baita azken jardunaldiko partidak ere. Eta, ustez, lehia samurragoa dute Elezkano II.a-Zabaletak, Jaka-Mariezkurrena II.aren kontra jokatuko baitute. Altuna III.a-Martija, ordea, aurkari zuzenen kontra ariko dira azken jardunaldian: Laso-Imazen aurka.

Laso-Imazek, beraz, beren helburu bera duten bi bikoterekin neurtuko dituzte indarrak azken bi jardunaldietan: gaur, Irribarria-Rezustarekin, eta azken partidan, Altuna III.a-Martijarekin. Irribarria-Rezustak, berriz, Laso-Imazen aurka jokatu ostean, Peña II.a-Albisuren kontra jokatuko dute koska bat beherago daude.

Azpialdean ere guztia argitzeko dago. Jardunaldi honetan gertatutakoak are gehiago estutu du dena: batetik, Ezkurdia-Tolosak atzo 22-12 irabazi izanak Jaka-Mariezkurrenari II.ari, Iruñean, eta, bestetik, Urrutikoetxea-Arangurenek eta Peña II.a-Albisuk galdu izanak. Honela dago sailkapena: Peña II.a-Albisuk bost garaipen dituzte, eta lau Ezkurdia-Tolosak,Urrutikoetxea-Arangurenek eta Jaka-Mariezkurrena II.ak. Behetik gora egin dute Aspekoek, eta horrek sekulako konfiantza eman die. Atzo bikain aritu ziren.

Azken jardunaldian, partida erabakigarria jokatuko dute elkarren aurka Ezkurdia-Tolosak eta Urrutikoetxea-Arangurenek. Irabazleak kanporaketan ariko dira ziur, eta galtzaileak Jaka-Mariezkurrena II.ak egiten dutenaren mende geratuko dira. Horiek oso neurketa zaila dute, Elezkano II.a-Zabaletaren kontra. Estu, baina garaipen bat gehiagorekin daude Peña II.a-Albisu, baina haiek ere lehia oso gogorra dute, Irribarria-Rezustaren aurka. Muturrekoa da parekotasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.