Altuna III.a 22-5 Zabaleta

Perfekzioa da botikarik onena

Altuna III.ak irabazi egin dio Zabaletari, erakustaldia emanda, eta buruz buruko finalerdietarako sailkatu da. Partida osoan agindu du, eta ia ez du behartu mindutako eskua

Jokin Altuna, pilota ezker airez astintzen, Jose Javier Zabaletaren begiradapean, atzo Donostian elkarren aurka jokatu zuten partidan. ANDONI CANELLADA /FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Iraupena. 37:41.
Pilotakadak. 148.
Saketik. Altuna III.ak sei; eta Zabaletak bi.
Egindakoak. Altuna III.ak hamazazpi;eta Zabaletak bi.
Huts egindakoak. Altuna III.ak hiru;eta Zabaletak bost.
Markagailua. 9-0; 9-1; 18-1; 18-2; 20-2; 20-5eta 22-5.
Bestelakoak. 747 ikusle Atano III.a Donostiako pilotalekuan. Apustuak doblean irten ziren Altunaren alde.

Mina esku-huskako jokoari atxikia doakion madarikazio bat da. Ehun gramoko harri kozkorrari eskuarekin emateak min ematen du, eta pilotari guztiek maitasun-gorroto harremana dute oinazearekin. Minik gabe ez dago pilotarik, are gutxiago buruz buru, eta Jokin Altunak dilema horri bueltak ematen igaro ditu azken bi asteak. Orduak egin ditu esku ahurrari begira, pilotakada biziak berekin dakarren iltze zorrotza nola kamustu pentsatzen. Berak onartu du eskuetako babes diseinu ugari probatu dituela. Esparatrapu, esponja eta polimero ingeniaritza, mina saihesteko. Babesik onena, baina, ez da ahurrean itsasten. Eskuentzako botikarik onena partidan agintzea da, eta Altuna III.ak hori aurkitu zuen atzo Labriten. Perfekzioa laztandu zuen Jose Javier Zabaletaren aurka, eta merezita sailkatu zen buruz buruko finalerdietarako. Ondo bidean, Unai Laso izango du aurkari, hark etzi erabakiko baitu jokatuko duen ala ez.

Larunbatean da finalerdia, Iruñean, eta gaur-gaurkoz Laso da zalantza bakarra, Altunak jokatuko duelako. Partida bukatu berritan ezker eskuaren autodiagnostiko baikorra egin zuen: «Ez dago partida hasieran baino okerrago. Ez zait pilota txar bakar bat ere sartu». Iragan astean Joseba Ezkurdiaren aurkako ligaxkako partida bertan behera utzi zuen, fede osoa Zabaletaren aurkako azken jardunaldiko partidan jarriz, eta apustu arriskutsua zena ondo atera zitzaion.

Apustu arriskutsua zirudien, baina atzo Atano III.ean bildutako zaleei ez zitzaien hala iruditu, trabesak nabarmen irten baitziren Altunaren alde. Hasiera garrantzitsua zen, batez ere Zabaletarentzat. Oreka behar zuen bere itxaropena hauspotu eta aurkariaren zalantzak elikatzeko. Baina ez zen halakorik egon. Atzelariak botera errestatzea erabaki zuen, eta Altunak ondo zukutu zuen. Saketik zuzenean izan ez zenean, sake errestoan egin zuen tantoa, eta berehala aurreratu zen: 9-0. 45 pilotakada soilik jo zituzten.

Dejada batek sakea bueltatu zion Zabaletari (9-1), baina ez zuen baliatu. Ilusio hutsa izan zen, Altunak 18-1eraino egin baitzion ihes ondoren. Txapeldunak erakustaldia eman zuen. Atzelari baten aurka buruz buru nola jokatu behar den azaltzeko eskuliburu bat idatzi zuen. Dena egin zuen ondo: sakatu, bigarren pilotakada baliatu, aurkaria mugitu, eta tantoa bukatu. Ezker eskua erasoan erabili zuen bakarrik, eta ia ez zuen jo hari are kalte handiagoa egiteko moduko sotamanorik.

Zabaletarentzat, aldiz, kalbario hutsa izan zen. Aldapa gora hastea zama handiegia izan zen, eta hark ere ez zituen eskuak oso ondo. Egun, buruz buruko jokoa penitentzia latza da atzelarientzat, eta atzo berriz ikusi zen. 18-2koaren ondoren, tanto pare bat egin zituen saketik, baina ez ziren nahikoa izan emaitza atontzeko. Lur jota irten zen kantxatik, pilotakada on bakar bat ere jo gabe.

Jaka-Artola kanporaketa

Atzo multzo bateko ligaxkako azken partida jokatu zen, eta gaur bestekoa, Bilbon (17:00, ETB1). Egoera berdina da, Iñaki Artolak eta Erik Jakak kanporaketa kutsuko partida jokatuko baitute. Irabazlea finalerdietarako sailkatuko da, eta Ezkurdia izango du hurrengo aurkari, gaur zortzi, Eibarren (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.