Lehengo lepotik burua

Lasok eta Imazek hirugarren partida irabazi dute jarraian Binakako Txapelketako ligaxkan: 22-16 nagusitu zaizkie Jakari eta Arangureni. Irabazleek bost garaipen dituzte, eta galtzaileek, bakarra baino ez

Unai Laso, pilota jotzear, txapelketako partida batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Unai Lasok eta Ander Imazek pattal ekin zioten Binakako Txapelketako ligaxkari: bitan besterik ez zuten irabazi aurreneko bost jardunaldietan. Koska handia falta zitzaien iaz txapeldunorde egin zituen sasoira iristeko; Laso ari zen okerren bietatik: itzalita zebilen, txinpartarik gabe. Eta, surik gabe, Laso ez da Laso. Piztuta egon beharra du bere onena emateko.

Baina badira hiru aste Laso piztu egin dela, eta horrek sekulako mesedea egin dio bikoteari. Falta zaio pixka bat oraindik, baina ari da sasoiko jartzen. Haren indarrak, oldarkortasunak eta joak, eta Imazen seriotasunak eta segurtasunak bikote benetan indartsua bilakatzen ditu; edonori irabaz diezaiokete. Azkeneko hiru jardunaldietan erakutsi dute hori: hiru partida jokatu, eta hirurak irabazi dituzte. Horri esker, jauzia eman dute sailkapenean; hirugarren dira, bost garaipenekin, Peio Etxeberriarekin eta Beñat Rezustarekin berdinduta. Bete-betean ari dira lehian zuzenean finalerdietako ligaxkara pasatzeko.

Atzo eskuratu zuten bosgarren puntua, Labriten. 22-16 hartu zituzten mendean Erik Jaka eta Aitor Aranguren. Laso eta Imaz goraka doaz. Jaka eta Aranguren, ordea, nahi eta ezin ari dira. Lehiakorrak ari dira izaten ia neurketa guztietan, eta merezi izan duten saria baino txikiagoa jaso dute: garaipen bakarra. Baina, saria jasotzeko, 22 tanto egin behar dira, eta behin bakarrik egin dute hori. Atzo galduta, oso zail dute kanporaketarako sailkatzea. Estatistikek diote gutxienez bost neurketa irabazi behar direla; beraz, balentria egin beharko lukete: hurrengo sei partidetatik lau irabaztea.

Irabaziko dituzte batzuk atzoko lehen tantoetan bezala aritzen badira. Hankapean ibili zituzten Laso eta Imaz. Gorriek egin zuten lehenbiziko tantoa, Lasok, sakez, baina hurrengo zazpiak urdinentzat izan ziren: batetik, Jakak eta Arangurenek tanto ederrak egin zituzten —atzelariak errebotera bidali zuen pilota bat—; eta, bestetik, Lasok lau huts egin zituen. Jabetu orduko, apustuak irauli egin ziren, gorritik urdinera.

Baina itzalia zebilen Laso piztu egin zen, eta tantoak egiten hasi zen. Konturatu orduko, berdindu egin zuten gorriek lehia, zortzina. Urdinak ez ziren kikildu, eta, beste estutu bat emanda, aurretik jarri ziren berriro: 9-11. Laso ez zegoen barkatzeko, eta, aspaldiko partez, aurretik jarri zituen gorriak: 13-11. Lehia estua zegoen, baina joera Lasoren eta Imazen aldekoa zen. Arangurenek dejada ederraz geldiarazi zuen gorriek partida hausteko eginiko lehen ahalegina (13-12). Gogorragoa izan zen bigarren ahalegina (16-12), baina Jaka azaldu zen orduan, partida berdintzeko, hamaseina.

Lanik zailena egin zuten urdinek: lehiari eustea. Baina unerik erabakigarrienean, huts egin zuten. Lehenbizi, Arangurenek gora bota zuen pilota; hurrengo jokaldian, Lasok sakez lortu zuen tantoa; eta, hurrengoan, Jakak txapara bidali zuen pilota; baita hurrengoan ere; eta hurrengoan, kanpora, zabalera. Bukatzeko, Arangurenek txapara bota zuen pilota. Kito. Distira handirik gabe, baina Lasok eta Imazek lehengo lepotik dute burua. Baita Jakak eta Arangurenek ere, haien zoritxarrerako.

Urrutikoetxea-Albisu nagusi

Buñuelen (Nafarroa) jokatu zen eguneko beste norgehiagoka, eta Mikel Urrutikoetxeak eta Jon Ander Albisuk 22-17 hartu zituzten mendean Jon Ander Peña eta Jon Mariezkurrena. Irabazleek laugarren garaipena dute, bigarrena jarraian. Galtzaileak, berriz, bolada txarrean daude, azkeneko lau partidak galdu baitituzte —azkenekoan, Aimar Morgaetxebarriak Mariezkurrena II.a ordezkatu zuen—. Hiru garaipen dituzte, eta haiek zehazten dute kanporaketa jokatzearen edo kanpoan geratzearen arteko muga.

Jardunaldiko azken partida jokatuko dute gaur, Bilbon: Jokin Altuna eta Xabi Tolosa, eta Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta ariko dira elkarren aurka. Elordik eta Zabaletak zazpi partidak irabazi dituzte. Altuna III.ak eta Tolosak, berriz, lau garaipen dituzte. Lehen itzulian, Elordi eta Zabaleta 22-7 nagusitu ziren, baina orduko hartan, Danel Elezkano aritu zen Altuna III.aren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.