Irauten dio sasoiak

Aitor Elordik 22-19 irabazi dio Danel Elezkanori buruz burukoaren final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan. Oso lehia gogorra izan da

Aitor Elordi pilota jotzen, eta Danel Elezkano hari begira, atzo, Labriten. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Aitor Elordik barneratua zuen ez zela arituko buruz burukoan, baina, Jose Javier Zabaletak eta Beñat Rezustak min hartu ondoren, haren alde egin zuen Aspek. Ulertzekoa zen erabakia: sasoi betean zegoen Elordi, eta konfiantzaz lepo, binakakoa irabazi eta gero. Binakakoan egin bezala, aurrenekoz ariko zen buruz buruko nagusian.

Txapelketa ia prestatu gabe jokatu zuen Mikel Urrutikoetxearen aurka final-zortzirenetan. Ez zuen sumatu prestaketa falta, eta nagusitasunez irabazi zion. «Gora egin dut binakakoa irabazi eta gero, baina badakit uneren batean behera egingo dudala. Aprobetxatu behar dut une hori iritsi arte», esan zuen final-laurdenetako ligaxka hasi bezperan.

Horretan ari da, sasoiak iraun artean aprobetxatzen. Atzo, 22-19 irabazi zion Danel Elezkanori, Labriten, eta jada garaipen bat du ligaxkan, A multzoan. Alerik ez du Elezkanok. Hura ere azken unean sartu zen buruz burukoan: Asperen atarikoa galdu zuen Peio Etxeberriaren aurka, baina bi enpresakideek izandako lesioek beste aukera bat eman zioten. Iñaki Artolari irabazi zion final-zortzirenetan, baina atzo galdu egin zuen.

Aukera izan zuen irabazteko, aurretik baitzegoen lehia azken txanpan zela: 18-19. Oso gogor zihoan partida, eta bi pilotariak boladaka ari ziren. Baina orduan jo zuen kolpe erabakigarria Elordik, lau tanto jarraian eginda. Jokin Altunak eta Unai Lasok gaur zortzi jokatuko dute A multzoko beste norgehiagoka, Bilbon.

Gaur, Joseba Ezkurdia eta Erik Jaka arituko dira Eibarren (Gipuzkoa), B multzoan. Biak ala biak aspaldi daude buruz burukoari begira. Arbizuarrak, hala ere, mina izan du bikietan. Baina osatu da.

Ostiralean jokatu zen multzo horretako aurreneko neurketa, Azkoitian (Gipuzkoa), eta Dario Gomezek 22-19 irabazi zion Peio Etxeberriari, oso lehia estuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.