Lasaitasuna edo kezka

Eibarrek Celtari irabazi behar dio gaur Ipuruan, aurkari zuzena bederatzi puntura uzteko

Jose Luis Mendilibar, pentsakor, Eibarren entrenamendu batean. G.RUBIO / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ipuruan dabil Eibar puntu gehien ateratzen sasoi honetan, 31tik 23 zaleen aurrean batu baititu. Klubean badakite mailari eusteko helburura etxeko puntuen bidetik helduko direla, eta horrek aparteko garrantzia hartuko du gaur eguerdian, Celta aurkari zuzen-zuzena delako lehia estu eta zail horretan.

Jardunaldiaren hasieran azken-laugarrengo zen, jaitsierari ihes egiten dion lehen taldearen lekuan, eta Eibarrek baino sei puntu gutxiago dauzka. Zenbakiekin eta balizko kontuekin jolasean hastea baino ez da, baina gaur etxekoek Galiziako taldeari irabaziko baliote, bederatzi puntuko koska ia erabakigarria izango litzateke armaginentzat. Hortaz, gaur irabazten badute, lasaitasunaren etxean sartuko lirateke. Aldiz, galduz gero, kezka bizi-bizi hazten hasteko aukera legoke klubean.

Datu, zenbaki eta estatistiken zaleen begiak ere distiratsu daude gaurkora begira, bai baita etxekoentzat kezkagarria den kontu bat: Eibarrek galdu egin ditu Celtaren aurkako azken bost partidak, hiru Ligakoak eta bi Kopakoak. Mamu horiek uxatze aldera, honela mintzatu zen herenegun Jose Luis Mendilibar: «Ausartak izaten garenean askoz talde hobea gara, beldurrez aritzen garenean baino».

Celta zalea da baloia jokatuta atzetik ateratzen, eta hiru erdiko atzelarirekin dabil azkenaldian. Mendilibarri hortzak zorrozten zaizkio halakoetan: «Horrela jokatzen duten taldeen aurka ondo moldatzen gara, baina gure esku egongo da gauzak ondo egitea». Jokalari egokiak aukeratu beharko ditu horretarako, eta badu non, 21eko deialdia osatu duelako; hiru utzi beharko ditu harmailetan.

EIBAR-CELTA

Eibar. Riesgo; Peña, Ramis, Arbilla, Jose Angel; Orellana, Escalante, Jordan, Cucurella; Kike eta Charles.

Celta. Ruben; Costas, Araujo,Hoedt; Mallo, Lobotka, Yokuslu, Junca; Bufal, Brais eta Maxi Gomez.

Epailea. Cuadra Fernandez.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 12:00etan (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.