Qatarko Munduko Kopa

Afrikaren garaipena

Finalerdietan sartu den Afrikako lehen selekzioa da Maroko. Frantzia ere sailkatu da, Ingalaterra garaituta

Afrikaren garaipena.
jon eskudero
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Marka egin eta markak hautsi. Balentria ederra lortu zuen atzo Marokok Qatarko Munduko Kopan, Portugal mendean hartuta (1-0). Afrikako selekzioek sekula ez zuten lortua munduko lau talderik onenetan sartzea, baina marokoarrak historian sartu ziren, kontinenteko lehenak izango baitira munduko futbol txapelketa bateko finalerdiak jokatzen. Lehenago final-laurdenetan arituak ziren Afrikako beste selekzio batzuk: Kamerun lehiatu zen 1990ean, Italian; Senegal ere bai 2002an, Korean eta Japonian jokaturiko txapelketan; eta Ghana ere final-laurdenetan aritu zen 2010ean, Hegoafrikan. Ordea, inork ez zuen eskuratu finalerdietako sailkapenik. Horretarako aukera ederra zuen atzo Marokok, eta ez zuen hutsik egin. Orain, amesten jarraitu eta finalerainoko bidea egin nahi dute afrikarrek. Frantzia menderatu beharko dute finalerdietan, hain zuzen, Ingalaterrari irabazi baitzioten frantziarrek (2-1).

Gero eta berdinduago dagoegungo futbola munduko selekzio guztien artean, eta jada ez da Europako eta Hego Amerikako taldeen kontua soilik. Berdintasunaren ispilurik garbiena da Marokoren sailkapena. Multzoen fasea lider amaitu zuen. Askok ez zioten aukera handirik ikusten final-zortzirenetan Espainiari irabazteko, baina ezustekoa eman zuten penaltietan gailenduta. Bada, hura gutxi ez, eta atzo ere erakustaldi galanta eman zuten, Portugalen aurrean. Oraindik gol bakarra sartu diete jokaturiko bost partidetan, eta fisikoki zein taktikoki oso selekzio indartsua direla azaldu dute. Gainera, eraginkorrak dira aurkariaren ate aurrean.

Ohi bezala, aurreko partidetako gidoiari eutsi zion Regragui Marokoko entrenatzaileak, eta bete-betean asmatu zuen. Lau jokalariz osaturiko bi lerro osatuta, ordena eta sendotasuna izan zituen oinarri. Hori bai, ez zuen atzean autobusa ezarri. Baloia ia gehienean Portugalek izanagatik, bururik galdu gabe jokatu zuten afrikarrek, euren arma nagusia kontraerasoa zelarik. Galtzeko beldurrez aritu ziren bi taldeak lehen zati osoan, baina Portugalek izan zituen bizpahiru aukera on, Joao Felixen bidez. Ez zuen asmatu, ordea. Bazirudien husnakoarekin helduko zirela atsedenaldira, baina 42. minutuan iritsi zen partidako gol bakarra. Erdipurdiko erdiraketa bat buruz errematatu zuen En-Nesiry aurrelariak, jauzi erraldoia egin eta baloia sareetara bidaliz.

Golak min egin zion Portugali, eta bigarren zatiari begira aldaketak egin zituen Santos entrenatzaileak. Cristiano Ronaldoren zelairatzea izan zen aipagarriena. Bada, haren ekarpenak ere ez zien balio izan. Saiakera faltan ez ziren geratu; baloi luzeen bidez zein Bruno Fernandesen kalitateari esker, Marokoren ate aurrera erraz iritsi ziren, baina ez zuten asmatu gola sartzen. Bono atezainaren lanak zerikusia izan zuen horretan; beste behin, maisuki aritu zen Sevillako atezaina. Hamar jokalarirekin amaitu zuten lehia afrikarrek, eta ondo baino hobeto jakin zuten sufritzen.

Frantzia, sufrituta

Ederki sufritu behar izan zuen Frantziak ere Ingalaterra mendean hartu eta finalerdietarako sailkatzeko. Lehen zatia goi mailakoa egin zuen Deschampsen taldeak. Erritmo bizian aritu zen atzean zein aurrean, eta Griezmannen gidaritzapean nagusi izan zen. Tchouameniren golak abantaila eman zien frantziarrei. Bigarren zatian, hori bai, gogotik aldatu ziren kontuak. Askoz oldarkorrago jokatu zuen Ingalaterrak, eta Kanek penalti puntutik ezarri zuen banakoa. Ondorengo minutuetan askoz erosoago sentitu ziren ingelesak, eta, gol aukera garbirik eduki ez arren, nagusi izan ziren jokoan.

Oso talde gaztea du Ingalaterrak, eta esperientzia falta izan zitzaion azken minutuetan. Nahi eta ezin ari zen Frantzia, baina ezerezetik gola sartu zuen berriro, 78. minutuan, Giroudek. Ordu laurden eskas zuen Ingalaterrak lehia berriz berdintzeko, eta izan zuen aukerarik. Besteak beste, Kanek beste penalti bat jaurti zuen, baina zeruetara bota zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.