Ezkurdia 22-20 Jaka

Irabaztea ohitura bat da

Ezkurdiak kostata irabazi dio Jakari finalerdi estu batean, eta bigarren aldiz sailkatu da lau eta erdiko finalerako. 17-7 aurreratu arren, gorriak ikusi ditu partida ixteko

Joseba Ezkurdia, neke aurpegiarekin, atzoko partidan eginiko azken tantoa ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Iraupena. 55.31.

Pilotakadak. 303.

Saketik. Ezkurdiak hiru eta falta bat; eta Jakak lau eta bi falta.

Markagailua. 2-0, 2-2, 4-2, 4-4, 5-4, 5-5, 12-5, 1-6, 15-6, 15-7, 17-7, 17-11, 18-11, 18-12, 19-12, 19-16, 20-16, 21-16, 21-20 eta 22-20.

Bestelakoak. 1.100 ikusle Labrit Iruñeko pilotalekuan, bete egin zen. Apustuak 100-40ri irten ziren Ezkurdiaren alde.

Irabaztea ohitura kontua dela diote. Garaipen batek besteak dakarrela atzetik, eta asko pilatzeak konfiantza puzten duela. Eta irabaztea beti posible dela barneratzen denean zailtzen dela benetako izaera lehiakorra. Joseba Ezkurdiari asko kostatu zaio hori barneratzea, baina, partida handietan amiltzen zen pilotaria izatearen estigma kendu zuenetik, harrapakari bilakatu da. Atzokoan gorriak ikusi zituen Erik Jakari irabazteko, finalerdi bikain batean, baina aurkaria behetik gora indarka zetorrenean, eta leher eginda egon arren, tanto on pare bat jokatzeko tenple egokia aurkitu zuen. Ondorioz, bigarren urtez jarraian sailkatu da lau eta erdiko finalerako. Azaroaren 17an Nafarroa Arenan arituko da, eta gaur jakingo du zeinen aurka.

Ezkurdiak eta Jakak finalerdi itogarria jokatu zuten. Erritmo bizian aritu ziren, eta, tantoak jokatu hala, ikuskizuna hobetu egin zen. Gerrikoa janzten duenean,kamikaze arimadun artista bat da Jaka. Adorea doakio zainetatik.Arriskua behar du bizitzeko, arrainak ura bezala, eta atzokoan ezusteko handia emateko zorian egon zen. Labrit dardarka jarri zuen, baina partida hasieran pilaturiko desabantailak (17-7 eta 19-12) balentria handiegia eskatzen zuen. Lizartzakoa bolada bikainean dago, Lehen Mailan tokia du, eta aukera merezi du binakako txapelketan. Enpresek entzungo ote zituzten hark atzo jasotako txaloak?

Jakak behetik gora egin behar izan bazuen, partidaren hasieran Ezkurdiak menpean hartu zuelako izan zen. Hasiera txarra izan zen eta bosnako berdinketara arte huts asko egon ziren. Ezkurdiak, baina, lehenago zuzendu zuen bidea. Oso garbi zuen nola jokatu behar zuen, eta etxetik prestaturiko gidoia bete zuen. Jakari airea kentzea zen bere plana, botera joka zezala, eta hari oinak bilatuz deseroso aritzera behartu zuen (12-5). Ezkurdiak ziztu bizian zebilen pilota; Jakak, aldiz, ezin zuen bere tokia aurkitu. Hori gutxi ez, eta sakeak mesede egin zion Ezkurdiari. Hark bi tanto egin zituen jarraian, saketik; Jakak, aldiz, bi falta partidan. Galtzaileak bederatzi huts egin zituen, eta horiek asko dira horrelako partida batean (17-7).

Ezkurdiak eskura zuen garaipena, baina Jakak ez zuen merke saltzeko asmorik. Asko kostatu zaio finalerdietara iristea, eta itxaropena zukutu zuen. Sakea berreskuratu, eta gitarra bere erritmora jotzen hasi zen. Pilotak ere higatzen hasiak ziren, eta egoki zeuden bere jokorako. Erremateen bitartez hartzen du arnasa hark, eta behetik gorako bidea hasi zuen (17-11 eta 19-16). Kalitate handiko tantoak ikusi ziren.

Ezkurdia ahal fisiko handiko pilotaria da, baina ez artista. Askotan tantoak bolea eta zangoei esker egiten ditu, eta indar asko xahutzen du bidean. Nekatuta iritsi ziren azken txanpara, eta haren arnasestuak Jakaren odol gosea puztu zuen. Ezkurdia amildegi parean zen, baina ondo erreakzionatu zuen. Atsedenak eskatzen asmatu zuen, eta burua hotz izaten. Iragan astean, aurkako 21-13koa altxatu zuen, eta, atzo, egoera oso zail bat kudeatu. Hor nabaritzen zaio irabazten ikasi duela.

Gehien behar zuenean, bi tanto on jokatu zituen. Aurrenekoa zabalean bukatu zuen, eta bestean ondo eutsi zion piloteo gogor bati (21-16). Pragmatismoz jokatu zuen, abiadura lortu nahiz. Ez zen lore jokorako eguna. Partida ez zegoen irabazita, baina suterik handiena itzali zuen. Tanto horiek, halere, ez zuten Jaka uzkurtu. Solte zebilen, katerik gabe, eta lau tanto gehiago egin zituen ausardiari esker (21-20). Ezkurdiak, baina, indar pixka bat gordea zuen, eta piloteoan agintzea lortu zuen azken tantoa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.